Lehen ahaleginean gutxigatik ez zuen lortu, baina bigarrenean heldu da: Tadej Pogacarrek (UAE), Italiako Giroko faborito nagusiak, lortu du lehen garaipena, eta sailkapen nagusiko buru da jada. Azken 11 kilometroetan Oropako santutegira igo dira txirrindulariak, eta esloveniarrak helmugarako lau kilometro eta erdi falta zirela jo du erasoa. O'Connor (Decathlon) eta Thomas (Ineos) haren joa eusten saiatu dira, baina gutxi iraun dute. Helmugan, irabazleak 27 segundo atera dizkio Daniel Felipe Martinez (Bora) bigarren sailkatuari, eta bi minutu elastikoa galdu duen Jhonatan Narvaezi (Ineos).
Pogacarrek 25 urte baino ez ditu. Bere ibilbide profesionaleko 71. garaipena lortu du, Giroko lehenengoa, eta, horri esker, itzuli handi guztietan etapa bat gutxienez irabazi dutenen zerrendan sartu da. Itxura guztien arabera, gaurkoa izango da datozen hiru asteetan ikusiko dugun irudia: Pogacar aurrean, eta gainontzekoak, bigarren postuagatik lehian.
Borroka horretan, indartsuenak Martinez, Thomas, Lorenzo Fortunato (Astana) eta Florian Lipowitz (Bora) izan dira gaur. Zertxobait atzerago helmugaratu dira Storer (Tudor), Uijtdebroeks (Jumbo), Rubio (Movistar) eta Lopez (Lidl). Denbora galdu dute, besteak beste, indartsu zebilela zirudien O'Connorrek eta Bardetek (DSM).
Amorrua ondo bideratuta
Pogacarrek, gainera, ez du dena alde izan. Helmugarako 11 kilometro falta zirela erori egin da, zulatu baten ondorioz. Dezente lehenago eman dio abisua bere taldeari, baina alperrik, eta agerikoa izan da txirrindulariaren haserrea. Amorru hori, ordea, jakin du behar bezala bideratzen.
Aurrez, sei italiarrek osatutako ihesaldi batek animatu du eguna. Andrea Piccolo (EF) izan da gehien iraun duena.