«Aurretik liga ezagutzen zuten jokalariak bilatu ditugu merkatuan»
Azu Muguruza IDK Gipuzkoako entrenatzailea
Aldaketa askoko uda izan da IDK Gipuzkoarentzat. Azken sasoi arrakastatsuetako blokeari eustea ezinezkoa izan da, eta hainbat jokalarik kanpoko eskaintza hobeak onartu dituzte —Iva Brkic eta Lyndra Weaver, esaterako, Ciudad de los Adelantados igo berri den taldera joan dira—. Azu Muguruzak (Donostia, 1968) ordu asko egin behar izan ditu merkatua arakatzen, bideoak ikusi eta telefono deiak egiten, eta «pozik» dago osaturiko multzoarekin. «Aurretik liga ezagutzen zuten jokalarien bila ibili gara. Jokalari asko aldatu behar badituzu, bertute garrantzitsua da hori. Hasi berriek egokitzapen prozesua behar izaten dute, eta hori saihestu nahi nuen». IDK-k, izan ere, talde erdia baino gehiago aldatu du. Bederatzi jokalariko multzo batekin ibiliko da Muguruza, eta bost berriak dira.
Ariel Edwards, Laura Garcia, Marita Davydova, Mehryn Kraker eta Snezana Aleksic dira berriak, eta bostak aurretik Espainiako Ligan aritutakoak dira. Edwards ezaguna da euskal saskibaloian, iragan sasoian Araskin aritu baitzen, eta ligako saskiratzaile nagusia izan zen. «Liga estua espero dut», aurreratu du Muguruzak, «eta partida amaiera estuak ondo kudeatzen dituzten jokalariak bilatu ditut. Une horietan nabaritzen da eskarmentua».
IDK-k langa altu jarri du azken hiru urteetan. Hiruretan seigarren postuan bukatu du liga, eta titulurako kanporaketak jokatu ditu. Sasoi honetan, beraz, hori da helburua? Muguruza zuhur mintzo da. «Egia da azken urteetan gora egin dugula, baina oraindik ez dakit lehiaketa hasten denean zer maila emango duen talde honek. Hori ikusteko irrikan nago, ligan zer maila ematen dugun. Aurkariak nola dauden ere ikusi behar da. Goizegi da esateko hor goian egon ahal izango garen edo ez». Hamalau talde daude ligan, eta lehen zortziak sailkatzen dira kanporaketetarako.
Donostiako taldeak gaur jokatuko du lehen partida, Quesos El Pastorren aurka, Zaragozan, lehen jardunaldi bateratuan (20:45). Muguruza «lasai» dago; 26 urte daramatza aulkian, eta begi ona du. «Denboraldi-aurrea ondo joan da. Eskertuko nuke astebete gehiago, baina gauza batzuk lehiatuz har daitezke bakarrik. Iragan sasoitik zeuden jokalariek eta Iulene Olabarriak, erretiroa hartu arren gurean jarraitu duenak, asko erraztu dute berrien lurreratze prozesua». Ilusioz hasiko dira, baina arantza batekin: Europari uko egin izana. Muguruzak ez dizkio buelta asko eman nahi gaiari: «Babesle bat behar genuen, eta ez genuen lortu. Gaur egungo egoeran, eta multzo honekin, ez litzateke zuhurra Europan jokatzea. Tamalez, horrela da».
«Sailkapeneko bigarren koskan egon nahi dugu, baina zaila izango da»
Mario Lopez Lointek Gernikako entrenatzailea
Hirugarren urtez jarraian, Lointek Gernikak Eurokopako eta ligako jarduna uztartu beharko du sasoi honetan. Horrek, baina, ez du arduratzen Mario Lopez (Gernika, Bizkaia, 1967). «Iragan sasoian, Europan aritu ginen bitartean, oso ondo aritu ginen ligan. Sasoia bukatzeko bederatzi jardunaldi falta zirela, lehen postuan geunden. Europak kalte edo mesede egiten duen emaitzek esaten dute». Azken bi sasoietan bosgarren izan da Gernika, euskal talderik onena. Berriz ere postu horren inguruan egotea da asmoa. «Langa iragan sasoiak jarri digu. Girona eta Perfumerias Avenida koska bat gorago daude, eta, ondoren, Valentzia eta Tenerife. Guk hor egon nahi dugu, baina ez da erraza izango. Are gehiago: deskuidatuz gero, ez jaisteko borrokan sar gaitezke». Hori ligan; eta Eurokopan? «Lehen multzoa pasatzea. Pefumerias egongo da lehen postuan, eta bigarrena Gyori eta gure artean erabakiko da. Gerokoak? Gero». Iragan sasoian, final-zortzirenetarako sailkatzeko zorian egon zen.
Gustura dago eginiko taldearekin, besteak beste 11 jokalari izango dituelako, iragan sasoian baino bat gehiago. Lesioren bat izan zuenean, taldeak asko nabaritu zuen, eta horregatik luzatu du taldea. Bost jokalari berri ditu: Gaby Ocete, Belen Arrojo, Julie Wojta, Nikolina Mili c eta Nogaye Lo. Asko garaiak dira; merkatuan nahita ibili dira zentimetroen bila. «Talde polita osatu dugula iruditzen zait. Berriek lan handia egin dute denboraldi-aurrean». Jokalari bat falta zaio oraindik, baina: Blake Dietrick. «Iragan sasoian gurekin egon zen, eta herenegun itzuli zen WNBAtik. Han sasoi gogorra izan du, ia ez du jokatu, eta berriz ere jokalari sentitzeko gogoz dago». Denboraldi-aurrea ez egin arren, ligako lehen partidarako egongo da, bihar, Al-Qazeresen aurka, Zaragozan (18:00). Joan den denboraldian, partidako hamahiru puntu sartu zituen ligan, eta Lopezek eskertuko du haren laguntza.
Pozik dago taldearekin, baina entrenatzaile guztiek bezala, zer hobetua ikusten du. Euskal Kopako finalean ez zuen atera ondorio on askorik. «Erasoan argi jokatzea kosta egin zitzaigun, bigarren zatian bereziki. Zuzenketa batzuk egin behar ditugu jokoan arazo horiek konpontzeko». Beste arlo bat fisikoa izan zen. «Araski gure gainetik egon zen. Freskoago aritu zen errebotean eta jaberik gabeko baloietan. Kontratu kontuak direla eta, lau asteko denboraldi-aurrea egin dugu, eta nabaritzen da». Uste du nekeak eta lesioek taldearengan eragina izan zutela iragan sasoi amaieran, eta, besteak beste, horregatik ere atzeratu zuen hasiera.
«Entrenamenduetan, gozatzen ari naiz; plazera da talde hau zuzentzea»
Madelen Urieta RPK Araskiko entrenatzailea
Poza agerikoa du Madelen Urietak (Amurrio, Araba, 1981) denboraldi-aurreaz hitz egiten duenean. «Oso-oso pozik nago, benetan diot. Entrenamenduetan, gozatzen ari naiz. Jokalariei behin baino gehiagotan esan diet plazera dela talde honen entrenatzaile izatea». Ez da gutxiagorako: ikustekoa izan zen Euskal Kopan izan zuten jarrera, eta, iristeko dagoen jokalari estatubatuarra falta izan arren, Gernikaren aurka irabazi zuten. «Multzo lehiakorra dela ikusi nuen, eta ea fitxaketa hori egitean beste pauso bat ematen dugun. Hori bai, egokia aurkitu nahi dugu; ez dugu hutsune bat betetzeagatik fitxatu nahi». Abuzturen 26tik ari dira ahal fisikoko hegal-pibot baten bila, eta ez da lehen jardunaldirako egongo —bihar jokatuko du Bembibreren aurka, Zaragozan—.
Hutsunea handia da, baina Urieta ez dago itsututa harekin. «Gauzarik onena osatu dugun giza taldea da. Hasieratik, jokalarien arteko harremana oso ona izan da. Ez dut ezer egin behar izan giro ona lortzeko: berez sortu da. Eskarmentuak erakutsi dit hori oso garrantzitsua dela, batez ere emaitza txarren ondoren». Kimika hori berez sortzen da, baina, merkatura jotzean, jokalarien izaerari asko begiratzen diote Araskin. «Konpromisoa duten jokalariak nahi izaten ditut». Eta konpromisoa aipatzean, fitxatuetako bat nabarmendu behar da: Maria Asurmendi nafarra. «Sekulako lasaitasuna ematen dit. Pasadizo bat: Euskal Kopako finalean, zuzenketa bat agindu behar nuen, eta, ordurako, Asurmendik egina zuen pistan. Horrelako jokalari bat erakarri izanak oso ondo hitz egiten du klubaz. Hori bai, orain Perfumeriasera joan aurretik zuen lider rola berreskuratu beharko du».
Asurmendiz gain, Laura Quevedo, Tamara Seda, Raquel Carrera eta Tania Parez fitxatu ditu Araskik, guztiak ligako beste talde batzuetatik. Urietak diseinaturiko taldea da, eta badaki zein diren gabeziak eta bertuteak. «Beste talde batzuk baino gihar gutxiago dugu, eta azken fitxaketak gabezia hori betetzeko balio izan behar du. Bestalde, talentua dugu, eta taldean oso ondo jokatzen duten jokalariak». Eta hori guztia, zertarako? Iragan sasoian zazpigarren izan zen Araski. «Ni gora begiratu zalea naiz, baina denboraldi oso gogorra izango da. Hasieratik zuloan egongo den talderik ez dut espero. Igo berriak asko indartu dira. Oreka handia egongo da, eta xehetasun txikiek pisu handia izango dute. Guretzat etxeko partidak oso garrantzitsuak izango dira, eta zaleen babesa beharko dugu». Bide onetik doa, Araskik iragan sasoiko abonatu kopurua handitu baitu.
Saskibaloia. Ligaren hasiera
Hasieran behintzat, gora begira
Gaur hasiko da Espainiako liga, Zaragozan jokatuko den jardunaldi bateratuarekin, eta hiru euskal taldeek kanporaketak dauzkate begiz jota. IDK-k Quesos du gaur aurkari, eta Gernikak, Al-Qazeres. Araskik bihar jokatuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu