Kutxabank Araskiko jokalaria

Txell Alarcon: «Hasiera txar hura gabe, agian orain ez ginateke hain ondo egongo»

Araskik ligako lehen bost partidak galdu zituen, baina jada zazpi irabazi ditu. Alarconek azaldu du «ilusioz» helduko diotela biharko IDKren kontrako derbiari (12:00, ETB1).

(ID_13483087) (Raul Bogajo/@FOKU) 2024-01-10, Gasteiz. Txell Alarcon, Araskiko jokalaria
RAUL BOGAJO / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko urtarrilaren 13a
05:10
Entzun

Bigarren denboraldia du Kutxabank Araskin Txell Alarcon hegalekoak (Bartzelona, 2003). Jokalari gaztea da, baina eskarmentua duen baten gisa hitz egiten du. Hasieratik egin zuen bat Gasteizko taldearen proiektuaren balioekin. «Oso gustura eta eroso nago hemen. Lehendik hemen geundenak Araskiren DNA helarazten saiatzen ari gara iritsi berriei», berretsi du. 

Gironaren aurka garaipen handia lortu zenuten. Taldea ilusio handiz egongo da biharko derbiari heltzeko, ezta?

Dudarik gabe; are gehiago derbi bat izanda. Oso ondo entrenatu gara aste honetan, eta gogo handiz gaude. Aurreko sasoian irabazi egin genuen Donostian, eta ea berriz irabazten dugun. 

Azken bi partidak galdu arren, IDK Euskotren denboraldi oso ona egiten ari da. Bederatzi garaipen ditu, zuek baino bi gehiago, eta Espainiako Koparako sailkatu da. Nola egingo diozue aurre?

Uztaipean sendo aritu behar dugu, eta errebotea ondo zaindu. Izan ere, haiek oso ondo baliatzen dituzte bigarren aukerak. Horrekin batera, partidako une erabakigarrietan, haien jaurtitzaileak ausart aritzen dira. Aurreko sasoian zama hori Mariak [Españak] hartzen zuen. Betidanik oso gustuko izan dudan jokalaria da. Denboraldi honetan, ordea, jokalari gehiago dituzte horretarako gai direnak: [Erin] Whalen, adibidez. Gertutik zaindu beharko ditugu. 

Ligako lehen bost partidak galdu eta gero, sinatuko zenuketen orain zaudeten bezala egotea, ezta?

Zazpi garaipen ditugu, eta horiek lortzeko asko borrokatu behar behar izan dugu. Agian beranduegi iritsi dira, gutxigatik ez baikara Koparako sailkatu. Baina oso pozik gaude. Galdu arren, orduan ere oso ondo ari ginen lanean egunerokoan. Taldeak denboraldiaurre oso ona egin zuen, eta berehala egokitu zen. Horren fruituak jasotzen ari gara orain. Espero dugu hala jarraitzea.

Zein izan da hasiera txar hari buelta emateko gakoa?

Bi aipatuko nituzke. Batetik, defentsan gero eta hobeto aritu gara. Hori erabakigarria izan da. Kontrarioa edozein zela, defentsan sendo aritu garen partidak irabazi egin ditugu. Bestalde, psikologikoki ondo eutsi genion une zail haietan. Halakoetan ez da erraza. Izan ere, egunerokoan ondo entrenatu eta asteburuan galtzeak frustratu egiten zaitu. Baina, hasiera txar hura gabe, agian orain ez ginateke hain ondo egongo, egoera zailetatik asko ikasten baita. Gogorrago egiten zaitu, eta gehiago borrokatzera eta sinestera behartzen zaitu. Aurreko asteburuko garaipenaren gakoa hori izan zen: sinestea eta borrokatzea. Hori egin ez bagenu, ez genion irabaziko Girona bezalako talde bati. Are gutxiago emaitza iraulita. Horrek asko esaten du taldearen izaeraren inguruan, eta asko ematen digu. Talde bat izan ginen arlo guztietan. Bestalde, eskertzekoa da une zail haietan Maddek [Urieta, entrenatzailea] eta zuzendaritzak izan zuten pazientzia, ez baita ohikoa. Baina erakusten du proiektua sendoa dela, eta denek garbi dituztela gauzak. Maddek berak, entrenamendu bakoitzaren ostean, zoriondu egiten gintuen.

«Eskertzekoa da une zail haietan Madde Urietak eta zuzendaritzak izan zuten pazientzia, ez baita ohikoa. Horrek erakusten du proiektua sendoa dela»

Azkenean ez zarete Espainiako Koparako sailkatu. Horren arantzarik geratu zaizue?

Hain gaizki hasita, bagenekien oso zaila izango zela. Baina pena pixka bat eman digu, Ensinorekin eta Ferrolekin lehian aritu baikara azkenera arte. Etxean jokatu genuen bien aurka, eta irabaziz gero barruan geunden. Irabazteko moduko partidak ziren, baina ez genuen asmatu. Pena dugu, aurreko sasoian jokatu genuelako, eta txapelketa hori jokatzea ederra baita, bai guretzat, baita zaleentzat ere. Baina ezin dugu horretan pentsatu, erronka politak ditugu-eta aurrean. 

Ensinoren eta Ferrolen aurkako norgehiagokak galdu egin zenituzten. Baina irabazitakoen artean, zein izan da zuretzat osoena edo onena?

Gironan eta Gernikan irabazitakoak. Gironakoa defentsan egin dugun partidarik onena izan zen. Mugarri izan zen arlo horretan izan dugun hobekuntzan. Gernikan irabaztea, berriz, beti da zaila. Balio handia ematen diot.

Tekniko-taktikoki, taldeak urrats bat egin zuen lehen neurketa haien ostean, ezta?

Bai, arlo horretan taldea gero eta aberatsagoa da, eta haziz joan da. Partidaren bilakaeraren arabera, tresna eta aukera gehiago ditugu jokatzerakoan. Tresna eta aukera horietako asko hasiera txar hartan landuak ziren. Bigarren itzuli honi begira, defentsan hobetzen jarraitu behar dugu. Erasoan, berriz, patxada eta lasaitasun handiagoz jokatu behar dugu, erabaki onak hartzeko. Erregularragoak izatea ere funtsekoa izango da. Partidetara adiago atera behar dugu, eta atsedenalditik bueltan ere hobeto aritu. Ezin dugu lo hartu. Oinak lurrean izan behar ditugu, eta argi dugu bizpahiru partida segidan galduta behean egon gaitezkeela berriz. Dena den, ni baikor nago. Taldea dinamika onean ikusten dut, eta uste dut gai garela bigarren itzuli hobeago bat egiteko. 

«Bigarren itzuliari begira, defentsan hobetzen jarraitu behar dugu. Erasoan, berriz, pazientzia handiagoz jokatu behar dugu, erabaki onak hartzeko»

Tanaya Atkinson eta Maria Asurmendi ez daude taldean. Aurreko sasoian jokalari erabakigarriak izan ziren. Asko nabaritu duzue haiek joan izana?

Argi dago Tanaya funtsezko jokalaria zela guretzat. Ligako hegaleko onenetakoa da, eta edozein taldek nabarituko luke hura ez egotea. Baina haren ordez Marta Hermida eta Samantha Hill etorri ziren. Jokalari bizkorrak eta biziak dira, eta lan bikaina egiten ari dira. Bestalde, Mariak eskarmentu handia zuen, eta asko ematen zigun bai pistan, baita hortik kanpo ere. Baina hemen geundenek aurrerapauso bat eman dugula uste dut, eta iritsi berriei Araskiren DNA zein den azaltzen eta helarazten saiatu gara hasieratik. 

Min hartuta hasi zenuen denboraldia, baina pixkanaka ari zara minutuak pilatzen. Nola zaude?

Ez da erraza denboraldia min hartuta hastea, taldea orduan ari baita egokitzen. Horren ondorioz, lehen partidetan kostatu egin zitzaidan taldearen dinamikan sartzea. Baina orain eroso nago, nahiz eta jokatzeko era desberdina izan. Hazten eta ikasten jarraitu nahi dut sasoi honetan, eta ardura gehiago hartu nahi ditut. Hori eskatzen dit Maddek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.