Asobal liga. Jacobo Cuetara. Bidasoako entrenatzailea

«Hasieran, kosta egingo zaigu; uste dut behetik gora egingo dugula»

ARRATE MORALES.
Julen Etxeberria.
2023ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Aldaketak daude urtero Bidasoako jokalarien artean. Ez, ordea, aulkian: aspalditik dago han Jacobo Cuetara (Ribadesella, Espainia, 1980); zortzigarren sasoia du.

Gaur hasiko da liga. Ondo joan da denboraldiaurrea?

Oso pozik nago egin dugun lanarekin. 23 jokalarirekin entrenatu gara; haietatik asko, gazteak. Kopuru handia da, baina ondo entrenatu gara; jokalari gutxi lesionatu dira, eta, horri esker, etenik gabe aritu gara. Partidetan, emaitza onak lortu ditugu, nahiz eta hori ez den garrantzitsuena. Uste dut hasieran kosta egingo zaigula, eta behetik gora egingo dugula.

Prest dago taldea?

Lehiatzeko heldutasuna falta zaigu. Ez gara ari nik nahiko nukeen bezain sendo; huts asko egiten ari gara, eta hori benetako lehian ordaindu egiten da. Espero dut denborarekin sendoago aritzea. Uste dut lehiakorrak izango garela.

Lehen partida Bartzelona ahalguztidunaren aurka izateak are gehiago zailtzen du egitekoa? Noiz da hobea haren aurka jokatzea, hasieran ala geroago?

Hurrengo jardunaldien arabera da hori: hurrengo jardunaldietan emaitza onak lortzen baditugu, mesede egingo digu Bartzelonaren aurka jokatu izanak, erritmoa hartzeko eta presiorik gabe aritzeko. Aldiz, hurrengo jardunaldietan emaitza txarrak lortzen baditugu, behean ikusiko dugu gure burua, eta presiopean ariko gara.

Aldaketak egon dira jokalarien artean. Taldea aldatu da?

Taldea garatuz eta aldatuz joan da ni hemen nagoenetik: azkeneko denboraldietan askoz gehiago irten gara kontraerasora. Baina gure DNAri eutsi diogu; horrek egin gaitu lehiakor. Ez da aldatu behar ondo dabilena. Jokalari askok oso barneratua dute jokamoldea, eta hori aprobetxatu egin behar dugu. Azken urteetan jokalari oso garrantzitsuak joan dira: Azkue, Kauldi... Beste guztion artean atera behar dugu hau aurrera.

Nola egokitu dira fitxaketak?

Ondo. Aldaketa deigarriak izan dira, baina kopuruz ez dira asko. Pena izan da Tito [Garcia] lesionatu eta sasoiaurre erdia galdu izana. Fitxaketa onak dira: gazteak eta etorkizun onekoak. Esteban [Salinas], aldiz, badirudi ez dela inoiz joan: sistema guztiak menperatzen ditu. Hori gutxi ez, eta eskarmentu gehiago dauka; asko emango digu pistan eta kanpoan.

Ez zarete ariko Europan. Zer du ona, eta zer txarra?

Ona du partidak hobeto prestatuko ditugula; urteak daramatzagu guk baino partida gutxiago jokatzen dituzten taldeekin lehiatzen, eta karga hori ez izatea abantaila da. Hala ere, talde gutxi ariko dira Europan; antzeko baldintzetan ariko gara gehienak. Aldiz, txarra da Europan ez aritzea, lehiatzeko erritmoa ematen dizulako, baita guztiei minutuak emateko aukera ere. Hori gabe geratuko gara.

Zein da helburua?

Ahalik eta goren egotea. Azken bost denboraldietan ez dugu liga bukatu laugarren postutik behera, eta hori oso garrantzitsua da taldearentzat eta klubarentzat: oso jokalari gutxi geratzen dira 2019an bigarren izan zen talde hartatik, eta, hala ere, goian gaude oraindik ere. Horrek sendotasuna erakusten du.

Zer itxura du ligak?

Nire ustez, inoiz baino parekatuagoa egongo da; adibidez, Europarako sailkatu nahi dugun taldeen arteko lehia. Ez dira horrenbeste puntu batuko. Ea guk ahalik eta gehien lortzen ditugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.