ATHLETIC

Hasi dira lanean zuri-gorriak

Valverderen gidaritzapean lehen lan saioa egin du Athleticek, Lezaman. Bigarren taldeko zortzi jokalari aritu dira. Muniain itxaropentsu mintzatu da.

Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzailea eta jokalariak, gaur goizeko entrenamenduan, Lezaman. MIGUEL TOñA / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 4a
15:48
Entzun

Kito. Amaitu zaizkio oporrak Athletici. Hasi da denboraldiaurrea zuri-gorrientzat, eta, horrekin batera, Jon Uriarte presidente hautatu berriaren aroa, baita Ernesto Valverde entrenatzailearen hirugarren aldia ere; sasoi baterako sinatu du. Ekaina hilabete benetan zoroa izan da Bizkaiko taldearentzat, eta, urak zertxobait baretu badira ere, Uriarte buru duen zuzendaritzak lan franko du egiteko.

Txingurri-k 32 jokalari izan ditu bere esanetara Lezaman; tartean, Gorka Gurutzeta. Klubak herenegun iragarri zuen aurrelari donostiarra fitxatu zuela, eta aurtengo denboraldian fitxatu duen lehena da. Amorebietan aritu zen azken sasoian, Bigarren Mailan, eta hamahiru gol sartu zituen.

Aitzitik, Lezamara bertaratu diren mila jarraitzaile zuri-gorriek ez dute ikusi Ander Capa. Portugaleteko jokalaria eta kluba kontratua berritzeko negoziatzen ari dira; ekainaren 30ean amaitzen baitzitzaion. Capak bi urterako kontratua luzatzeko eta soldata handitzeko eskatu du, baina klubak ezezkoa eman dion zurrumurruak zabaldu dira.

Capaz gain, Unai Simon, Iñigo Martinez, Unai Vencedor eta Julen Agirrezabalaga ere ez dira Lezaman izan; horiek, ordea, oraindik oporretan daude, Espainiako selekzioarekin aritu direla eta.

Utzita aritu direnak, bueltan

Valverdek bigarren taldeko zortzi jokalari igo ditu lehen taldera denboraldiaurrea egiteko: Beñat Gerenabarrena, Malcom Adu Ares, Luis Bilbao, Aitor Paredes, Beñat Prados eta Ander Iru, Alex Padilla eta Ibon Ispizua atezainak. Ez zen bertan Jokin Ezkieta atezaina; Athletic utzi du iruindarrak, klubarekin akordioa etetea adostu ondoren.

Azken sasoian utzita jokatu zuten Peru Nolaskoain, Jon Morcillo, Iñigo Vicente eta Imanol Garcia sasoi-aurrera batu dira; ez, ordea, Iñigo Cordoba. Herbehereetako Go Ahead Eagles taldean aritu zen.

«Punta-puntako» teknikaria

Lehen entrenamenduaren ostean, Iker Munian prentsa agerraldian izan da, eta, aurreratu duenez, Uriarterekin bilera bat egitekoa da, datorren denboraldiko helburuak finkatzeko. «Anbizio handiko helburuak izango direla uste dut. Urte asko daramatzagu Europara sailkatu gabe, eta Kopan behin baino gehiagotan erakutsi dugu amaiera arte borrokatzen dugula».

Bestalde, Athleticeko kapitainak nabarmendu du jokalarien «erabateko babesa» dutela Uriartek eta Valverdek. «Urte gozoak igaroko ditugula espero dut. Denboraldi zirraragarri bat hasi berri dugu. Itxaropentsu gaude».

Txingurriren inguruan, «punta-puntako» teknikaria dela esan du, «lana oso ondo egiten duena». Valverdek talde zuri-gorria bigarrenez zuzendu zuen aldian (2013-2017), Europa Ligara lau aldiz sailkatu ziren, eta behin Txapeldunen Ligara. Horrez gain, Superkopa bat irabazi zuten. Muniain «pozik» dago Valverde berriz Athleticera itzuli delako. «Pertsona gisa, berdin-berdin jarraitzen du. Oso gertukoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.