Bartzelona. Satoransky (5), Perperoglu (6), Navarro (6), Doellman (11), Tomic (8) —hasierako bostekoa—; Ribas (9), Abrines (2), Vezenkov (2), Samuels (5), Oleson (14) eta Arroyo (4).
Dominion Bilbo Basket. Hannah (6), Mumbru (12), Bertans (3), Hervelle (15), Bogris (8) —hasierako bostekoa—; Ruoff (18), Todorovic (5), Raul Lopez (3), Suarez (3), Slezas eta Mendia.
Markagailua. 18-20, 37-40 (atsedenaldian); 55-55 eta 72-73.
Epaileak. Hierrezuelo, Calatrava eta Jimenez. Bost faltarekin kanporatua: Bogris.
Bestelakoak. 10.000 ikusle inguru Coruñako Coliseum pabiloian. Beste kanporaketa: Valentzia 78; Kanaria Handia 83.
Berriz ere esango dute Kopa berezia dela; Kopan buruak agintzen duela; Kopan sailkapena ahaztu egin behar dela; eta Kopa ezustekoen lehiaketa dela. Hasterako, Dominion Bilbo Basketek Bartzelona erraldoia kanporatu zuen atzo, final-laurdenetan (72-73). Aurkariari daukan baliorik ez ematearen ondorioak dira horiek. Kataluniarrek hotz ekin zioten partidari, burua finalerdietan eta finalean zutela, eta horrelakoetan berehalakoa izaten da ondorioa: porrot mingarria.
Hervellek jarri zuen sutan Kopako lehen final-laurdena, lehen bost minutuetan hiru hiruko saskiratuta. 3-8 eta 9-13 aurretik jarri ziren bilbotarrak, eta ordurako 11 puntu saskiratuta zegoen hegal-pibota. Ribasek eutsi zion oldarraldiari, baina Sito Alonsoren jokalariak aurretik iritsi ziren lehen laurdenaren amaierara (18-20). Ikusgarria izan zen hiruko jaurtiketen festa. Lehen bostak jaurti eta lau saskiratu zituzten bizkaitarrek. Bartzelonak, berriz, bakarra asmatu zuen sei jaurtita.
Uztaipean bigunegi ari ziren kataluniarrak. Horren erakusgarri, jaurtiketa gehigarria izan zuten bilbotarren hiru saskiratzek. Kontzentrazio falta eta biguntasuna egoten da gehienetan falta horien atzean. Hirukoen portzentajea %50era jaitsita ere, oso serio jokatzen jarraitu zuten bizkaitarrek. Defentsan oso sendo, eta erasoan aukera asko eskainiz. Doellman esnatuta ere, zazpi hiruko jaurti eta bakarra asmatuta jarraitzen zuen Bartzelonak. Arroyok azken segundoan sartutako saskiratzearekin, kataluniarrek hainbestean txukundu zuten markagailua aldageletara bidean (37-40). Bilbo Basketek zortzi punturen aldea ere izan zuen bigarren laurden horretan (24-32).
Hiruko festarekin ere ezin
Pentsatzekoa da Xavi Pascualek, Bartzelonako entrenatzaileak, egur handia eman ziela jokalariei aldageletan, hirukoetan asmatuz ekin ziotelako hirugarren laurdenari. Satoransky, Perperoglu... Bilbo Basketek, berriz, seitik bakarra sartu zuen lehen bostetatik lau sartu ondoren, eta laugarren falta pilatu zuen Bogrisek. Lan zailak indarrean jarraitzeko.
Baina 55-55 iritsi ziren azken laurdenera, eta Raul Lopezen hirukoarekin hasi zen bilbotarren festa (55-58). Bartzelona 66-63 aurretik jarri arren, 0-8ko partziala lortu zuen Bilbo Basketek (66-71). Eta Mumbru agertu zen gero. Errebote garrantzitsua hartu zuen 45 segundo falta zirela. Epaileak kirolez kontrakoa adierazi bai, baina Tomicek bakarra saskiratu zuen hiru segundo falta zirela. Eta Mumbruk berak hartu zuen azken errebotea ere. Hasi orain Kopari logika bila.
Saskibaloia. Espainiako Kopa. Bartzelona 72. Dominion Bilbo Basket 73
Hasi orain logika bila
Bilbo Basketek ezusteko handia eman du Kopako estreinakoan, Bartzelona kanporatuta. Kanaria Handiaren aurka ariko da finalerdietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu