Kieveko (Ukraina) hotel batean behar zuen orain Clara Azurmendi badminton jokalariak (Donostia, 1998). Baina Madrilen dago. Denboraldi honetako helburua zuen Europako Txapelketan lehian behar zuen gaurtik igandera bitartean. Baina entrenatzen ari da. Burua txapelketako ametsekin betea behar zuen eduki egunotan. Baina gorputzetik COVID-19aren arrastoak behingoagatik kentzea baino ez du gogoan. Birusak utzi baitu lehiatik at.
Apirilaren 5a. Egin dizkiete testak Azurmendiri eta entrenamenduko kideei, entrenatzaileak barne. Denak positibo. Konfinatuta egon behar hamar egunez. Ezin entrenatu kiroldegian. Ezin jokatu hainbeste maite duen kirolean. Txarrena, hala ere, gaitza pasatzea. Gainditu zuen hori. Baina gorputzean dauzka oraindik birusaren arrastoak, eta, ondo badago ere, testean positibo azaltzen zaio. Ondorioa, gordina: ezin joan Kievera. Agur txapelketari.
Zuhurtziaz harturiko erabakia izan dela dio: «Sendagileak aholkatu digu ez joatea. Batetik, arriskua genuelako Ukrainan sartu orduko itxialdian egoteko hamabost egunez, ez txapelketa eta ez ezer. Eta, bestetik, hemengo itxialdiaren eraginez entrenamenduak galdu ditugulako, eta intentsitatez ez jokatzeko esan digutelako sendagileek». Balizko azkeneko arrisku horiek zehaztu ditu: «Lesioak izan genitzakeen, edo okerragoa litzatekeena, bihotzekoren bat edo antzeko zerbait».
Entrenatzen bakarrik ari dira orain Azurmendi eta besteak, eta ez da gutxi: «Egon garen bezala egonda, bada zerbait». Txarrena, hainbeste gustatzen ez zaiona egin beharra: «Beste denboraldi-aurre bat egitea bezalakoa da hau, eta, nola asko kostatzen zaidan giharrak bere onean jartzea, ez naiz eroso ibiltzen berriz entrenatzen hasi behar dudan bakoitzean». Arrazoia zein den gehitu du: «Berehala mehetzen zaizkit giharrak, eta ikaragarri pila kostatzen zait berriz indartzea. Horregatik ez zaizkit gustatzen denboraldi-aurreak».
Europako Txapelketa honegatik bigarrena ari zen osatzen. Gaizki hasi zelako iaz: «Berez, iazko apirilean zen jokatzekoa, baina pandemiak aurrean eraman zuen. Urtebete atzeratu, eta bihar [gaur] hasiko da, igandea bitarte». Duela hilabete eta erdi hasi zen Azurmendi txapelketa buru eta belarri prestatzen: «Gauzak fintzen hasi nintzen, txapelketara begira propio». Baina alferrik izan du lan guztia. Urtebeteko epean, bigarrenez. «Gaizki hasi zen, eta gaizki bukatu da. Begikoa izango du txapelketa honek», esan du, egoera nolabait onartu beharraren onartu beharraz.
«Gogorra» egin baitzaio denboraldi honetako helburutzat zeukanari uko egitea. Nahiz eta gero erlatibizatzen jakin duen. Kontua da bere burua prestatu zuela gainera zetorkion kolpea arintze aldera: «Mentalizatu nintzen ezingo nuela joan txapelketara, baina, hala ere, gero min handia egin zidan esan zidatenean. Txarrenean jarri nintzen aurretik, eta, egia esanda, mina arintzeko egin nuen». Azken batean, ordu askoko lana zegoen atzean, eta kirolaria zerbaitegatik entrenatzen da: «Lehia da gure muina eta mamia. Entrenatu zerbaitetarako egin behar dugu, eta, gure kasuan, lehiaketa da».
Txarrak ere bai baitu onik, Azurmendik ondorio onak atera ditu egoera petral honetatik. Erlatibizazioarena azaldu du. «Ikasi egin dut gauzei neurria hartzen: Gauza batzuk gure esku daude, baina beste batzuk ez, orain arte bezala. Dramatizatu daiteke guri gertatu zaigunagatik, baina ez da hainbesterako, ikusita zer ari den gertatzen. Etxekoak ondo egotea da garrantzitsuena, eta ahalik eta azkarren bukatzea pandemiarena. Guretzat aberia handia dela? Bai». Laburra baita kirolariaren ibilbidea: «Azkenean, urtebete goaz horrela. Amorrua ematen dit horrela ibili beharrak, eta, neurekoia izanda, txertatu gaitzatela kirolariak lehenbailehen. Baina, pentsatzen lasai jarriz gero, logikoena da gu azkenak izatea».
2024ko Jokoak buruan
Maiatzean itzuliko dira lehiara ziurrenik Azurmendi eta. Datorren hilabetean ditu burua eta gogoa jarriak: «Bi lehiaketa ditugu, eta horretarako prestatuko gara». Lehiatzea bera gutizia bilakatu baita, kasik: «Urtebete eta erdi honetan apenas izan ditugun pare bat lehiaketa». Hurrengo asmoa Munduko Txapelketa du, abendukoa, eta gero, 2024ko Olinpiar Jokoetan lehiatzea, Parisen. Baina sailkatu egin behar: «Herrialde bakoitzak bi jokalari izateko, munduko zerrendan hamasei aurrenetan egon behar dute biek. Gure kasuan, Carolina Marin laugarren dago, eta nik, Jokoetara joan ahal izateko, gora egin beharko nuke zerrendan. Orain, 75.a naiz, eta hiru urte dauzkat Jokoetan aritu ahal izateko postuetara igotzeko».
Clara Azurmendi
Hasi gabe bukatu behar
Iazko apirilean zuen jokatzekoa Donostiako badminton jokalariak Europako Txapelketa, Ukrainan, baina pandemiak aurrean eraman zuen lehia. Gaur hasiko da Kieven, azkenean, baina Azurmendi ez da izango. Berriz ere, COVID-19a errudun: positibo eman zuen apiril hasieran, eta oraindik ez ditu ezabatu birus arrastoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu