ATHLETIC 0-2 REAL MADRIL

Hasteko, beste kolpe bat

Athleticek galdu egin du Real Madrilen aurka San Mamesen, denboraldiko lehen partidan. Etxekoek bi huts larri egin dituzte defentsan, eta bisitariek aprobetxatu egin dituzte lehen zatian bi gol sartu, eta partida erabakita uzteko

Iñaki Williams, lurrean, burumakur, Real Madrilek lehen gola sartu eta gero. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2023ko abuztuaren 12a
23:27
Entzun

Athleticen inguruak burumakur amaitu zuen aurreko denboraldia. Azken-aurreko partidan San Mamesen aspaldi maila galduta zegoen Elxen aurka galtzeak, eta horren ondorioz bosgarren urtez jarraian Europako kluben arteko lehiaketa baterako sailkatu ez izanak aho zapore txarra utzi zuen zale zuri-gorrien artean. 

Bi hilabete eta erdi pasatu dira gau triste horretatik, beste denboraldi bat hasi da, baina taldeak zaleen aho zaporea gozatu ezinik jarraitzen du. Gaur egin zezakeen, San Mamesen denboraldiko lehen partidan Real Madrili irabazi izan balio. Edo gutxienez, garaipena lortu ez arren, itxura ona eman izan balu. Baina ez bata ez bestea. Galdu egin du Athleticek, 0-2, eta hainbestean aritu da.

Carlo Ancelottik entrenatutako taldeak lehen zatian utzi du bideratuta garaipena. 35 minututan sartu ditu partidako bi golak: Rodrygok sartu du lehena 27. minutuan, Athleticen defentsaren sendotasunik eza baliatuta; eta Bellinghamek egin du bigarrena zortzi minutu eskas geroago, korner batean, berriz ere zuri-gorrien atzealdearen huts bat aprobetxatuta. Denboraldi berria bai, baina betiko gabeziak ere bai.

Athletic nola edo hala saiatu da suspertzen, baina buruarekin baino gehiago, bihotzarekin ahalegindu da, eta horrek korrika eta presaka aritzera eraman du. Eta presak ez dira inoiz onak izaten. Halaxe izan da gaur ere.

Hala ere, etxekoek aukera izan dute jarraian jasotako bi kolpeei azkar aurre egiteko, baina epaileak ez du adierazi Militaok Unai Gomezi egindako penaltia. Hain zuzen, erdilari gaztea izan da ezusteko nagusia hasierako hamaikakoan. Valverdek hura jarri du Sanceten ordez. Horri esker, lehen aldiz aritu da lehen taldearekin partida ofizial batean. Bermeotarra saiatu da, baina ezin izan du nabarmendu. Valverdek lehen zatiaren amaieran aldatu du, eta Sancet zelairatu du. Hiru aldaketa egin ditu kolpe batean, Berenguerrek eta Guruzetak Muniain eta Nico Williams ordezkatu baitituzte. Entrenatzaile zuri-gorriak taldea esnarazi nahi zuen.

Erdizka lortu du helburua: Athleticek gora egin du, eta arrisku gehiagorekin iritsi da Real Madrilen area ingurura, baina ez da gai izan gola sartzeko. Oso gertu izan du hirutan: 71. minutuan, Alabak atepetik atera du Sancetek egindako jaurtiketa; 78.ean, Tchouamenik zapuztu du Berenguerren ahalegina; eta 90.ean, Paredesen burukada gutxigatik joan da kanpora. Bisitariek ere aukerak izan dituzte hirugarren gola sartzeko, baina Unai Simon seguru aritu da.

Ez da gol gehiagorik egon, eta Real Madril nagusitu da. Ohitura bilakatu da, Espainiako taldeak irabazi egin baititu ligan San Mamesen jokatu dituen azkeneko bost neurketak. Zortzi urte baino gehiago pasatu dira Athleticek ligan etxean Real Madrili irabazi zion azken alditik. Etsipena gailendu da berriro San Mamesen. Beste kolpe bat da. Ez da denboraldia hasteko modurik onena. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.