Eta hirugarrenean bai. «Pozik, eta oraindik laino baten gainean». Hamabost urte luzez itxaron ondoren Munduko Txapelketa irabazteak sortu dion zirrara da. Momentuko sentipena. Joan den igandetik, Eunate Agirre (Sopela, Bizkaia, 1982) laino horren gainean dago, surfean hasi zenetik beti amestu izan duena lortu duelako: bodyboardeko munduko txapeldun izatea. Bi urtez jarraian, 2009 eta 2010 urteetan , txapeldunorde izan ondoren lortu du titulua sopeloztarrak, Azoreetako proban (Portugal).
Uharteetatik bueltan, eta egun batzuk pasata, atzera begiratu zuen Agirrek atzo komunikabideen aurrean. «Zaila da momentu hartan burutik pasatu zitzaidana orain adieraztea. Aspalditik nuen helburua da, surfean hasi nintzenetik», adierazi zuen. Sentipenak adieraztearen ahalegin horretan, emozionatu ere egin zen, eta negar malkoei eutsi ezinean, eskerrak eman nahi izan zizkien bide luze honetan ondoan izan dituen guztiei, berak bezala amets bera amestu duten horiei: «Eskerrik asko babesa eta laguntza eman didazuenoi».
Izan ere, ametsa ez zaio gauetik goizera bete Agirreri. Inork ez dio ezer oparitu. Azoreetako proba bera ere zailtasunez betea izan zen bizkaitarrarentzat. Baldintza oso eskasetan jokatu zen; olatu faltak proba etengabe lekuz aldatzera behartu zituen antolatzaileak, eta horrek bizitasun eta estres handiagoa izatea ekarri zien parte hartzaile guztiei. Finalerdietako kanporaketan ere, nabarmena izan zen olatuen falta. Bere kirol ibilbideko une erabakigarria izan zitekeen, eta txandan aurrera egitera behartuta zegoen. Azken momentura arte izan zuen emozioa Agirreren eta Mayla Venturin brasildarraren arteko borrokak. «Lau minutu falta zirela, aurkariak olatua lehenbizi hartzearen eskubidea galdu zuen, eta pentsatu nuen hori zela nire azken aukera. Banekien titulua jokoan zegoela, eta 5-6 bitarteko puntuazioa beharko nuela azken olatuan». Baina denbora pasatu ahala, ez zen olaturik heltzen. Agirre amore ematear zegoen. «Bat-batean, ur ertzean zeuden euskaldun batzuek oihu egin zidaten olatu segida bat zetorrela esanez, eta ez nuen bi aldiz pentsatu». Esperientziaz baliatu zen, eta burua hotz eduki zuen: «Olatuan surfean egin eta gero, harroketara joan nintzen puntuazioa entzutera». Epaileek 6.5 eman zioten. Munduko txapeldun izateko nahikoa. «Irabazi nuela jakin nuenean, barnean pilatuta neukan tentsio guztia askatu nuen». Une eta pentsamendu askok egin zuten talka bizkaitarraren buru barrenean.
Esperientziak eta aurreko bi sasoietan txapeldunorde izateak «motibazioa eta prestakuntza» eman diote. Txapeldun egin du horrek ere. Haren esanetan, «munduko bigarrena izatea gazi-gozoa da; hor zaude, gertu, eta etsigarria da, daukazun guztia ematen duzulako eta azkenean ez duzulako irabazten. Baina, aldi berean, gogor lan egitera bultzatzen zaitu». Urteetan egindako lanak bere fruituak eman dizkio sopeloztarrari. Ez du berehalakoan ahaztuko 2011ko azaroaren 27a.
Herenegun gauean heldu zen Loiuko (Bizkaia) aireportura Agirre, eta «pozik eta hunkituta» sentitu zen egindako ongietorri beroarekin. Txapelketako bakartasun uneak ahaztu, eta bere gertukoekin banatu zituen orduko sentimenduak. «Orain lasaitu eta atseden hartu nahi dut, eta etorkizunera begira beste helburu batzuk zehaztu». Lehiatzen jarraitu nahi duela argi du. Tituluari eutsi nahi dio. Helburu nagusia lortuta, orain artean izan ez duen patxada horrekin lehiatuko da hemendik aurrera.
«Hasi nintzenean nuen helburua bete dut»
Eunate Agirre «laino baten gainean» azaldu da Munduko Txapelketa irabazi osteko lehen agerraldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu