Aritz Elustondok (Beasain, Gipuzkoa, 1994) bere larruan bizi izan du Realaren azken urteetako goraldia. Jokalari gisa hazi den heinean suspertu da taldea, garaikur esanguratsu bat lortzeraino: Espainiako Kopa. Gaur, gainera, zaleei eskainiko diete, Mallorcaren aurkako partidan (21:00, Movistar). Halako gehiago lortzea haien ametsetako bat ei da: «Baina, horretarako, lana egin behar da».
Orain artekoaz zer hausnarketa egin duzu?
Balorazioa ona da. Egia da ez dugula ezer egin, hasiera besterik ez delako, baina sentipenak onak dira. Partida dezente jokatu ditugu; ostegunetan eta igandeetan jokatzea ez da erraza, eta partida exijenteak izan dira, gainera.
Espero al zenuten lehen zortzi jardunaldiak igarota lehenak adina puntu edukitzea?
Gure asmoa zelaira irabaztera ateratzea da, beti. Lehen jardunaldian, munduko okerrenak ginela zirudien [Realak 4-2 galdu zuen Bartzelonaren kontra], eta orain ematen du munduko onenak garela. Ez bat, eta ez bestea. Gu egunero asmo berarekin aritzen gara: ondo entrenatzea, entrenatzaileak eskatzen dizkigun kontzeptuak barneratzea eta asteburuan horiek zelaian islatzea. Ez dugu erotu behar lehen postukoekin berdinduta gaudelako, baina balorazioa ona da.
Zertan asmatu duzue?
Lehen Mailan kosta egiten da irabaztea. Ematen du ohituta gaudela gol diferentzia handiko partidak irabaztera, baina ez da hala. Etxeko lehen bi garaipenak1-0eko emaitzarekin izan dira. Gakoa izan da aurkariek gol aukera gutxi izan dituztela, eta guk izan ditugunak sartu egin ditugula. Horrela, garaipenetik gertuago egoten da. Azken partidetan, agian, egia da galtzen hasi ondotik buelta emateko gai izan garela. Adibidez, Granadan eta Getafen.
Atzealdeko segurtasuna aipatu duzu. Zein da gakoa?
Nik dakidana da 11 lagunek defendatzen dugula. Gure jokatzeko estiloa aurrean presioa egitea da. Konbentzituta baldin bagaude baloia han lapurtu dezakegula, kontrarioaren areatik gertu, asko egiten dugu. Gero, baloia edukitzea asko gustatzen zaigu. Gurean, 11 lagunek defendatzen dugu, eta 11k eraso egin.
Mallorca izango duzue gaurko aurkari, etxean. Jauzia egiteko aukera paregabea al da?
Lehen Mailan kosta egiten da irabaztea, baina hiru puntuen bila aterako gara, gure estiloarekin; presioa egin, baloia lapurtu, eta hura ahalik eta gehien eduki.
Estiloa izan duzu hizpide. Jokatzeko era ondo finkatuta daukazue, ezta?
Baietz uste dut. Imanolekin [Alguacil entrenatzailea] denboraldiaurretik hasi garen hirugarren urtea da jada, eta dena nahiko argi dugu. Horixe da bidea: geroz eta argiago ditugu gauzak. Uste dut ez dugula estilo bakarra. Egia da ohiko era erakargarria izango dela, baina beste estiloetara moldatzeko gai gara. Ikusi da partida batzuk beste estilo batzuetan jokatu ditugula, eta ez zaigula kostatzen.
Sasoiaren hasieran, Europa jotzen zen helburutzat. Orain, Txapeldunen Liga?
Nire ustez, hasiera besterik ez da. Esandakoa: nahiz eta Real Madrilekin eta Atletico Madrilekin berdinduta egon, ez dugu ezer egin. Badakigu nondik gatozen, zenbat kostatzen den irabaztea. Iaz ere antzeko postuetan geunden garai honetan, eta gero begira zenbat kostatu zitzaigun Europan sartzea. Azken bi urteetan azken jardunaldian lortu dugu. Ondo gaude, hau da bidea, baina ez dugu erotu behar.
Beraz, alferrik da liga irabazteaz galdetzea?
Argi dago helburua aurreko urtekoa hobetzea baldin bada... Esandakoa, erotu gabe. Uste dut lehen lauen eta gainontzekoen artean alde handia dagoela, eta beste talde asko ondo indartu direla: Vila-real, Betis, Celta nahiz eta orain ondo egon ez, Athletic ere ondo hasi da… Talde asko daude goiko postuetarako. Bolada txarra izatean ahalik eta azkarren buelta ematea da helburua, eta ea hemendik hilabete batzuetara non gauden.
Lesio asko izan dituzuen arren mailari eutsi izanak balioa gehitzen al dio sasoi hasierari?
Ezin dugu jarri aitzakiarik. Lesioak ere futbolaren parte dira. Hutsune asko izan ditugu, baina ematen du Sansetik [Reala B] igotzen diren guztiek urteak daramatzatela Lehen Mailan. Asko laguntzen ari dira, eta gozamena da hori.
Lesio kopuruaren inguruko azterketarik egin al duzue talde barruan?
Ez dakit zein izango den zergatia. Asteburuan ateratzen garen moduan ateratzeko, aste barruan ere halaxe entrenatzen dugu. Orduan, aukera gehiago daude min hartzeko. Ni ez naiz espezialista, eta ez dakit zergatia zein den. Espero dut denak ahalik eta azkarren osatzea.
Orain gutxi, Imanolek esan zuen bigarren taldekoak «atea jotzen ez, atea botatzen» ari direla. Nabari duzue hori?
Bai. Aste barruan dezente aritu izan dira gurekin, eta igartzen da haien beharra dugula. Uste dut haiek oso argi dituztela kontzeptuak, behetik ondo erakutsita etortzen direla, eta entrenatzaileak eskatzen dienaz badakite. Haiek ere asko jokatzen dute: badakite jauzia ematekotan daudela, eta hori ikusi egiten da.
Zubietan hezitako jokalari asko zaudete. Harrobiaren balioa agerikoa da.
Realaren filosofia harrobitik ahalik eta jokalari gehien ateratzea da, baina azken urteetan fitxaketekin asko asmatzen ari dira, eta fitxaketak pixkanaka etxeko sentitzen ari dira. Horrek zerikusia izan dezake gure izateko moduarekin. Reala asmatzen ari da: bai etxetik ateratzen direnekin, baitakanpotik datozenekin ere. Hobetzeko plusa ematen digute haiek.
Datorren ostegunean, Europa ligako partida duzue, Grazen (Austria). Zer deritzozu?
Merezimenduak egin ditugu bai irabazteko eta bai galtzeko. Agian, Monakoren aurkakoan izan genuen gehiago merezi genuelako sentipena, baina ez bada asmatzen, berdinketarekin konformatu beharko da. Hasieran, bi zailenak igaro ditugu, eta orain Austriara goaz. Engainagarria da: nahiz eta maila txikiagoa duela esaten duten, gero hara joan beharra dago, eta han jokatu. Faktore asko daude tartean. Badakigu, nahitaez irabazi beharra dugula txapelketan aurrera segitzekotan, eta horretan saiatuko gara.
Sturm Grazen aurkako sei puntuak beharrezkoak al dira?
Ez dugu erotu behar lortzen ez baditugu, baina aurrerapauso bat emango genuke sei puntu horiekin. Baina, lehenbizi, Mallorca. Gero iritsiko dira beste partidak.
Ingalaterrako agerkari batek Reala sartu du txapelketa irabazteko bost hautagaien zerrendan.
Lehenik, ligaxka gainditu behar dugu. Datu horrek ondo hitz egiten du Realaz. Eguneroko lanean zentratu behar dugu. Hori ondo eginda, urrunago iritsiko gara txapelketa guztietan. Oraintxe bertan, zaila da esatea hautagai garen.
Eguneroko lanean antzematen al da bilakaera on hori?
Hori da helburua: emaitzak eguneroko lanarengatik lortzen dira. Gure ideia beti bera da; bai presidenteak [Jokin Aperribai], bai Roberto Olabek [futbol zuzendariak], bai entrenatzaileak, oso argi uzten dizkigute gauzak, eta horiek egiten saiatzen gara. Bilakaera urteak igaro ahala ikusi da.
Gaur Kopako garaikurra eskainiko diezue zaleei.
Nik uste halako tituluek Realari garrantzia ematen diotela. Baten bat etortzekotan, denean ikus dezala orain gutxi garaikurra lortu dugula, hor goian gabiltzala... Horrek ere zerikusia badu. Berriz lortzeko aukera izango dugu? Ikusiko dugu. Oso zaila da, baina inoiz ez diogu utziko amesteari.
Realean egoteko pizgarri bat da garaikurrerako lehian egotea?
Oso zaila da; zaila da Lehen Mailan partida bat irabaztea, garaikur bat zer esanik ez. Konturatu gara gai garela, ordea. Aurrez 34 urte igaro ziren [gizonezkoetan]. Ederra litzateke hainbeste denbora igaro behar ez izatea. Gure ametsetan sartzen den zerbait da; ez gara konformatzen bakarrarekin.
Zeu zer moduz ari zara?
Ondo, gustura. Azken bi urteak ez dut esango txarrak izan direnik, jokatu ahal izan dudanean jokatu dudalako, baina lesio dezente izan ditut. Orain ondo nago, erabat ahaztuta ditut lesioak, eta gogotsu nago behingoz bolada luzez ondo egoteko, entrenatzailearentzat prest.
Orain artean, ia dena jokatu duzu, eta bi gol egin dituzu.
Nire helburua defendatzea izaten da beti, baina geldikako jokaldietan igotzen naiz, eta gola eginda taldeari laguntzeko aukera badut, horretan saiatzen naiz. Partida berean bi gol sartzea burutik pasatu ere ez zitzaidan egiten, egia esan.
Aritz Elustondo. Realeko jokalaria
«Hasiera da, ez dugu ezer egin, baina sentipenak onak dira»
Zuhurtzia lege, Aritz Elustondok partidaz partida zizelkatu nahi du Realaren aldi oparoa. Beasaindarrak dio eguneroko lan ona dela helburuak lortzeko biderik eraginkorrena: «Zaila da Lehen Mailan irabaztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu