Hasiberriaren patxada

Jon Moncayola indarrez iritsi da Osasunaren lehen taldera. Ligako lehen partidan egin zuen debuta, eta, geroztik, lehia guztiak jokatu ditu. Oreka eta zentzua eman dizkio jokoari.

Jon Moncayola, baloia jotzen, Leganesen aurkako partidan. Lehia horretan egin zuen estreinakoa. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Gaztea da, baina ez herabea. Eskarmentua falta zaio, baina soseguz jokatzen du. Halakoa da Jon Moncayola (Garinoain, Nafarroa, 1998), Taxoareko harrobitik ateratako azken harribitxia. 21 urte eskas ditu, baina kolpean egin du jauzi Hirugarren Mailatik Lehen Mailara, eta kolpean egokitu da. Ez dirudi hasiberria denik, beterano baten patxada baitu. Jagoba Arrasatek apustu handia egin du haren alde, eta erdilaria bikain ari da. Orain arteko bederatzi partidak jokatu ditu—lautan hasieratik aritu da, eta beste bostetan, ordezko gisa—, denak ere oso ongi. Geroz eta egonkortuago dago, eta, azkeneko partida osorik jokatu ondotik, Lehen Mailako soldata izango du hemendik aurrera.

Merezi du, Lehen Mailako jokalaria baita, hasiera-hasieratik erakutsi duenez. Leganesen (Espainia), titular gisa, sasoiko lehen norgehiagokan; eta hura hamaikakoan ikustea bezain txundigarria izan zen gero zelaian egin zuen lana. Une oro zer egin eta non egon badakienaren lasaitasuna erakutsi zuen, beldur eszenikoaren arrastorik gabe. Eta ez zen egun bakarreko lilura izan, berdintsu aritu baitzen hurrengo jardunaldian ere. Eibarren aurka egin zuen debuta Sadarren, eta orduan ere primeran moldatu zen, hasi eta buka. Hala, lehen bi neurketak osorik jokatuta, finkatzen hasi zen gorritxoen zelai erdian.

Hurrengo hiru partidak, ordea, aulkian hasi behar izan zituen. Fran Meridaren jardun distiratsuak zokoratu egin zuen. Edonola, Arrasate ez zen Moncayolaz ahaztu. Azken minutuetan atera zuen Bartzelona, Valladoild eta Betisen aurka, eta, seigarren jardunaldian, hasierako hamaikakoan ipini zuen berriro; non, eta Santiago Bernabeun jokatzeko. Erdilaria, kikildu beharrean, hazi egin zen, eta neurketako gorritxorik onena izan zen Fran Meridarekin batera. Eszeptikoenak ere konbentzitu zituen egun hartan. Gero, ordezko gisa aritu zen Levanteren eta Vila-realen aurka, eta titular gisa Granadaren kontra, joan zen ostiralean. Beste 90 minutu pilatu zituen; 439 daramatza jada. Orain arte minutu gehien jokatu dituzten gorritxoetan hamaikagarrena da.

Arrasatek konfiantza osoa dauka harengan, entrenatzaile orok nahi duen jokalari horietako bat baita harrobiko gaztea. Ezertan ere ez da onena, baina dena egiten du ongi. Bereziki azkarra, indartsua edo teknikoa izan gabe, beti iristen da garaiz; lehia asko irabazten ditu, eta baloia taxuz mugitzen du. Gakoa adimenean dago: momentu bakoitzean irakurketa egokia egin, toki aproposean egon eta erabakirik onena hartzeko gaitasuna dauka. Akaso ez da jokalaririk ikusgarriena, apaindurak saihesten baititu baloia oinetan duenean. Finean, hori ez baita bere zeregina. Berak erraz jokatzen du; bizpahiru ukitu, gehiago nahasi gabe. Hori bai, lerroak apurtzen dituzten paseak ematen ere badaki. Adimen handiko euskarri defentsiboa da.

%2.900 baliotsuagoa

Moncayolaren agerpena sasoi hasierako ezusterik handienetako bat izan da, bai Osasunan, bai, oro har, Espainiako Ligan. Hala, sekulako hazkundea izan du erdilariaren merkatuko prezioak. Transfermarkt atariaren arabera, %2.900 igo da haren balioa uztailaren 1az geroztik: 50.000 eurotik 1,5 milioi eurora. Merkatu osoan, soilik bost jokalariren prezioa hazi da gehiago. Espainiako Lehen Mailan, berriz, zerrenda horren buruan ageri da erdilari nafarra. Osasunak, oraingoz, 2021. urtera arte du lotua, eta aurki berritu diezaioke kontratua. Granadaren partida osorik jokatu ostean, Lehen Mailako gutxieneko soldata eta hamar milioi euroko etete klausula izango du.

Sasoia hasi aurretik, nekez irudikatuko zuen garinoaindarrak halako aparraldia. Azken batean, oraindik jokatu gabea zen gorritxoen talde nagusian. Iragan denboraldian, debuta egiteko aukera izan zuten harrobiko hainbat jokalarik, baina Moncayola ez zen haien artean egon. Deialdiren batean sartu zen, baina ez zuen zelaia zapaltzerik izan. Edonola, pazientziaz jokatu du, eta, behin abagunea jasota, ez du alferrik galdu. Hori horrela, Taxoarek lehen taldea hornitzen segitzen du. Gaur-gaurkoz, haztegiko lau jokalarik dute tokia Arrasateren planetan: Moncayolak berak, Roberto Torresek, Oier Sanjurjok eta David Garciak. Min hartutako Unai Garcia ere batu behar zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.