PILOTA. BURUZ BURUKO FINALA

Hasi dira finala jokatzen

Altuna III.ak eta Lasok igandean buruz buruko finalean erabiliko dituzten pilotak aukeratu dituzte. Baikokoaren ustez, «antzekoak» dira denak; Aspekoaren iritziz, ordea, «ezberdinak», eta hiru bakarrik gustatu zaizkio.

Buruz Buruko Txapelketako finalerako Altuna eta Lasoren pilota aukeraketa
Laso eta Altuna III.a, gaur, Bilboko Bizkaia frontoian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
marcos tedin
Bilbo
2024ko maiatzaren 29a
18:00
Entzun

Igande honetan, Bilboko Bizkaia frontoian, buruz buruko txapelketako finala jokatuko dute Jokin Altunak eta Unai Lasok. Gaur, pilotak aukeratu dituzte, lehenengo Amezketakoak eta gero Bizkarreta-Gerendiaingoak. Ondorengo prentsaurrekoan, iritzi ezberdinak plazaratu dituzte pilotariek. «Berdintsuak dira», ziurtatu du Lasok, baina Altunak kontrakoa esan du: «Ezberdinak dira nik aukeratutakoak eta hark aukeratutakoak». 

Amezketarra bere aukeraketaz mintzatu da: «Gustura nago hartu ditudanekin. Zortzi pilotetatik gustuko gutxi neuzkan, baina bi bakarrik aukeratu behar dira. Hiru gustatu zaizkit; beste bostak, egia esan, ez zaizkit gustatu. Diferenteak dira». Nafarra, berriz, ez da askorik luzatu: «Ongi daude. Nahiko azkar aukeratu ditut nireak; oso argi izan dut zeintzuk hartu».

Bai Altunak, bai Lasok azpimarratu dute finala irabazteko eta txapela janzteko gakoetako bat, akaso garrantzitsuena: sakea. «Sake on bat egin eta gero dator gainerako joko guztia», azaldu du amezketarrak, eta aurkariaren sakea goraipatu du: «Hark sakea daukanean, sufritzea tokatuko zait, eta, nik daukadanean, min egiten saiatuko naiz». Lasok bat egin du: «Hasierako sakeak ongi egitea da giltza. Lasai jokatzen baduzu eta gauzak argi badituzu, zure jokoa egin dezakezu».

Txapelketa honetan, Unai Lasori tanto gehien egin dion aurkariak 11 tanto baino ez dizkio egin. Hala ere, hark ez du horretan pentsatzen: «Horri ez diot bueltarik ematen. Ez naiz faboritoa, ez kontrakoa. Partida ona jokatzera aterako naiz, horretan pentsatzen dut».

Laso lasai dago: «Ezerk ez nau kezkatzen; egun horretara fisikoki eta mentalki ondo iristea da garrantzitsuena, eta horretarako lan egiten dugu aste osoan». Altunak aprobetxatu du gogorarazteko gaur Aspek dauzkala irabazteko aukerak, orain dela gutxi esaten zenaren kontrara: «Orain dela bizpahiru aste, telebistan, ematen zuen Baikok txapela irabazita zeukala, joera aldaketaz hitz egiten zen, erabat, eta bizirik segitzen dugu, hemen gaude».

Apirilaren 21ean, final-laurdenetako ligaxkan, Laso eta Altuna neurtu ziren Bilboko Bizkaiko frontoian; finala jokatuko den toki berean. Kasu horretan, nafarrak lortu zuen garaipena. Erakustaldi bikain batean, gipuzkoarrari 22-7 gailendu zitzaion, eta puntu horrekin aurrerapauso handia eman zuen finalerdietarako sailkatzeko. Garrantzi handia eman dio Lasok partida horri: «Zerbait balio du, azkenean puntu horrekin heldu bainaiz finalerdietara. Oso puntu garrantzitsua izan zen, neure buruari konfiantza emateko». Altunak, hala ere, ez du partidu horren itzala sumatzen: «Ez dut segundo bat ere eman horretan pentsatzen».

Giro «ederra» espero du Lasok bere bigarren final honetan: «Giro ona izango dugu igandean, eta horrek poza ematen dizu». Bosgarren finala izango da Altunarentzat buruz buru, baina urduritasun pixka bat sentituko duela uste du: «Ohitzen zara sentipen horiek edukitzera. Uste dut edozein kiroletan ibili garen kirolariek beti daukagula barruan urduritasun hori». 

Klasikoa

«Urteko partidarik garrantzitsuena» dela ziurtatu du gipuzkoarrak prentsaurrekoan. Aurkaria ere berezia da. Azken urteetan Altunaren eta Lasoren arteko norgehiagoka klasiko bihurtu da, eta partida ikusgarriak ematen ditu. Igande honetakoak ere baditu ukitu berezi batzuk. Amezketakoak gora egin du apirilean Lasoren aurka galdu zuenetik: «Beti lortzen du dakien bezain ondo jokatzea; horregatik dago finalean», esan du Lasok. Bizkarreta-Gerendiaingoak ere gora egin du aldakan ebakuntza egin zionetik. Txapelketa honetan bikain ari da lehiatzen, eta, askoren ustez, faboritoa da finala irabazteko.

Altunak ere uste du nafarra dela igandeko partida irabazteko faboritoa: «Faboritoa oraingo honetan, klasikoa deitzen diozuen honetan, Laso da, nire ustez; izan ere, joko hobea erakutsi du, eta emaitza hobeak eduki ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.