Ehunmiliak

Hasi da Ehunmilien 11. edizioa

Ehunmiliak lasterketa izan da hasten lehena eta Goierriko Bi Handiak probak jarraitu dio ordu batzuk geroago. Marimurumendi maratoia, aldiz, igandean egingo da.

2018ko Ehunmilien irteera, Beasainen. IñAKI ERAUSKIN
Lide Egizala Urteaga.
2022ko uztailaren 8a
16:03
Entzun

Bi urteko geldialdia egin ostean, bueltan da Euskal Herriko mendi lasterketarik gogorrenetariko bat. Beasainen (Gipuzkoa) hasi eta bukatuko da eta 1.500 korrikalari inguruk parte hartuko dute hiru lasterketetan. Ehunmiliak ultra-trailean, 495 lasterkari ari dira, Goierriko Bi Handiak proban 515 korrikalari, eta Marimurumendi maratoian 265. Aurtengo edizioak aldaketa batzuk izango dituen arren, beti bezain gogorra izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Ibilbidean zein araudian egin dituzte berrikuntza nabarmenenak. Ehunmilien ibilbidean, Gorlako anoa postuaren ondorengo bidea aldatu egin dute; eta Oazurtza eta Zerain arteko jaitsieran ere beste bide bat hartu beharko dute lasterkariek. Azken aldaketa horrek, Goierriko Bi Handiak probako ibilbideari ere eragiten dio. Marimurumendi maratoiari dagokionez, Beatxurretatik jaitsi beharrean, Arrieta baserritik jaitsiko dira lasterkariak. Bestalde, parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko, korrikalariek txanodun zira eraman beharko dute, eta motxilan, atzeranzko argi gorria. Aldaketa horiez gain, proben aztarna ekologikoa murrizteko asmoz, korrikalari bakoitzari edalontzi bana emango diete, eta ur botilen ordez, bost litroko suilak erabiliko dituzte.

Ehunmiliak ultra-traila (EHM)

Ehunmilietako ultra-traila hiru lasterketetako proba luzeena da. 168 kilometroko luzera du eta 11.000 metroko desnibel positiboa. Aurten, 495 mendi lasterkarik parte hartuko dute; horietatik 470 gizonezkoak izango dira eta 25 emakumezkoak. Euskal herritarrak dira gehienak. Ostiralean arratsaldeko seietan abiatu dira korrikalariak Beasaingo Loinazko San Martin plazatik, eta leku berdinean amaituko dute lasterketa. 168 kilometroak, Goierri, Urola Kosta eta Tolosaldeko udalerri desberdinetan barrena egingo dituzte; 30 udalerri zeharkatuko dituzte denera. Lehen gizonezko korrikalaria helmugara 16:20 inguruan iristea espero da, eta 21:40 inguruan lehen emakumezkoa; hala ere, igandeko 18:00ak arte izango dute ibilbidea amaitzeko aukera parte hartzaileek. Jon Aizpurua beasaindarrak dauka gizonezkoen errekorra 22:21:54an, eta Ewa Majer poloniarrak emakumezkoena, 27:41:47an.

Goierriko bi handiak (G2H)

Beasaingo proba kuttunena da G2H lasterketa. 88 kilometro eta 6.000 metroko desnibela dauka. 515 korrikalarik parte hartuko dute edizio honetan: 485 gizonezkok eta 31 emakumezkok. Ibilbideari dagokionez, Aralar eta Aizkorriko parke naturalak zeharkatuko dituzte 22 orduko epe mugarekin. 23:00etan atera dira korrikalariak Beasaingo udaletxe plazatik, eta lehen korrikalariak larunbateko 09:00ak aldera iristea espero da. Gizonezkoetan, Ion Azpirozek dauka errekorra, 10 orduan, eta emakumezkoetan Uxue Frailek, 12:11:21ean. Aurtengo faboritoen artean daude Aritz Egea eta Jon Aizpuru goierritarrak ere; Egearen lehen aldia izango da proba honetan lehiatzen. Emakumezkoetan ere bada faboritorik: Amaia Ochoa de Alda, Diana Dunayevska, Patricia Idieder, Carla Junquera, Maria Richter eta Ainhoa Lendinez.

Marimurumendi maratoia (MMM)

MMM hiru probetan motzena bada ere, ez da atzean gelditzen. 42,19 kilometro eta 2.300 metroko desnibela dauka eta Goierrin barrena izango da ibilbidea: Murumendi, Pagorriaga, Kizkitza, Atxurtza, Izazpi eta Arriaran zeharkatuko dituzte korrikalariek. Proba honetan 32 emakumezkok parte hartuko dute, eta horietatik hiru goierritarrak dira: Ione Cerezo, Itxaro Mendizabal eta Alazne Jauregi. Lehen korrikalariak hiru eta lau orduren bueltan amaituko dutela espero den arren, zortzi ordu izango dituzte lasterketa amaitzeko. Gizonezkoetan, Samuel Davilak du errekora, 3:29:18an eta emakumezkoetan Ingrid Ruizek, 4:24:30an. Askok, MMM, Ehunmilien munduarekin kontaktuan jartzeko erabiltzen dute, eta horren eredu izan da azken urteetako gazteen parte-hartzea nabarmen igotzea.

Lasterketen webgunearen bidez zuzenean jarraitu ahal izango da lasterketa, eta zenbait anoa postuetan ere irudiak izango dira.

Ikusi gehiago: Esperientzia dute lagun

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.