Hasi da lehia dagoeneko

Oso pilota desberdinak aukeratu dituzte bi bikoteek igande honetan jokatu beharreko binakako finalerako. Bengoetxea VI.a oso haserre agertu da. Bideoa albistearen amaieran.

Beñat Rezusta eta Iker Irribarria, pilotak aukeratzen, eta, haien atzean, Oinatz Bengoetxea, Ruben Beloki eta Mikel Larunbe, adi-adi. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2017ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Bi egun falta dira oraindik Binakako Txapelketako finalerako, baina giroa oso bero dago jada. Atzo aukeratu zuten materiala Bilboko Bizkaia pilotalekuan, eta lau pilotarietatik bakar bat ere ez zen gustura gelditu aurkariak aukeratutako pilotekin. Oinatz Bengoetxeak «atsekabe handia» hartu zuen, ez baitzuen espero aurkariek aukeratu dituzten pilotak hautatzeko moduan izango zirenik. Leitzarraren iritziz, «biziegiak» dira Aspeko bikoteek aukeratutako pilotak; aldiz, Iker Irribarriaren arabera, Asegarcekoenak pilota «baxuegiak» dira.

Ez bata eta ez bestea ez dira gustura geratu, beraz, igandeko finalean erabiliko dituzten pilotekin. Bengoetxea VI.a kopetilun zegoen. «Konfiantza osoa neukan gaurko [atzoko] pilotak jokatzeko modukoak izango zirela, baina pilota biziegiak dira». Kexu agertu da material berria izanda, pixka bat erabili ondoren are bote handiagoa egingo dutelako. «Nik badakit gure pilota batzuk agian baxuegiak direlako kendu dituztela; nik hori onartzen dut, baina biziegiak badira ere kendu egin beharko lituzkete».

Mikel Larunbe ere ados agertu zen bere kidearekin, baina, halere, nabarmendu zuen «indar guztiarekin» aterako direla igandean, material horrek «ikuskizuna alda» dezakeen arren. Haren lehen finala da, baina aitortu zuen oraingoz ez dagoela «urduri». Egun hauetaz «gozatzen» saiatzen ari dela ere esan zuen.

Irribarria binakako finalaren irabazlerik gazteena izango da igandean txapela lortuz gero. Aramarra ere ez zen gustura geratu aurkariek egindako aukeraketarekin, pilota «baxuegiak» direlako. «Guk nahi ditugun pilotak lortu ditugu, baina haienak ez zaizkigu batere gustatu; ez gaude batere pozik». Halere, materialari buruzko eztabaidarekin «nekatuta» dagoela azpimarratu zuen: «Finalari begiratu behar zaio, ez materialari. Materialarekin bakarrik ez dira finalak irabazten, eta guk erakutsi dugu beste pilotekin ere irabaz dezakegula».

Beñat Rezustak bikotekidearen iritzi bera du: «Gehiago hitz egiten dugu pilotez, finalaz baino». Faborito izateak dakarren presioaz galdetuta, Bergarako atzelariak garrantzia kendu zion horri: «Denok gabiltza txapelaren bila, baina txapelketan aurretik egin dugun lana ere hor dago». Herenegun ireki zituzten lehen aldiz Bizkaia pilotalekuko leihatilak. 300 sarrera gelditzen dira saltzeko: garestienak, 65 eta 140 euro artean balio dutenak. Merkeenak, berriz, bukatu egin dira. Beraz, jende asko joango da.

Pilota aukeraketako bideoa (Argazki Press)

[youtube]https://youtu.be/5yWL2ckrAyM[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.