Hasiera emateko, txapelketa

Gipuzkoako Traineru Txapelketa etzi jokatuko dute, Donostian (11:00), eta uda inguruko lehen estropada ofiziala izango da. TKEko klubek eskatu dute ohi baino lehen izatea

Aitor Manterola Garate.
2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Ateratzen zituzten garai batean egutegi txikiak udako traineru estropadekin. Eskuan eramateko horietakoak, eta eskura. Nekez azalduko da Gipuzkoako Txapelketa lehen estropada moduan, ekainaren 13 batean. Ba, aurten horrela izango da, eta lurralde horretako txapelketak askatuko du traineruen estropada ofizialen estatxa uda inguruan. Donostian jokatuko dute, etzi (11:00), hiru mailatan banatuta eta hurrenkera honetan: beteranoak lehendabizi, senior gizonezkoak ondoren, eta emakumezkoak bukatzeko.

Zazpi txandatan banatuta, 25 traineru aterako dira uretara, eta bada berrikuntzarik iazkotik: Ilunbek trainerua berreskuratu du gizonezkoetan, eta Zarautzek beste horrenbeste egin du emakumezkoetan. Kaleen zozketa gaur egingo dute, federazioaren egoitzan, 19:30ean.

Egutegian lurraldeko txapelketa nola aurreratu den jakiteko, Traineruen Kluben Elkarteko klubetara jo behar da. Haiek proposatu zuten txapelketa guztiak—lurraldeetakoak, Euskadikoa eta Espainiakoa— ligak hasi aurretik jokatzea, baina soilik Gipuzkoako Federazioko batzarrak —klubek— eman zioten baiezkoa.Bizkaian, zuzendaritzak ez du jaso proposamen zehatzik batzar batean gai hori lantzeko, federazioak azaldu duenez. Kontuak kontu, Gipuzkoako Txapelketa bakarrik izango da ekainean, eta haien nahia beste txapelketak aurreratzea bazen ere, aldatu duten bakarrak izatearekin aurrera egin dute. Bizkaikoa uztailaren 14an, Euskadikoa hil horretako 21ean, eta Espainiakoa hileko azken egunean eta abuztuaren 1ean —Euskolabel, Euskotren eta KAE 1 ligetako estropadak ere badaude—.

Gipuzkoako Txapelketa aurreratzearekin batera, beste berrikuntza bat ere izango da: emakumezkoen estropada jokatzen azkena izango da. Orain arte, gizonezkoena izaten zen egunekoa burutzen zuena. Berdintasunaren bidean pauso bat emateko asmotan hartu du erabakia federazioak, bertatik aditzera eman dutenez, «pixkanaka» gauzak aldatu nahian.

Bulegoetatik uretara pasatuko da estropada etzi, eta ez da edozein izango, txapelketek bai baitute berea. Mikel Orbañanos Hondarribia taldearen entrenatzailearentzat, «denboraldi-aurreko estropada dela ezin da ukatu, baina garrantzia emango diogu guk». Onartu du «ilusio berezia» eragiten diela. Hori bai, Euskolabel ligaren hasierara begira dauka taldea, eta uztailaren 3ra ahalik eta ondoen heltzea du helburu: «Horregatik, prestakuntzako bidean ez dugu ezer aldatu igandekoagatik». Egutegian estropada aurreratzearekin ados da oriotarra: «Uztailean aste barruan izanda, asko betetzen zitzaigun egutegia taldeei, eta ondo dator aldaketa uda sasoi horretan estropada kopurua gutxitu ahal izateko».

Iritzi bertsua dauka Mikel Arostegi San Pedroko entrenatzaileak: «Aste barruan izanda, lanetik presaka atera beharrean edo jai hartu beharrean ibiltzen ginen. Orain, lasaiago». KAE1 ligako taldea izanik, bihar zortzi hasiko du liga San Pedrok, eta etzikoa ondo datorkio test moduan: «Bihar Ondarroan ere ariko gara —test estropada bat—, eta etzi, Donostian. Ondo etorriko zaiguaurkarien aldean non eta nola gauden neurtzeko».

«Propio ez dugu prestatu»

Arostegik esandako gauza bera esan du Tayde Gomez de Segura Orioko arraunlariak, aurkarien alboan jarri eta bakoitza zertan den ikusteko kontuaz ari denean. Bestelakoan, garbi du zer den igandekoa: «Denboraldi-aurreko estropada bat da, baina aldi berean, txapelketa. Hasteko gogoz gaude, bada-eta ordua lehia ofizialari ekiteko». Euskotren liga Euskolabel bezala hasiko da, uztailaren 3an, Coruñan (Galizia).

Etzikoa iristeko gogoz egonagatik, Orioko arraunlariak garbi esan du ez dutela ezer berezirik egin astean lurraldeko txapelketa prestatzeko: «Ez gara ari propio prestatzen igandekoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.