Abuztuan, hogei urte beteko dira Iruñeko Labrit pilotalekuak Munduko Pilota Txapelketa hartu zuenetik. Urte hartan, Leitzako 18 urteko jokalari amateur batek erakarri zuen zaleen arreta ia osoa, banakako txapelketa irabazita: Oinatz Bengoetxeak. Handik aste gutxira egin zuen debuta maila profesionalean eta, berriz ere, Labriten izan zen. Atzo, pilotaleku horretara itzuli zen Bengoetxea, ibilbide profesional joriari agur esatera, eta, duela hogei urte bezala, garaipen bikoitza lortuta itzuli zen etxera, partida irabazteaz gain, pilotazaleen maitasuna eta esker ona jaso baitzituen.
Partida hasteko ordubete falta zela, jendez lepo ageri ziren Labrit inguruko karrikak eta tabernak. Bengoetxearen elastikoa jantzita zeramaten zaleetako askok. Leitzatik (Nafarroa) etorriak ziren gehienak, herrikideak pilotari profesional gisara eginiko azken tantoak ospatzera. «Guretzat oso berezia da hau. Labritera etorri ginen Oinatzen lehen partidak ikustera, kuadrillakoak garelako, eta hemen gaude gaur ere», azaldu zuen Jon Zabaleta leitzarrak, partida hasi aurretik. Bengoetxearen ibilbidea «aparta» izan dela uste du: «Hogei urte egin ditu pilota profesionalaren munduan, baina ez edonola: txapelak irabazita, joko dotorea eginda eta eredu ederra emanda. Hori ospatzeko modukoa da».
Euskal Herriko beste hainbat herritatik ere heldu ziren zaleak, Bengoetxearen agurra ikustera. «Niretzat, Oinatz idolo bat izan da betidanik: txiki-txikitatik miretsi izan dut, eta gaurkoan ezin genuen huts egin», esan zuen Ane Belokik. Legazpitik (Gipuzkoa) Iruñera joana zen propio, partida ikustera. Atzokoa «emozio festa handia» zela aitortu zuen Belokik, «tristea eta pozgarria aldi berean».
Emozio horiek guztiek eztanda egin zuten zenbait minutu geroago, leitzarra jendaurrean agertu zen unean: orro egin zuten harmailetan ziren ehunka zaleek, frontoiko paretak dardarazi zituen algara betean. «Oinatz, Oinatz, Oinatz Bengoetxea» abestu zuten behin eta berriro. Leitzarraren jokaldi bakoitza zen aukera bat are ozenago animatzeko; tanto bakoitza, ospatzeko moduko garaipen bat. Zintzurrak berotuta, Txoria txori eta Ikusi mendizaleak ere abestu zituzten ozen. Bengoetxeak irribarre meharraz begiratzen zuen tarteka harmailetara, emozioak gehiegi azaleratu nahi ez balitu bezala. Burua partidan zuen jarria, serio.
Mariezkurrena II.a izan zuen bidelagun, eta zaleen kantuek eta txaloek hauspotuta, mendean hartu zuten Jaka-Aranguren bikotea: 22-15. Markagailuak 22. tantoa iragarri aurretik, baina, zutik ziren ikusle guztiak, eta azken tantoarekin, eromena nagusitu zen Labriten.
Txistuak Baikori
Partida amaituta, omenaldi beroa egin zioten Bengoetxeari. Familiak, lagunek eta harekin pilotan aritutakoek parte hartu zuten agurrean, eta hainbat oroigarri eman zizkioten. Tartean, lehen txapelketa irabazi zueneko elastiko urdina. Hamahiru urtez Bengoetxearen botilero izandako Asier Gartziaren eskutik jaso zuen: «Zuk gorde, Oinatz, oroitzapen ikur bikaina da eta, ni zoriontsu nauzu, bihotz barruan gordeta», esan zion Gartziak, hunkituta. Bengoetxearekin aritutako hainbat pilotari profesional ere atera ziren kantxara, esker ona adieraztera eta, horren ostean, dantzari batek aurreskua dantzatu zuen.
Keinu bakoitza txalo zaparrada batekin hartu zuten Labriten bildutako pilotazaleek, baina atzoko ekitaldiak izan zuen kritikatik ere. Baiko enpresako buru Karlos Argiñano atera zenean, txistuka erantzun zuten ikusle askok. «Baiko, entzun, Oinatz txapeldun!» oihukatu zuten behin eta berriz. Izan ere, Bengoetxearen hasierako asmoa zen urrira arte profesional gisa segitzea, eta orduan agur esatea. Baikok, baina, ez zion kontratua berritu, eta zaleek ez diote barkatu ate hori itxi izana.
Alta, atzokoa ez zen izan Leitzako pilotariaren agur erabatekoa. Maila profesionalean ez bada ere, 70 bat partida jokatuko ditu bere kasa Euskal Herrian, Mexikon, AEBetan eta Herrialde Katalanetan. Leitzako frontoian jokatuko du azken partida, urrian. Horregatik, agian, atzokoa festa edo ospakizun bat izan zen, despedida bat bainoago. Are: Labritetik atera orduko, Leitzarako bidea hartu zuten zale askok, eta baita Bengoetxeak berak ere, lagunarteko afaria antolatua baitzuten herriko frontoian. Mikrofonoa hartuta, esker ona adierazi zien Bengoetxeak Labriten bildutako senide, lagun eta zale guztiei: «Festa ederra duzue hemen, laster elkartuko naiz zuekin, eta denon artean segituko dugu ospatzen».
Belaunaldi baten agurra
Iruñeko Labrit frontoiak bere ibilbide osoan izan duen garrantzia azpimarratu zuen Leitzako aurrelariak: «Niretzat, beti da festa Labriten. Duela 30 urte ere, 8 urte nituela, hemen jokatu nuen lehenbiziko partidua, eta zoragarria izan zen; handik hamar urtera, hemen debutatu nuen; eta hainbeste une gozo bizi ondoren, hona bueltatu naiz, agurtzeko». Hogei urteko ibilbidea «ikaragarri gozatu» duela esan zuen, eta zaleei eskerrak eman zizkien horregatik: «Nire eskerrik beroenak zale guztiei, beti leial izan zaretelako».
Urteetan emandakoa bueltan jaso zuen Bengoetxeak bere agurrean: esker ona eta maitasuna, lagunen, senideen, zaleen eta lankide izandakoen aldetik. Arrasto sakona utziko du pilotaren munduan, gainera: bi aldiz izan da buruz buruko txapelduna (2008an eta 2017an), 2016an irabazi zuen lau eta erdiko txapelketa, eta 2015ean binakakoa. Denera, mila norgehiagoka baino gehiago jokatu ditu
Hasi zen tokian esan du agur
Oinatz Bengoetxeak azken partida jokatu du profesional gisa, Iruñean. Festa giroa nagusi izan da Labriten. Pilotari leitzarra eskertuta eta hunkituta azaldu da jendaurrean, 22-15 irabazi ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu