«Hasi aurretik galtzea erraza da»

Bartzelona World Racetik Volvo Ocean Racera, Xabier Fernandezek azken urteetan ezin hobeto hartu dio neurria munduaren bueltari. 'Telefonica' ontziaren barruan, Volvoko bigarren etapari ekingo dio igandean.

2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Lehen etapa amaitu berri du. Amaitu bakarrik ez: irabazi ere egin du, bere taldekideekin batera. Gozatzeko ia betarik gabe, bigarren etapan pentsatzen dihardu. Etenik gabe. Hirugarren aldia du Volvo Ocean Race lasterketa ospetsuan, eta aurreko bi aldietako esperientzia ez du soberan Xabier Fernandezek (Ibarra, Gipuzkoa, 1976). «Helburua irabaztea da, inongo ezbairik gabe». Hankak lurrean ditu, nahiz eta itsasoaren gainean pasatzen dituen urteko egunik gehienak. Abentura berri honetan ondoan du beste behin ere Iker Martinez; hura da ontziko kapitaina.

Iragan azaroaren 5ean abiatu ziren Alacantetik (Herrialde Katalanak) Galwayra bidean (Irlanda) Volvo Ocean Raceko aurtengo ekitaldiko sei ontziak: Abu Dhabi, Sanya, Puma, Camper, Groupama eta Telefonica. 21 egunen buruan iritsi ziren Lurmutur Hirira. Bederatzi etapetatik lehena bete dute. Telefonica ontzia izan zen guztietan azkarrena; aise atera zien aldea gainontzeko aurkariei. Abu Dhabi, Puma eta Sanya ontziek bertan behera utzi behar izan zuten etapa, arazo mekanikoek bultzatuta.

Egindako prestakuntzak taldeari nola eragingo zion jakin gabe, zalantzaz beterik abiatu zen Fernandez Alacantetik. Aurreko bi esperientzia haiek, baina, oker asko zuzentzeko balio izan die. «Lehenengo aldi hura, 2005-06koa, penagarria izan zen. Gazteak ginen, eta esperientziahartu eta ikasi besterik ez genuen egin. Bigarren aldian, duela bi urte, ez ginen hain gaizki ibili, baina huts nahikotxo egin genituen orduan ere».

Hartatik denbora asko pasatu den arren, ez ditu momentu haiek berehalakoan ahaztuko Fernandezek. Badaki bizitza bera den bezala, lehenago edo geroago, itsasoak bere lekuan jarriko duela bakoitza. Irabaztea garesti dago, halere. Hilabete luzeetan izandako kezkek eta urduritasunek eragina izaten dute ezinbestean. Aurten, baina, arlo guztiak asko landu dituztela esan du Ibarrakoak: «Prestakuntza zabala izan dugu. Eskifaia aldetik ere saiatu gara esperientziako jendea hartzen, eta denon artean talde sendoa osatu dugu. Itsasontzia ere oso ondo prestatu dugu». Nabari da. Bidea luzea da oraindik, baina bide onean zuzendu dute itsasontziaren popa.

Beste behin ere, etaparen hasieratik agerian geratu zen estropadaren gogortasuna. Lehiaketa irabazteko faborito nagusiak, Abu Dhabi ontziak, masta hautsi zuen Mediterraneo itsasotik atera baino lehen. «Zorte ona izatea baino gehiago, zorte txarra ez izatea behar da. Abu Dhabi-rena adibide garbia da: oso zorte txarra izan zuen. Masta puskatzea ez da batere erraza, eta Mediterraneotik irten baino lehen puskatzea...». Guztia prestakuntza onarekin lotuta dagoela nabarmendu du Fernandezek: «Irabazi ez dakit, baina hasi aurretik galtzea oso erraza da».

Zortea izan zein ez, lehen etapan lehia polita izan dute Puma ontziarekin Telefonica-koek. «Lehia estua genuen elkarren aurka, baina haiek masta hautsi zuten». Mugaraino behartu zituzten bi taldeek euren ontziak. «Beldurra izan genuen une batez, haiei masta hautsi bazitzaien gurea hausteko arriskua ere handia zelako. Etapako momenturik txarrena izan zen». Ontzi guztiak oso antzekoak dira, izan ere; oinarri bera dute. «Puma ontziak etapa bertan behera utzi zuenean, erritmoa jaitsi eta lasaitu egin ginen». Bazekiten etapa garaipena eskura zutela.

Momentu onentzat lekua ere badago itsaso zabalean. «Gauza txarrengatik galdetzen digute beti, baina txarrak baino gehiago, onak ditu Volvok. Horregatik gustatzen zaigu hainbeste». Itsasoak, orain artean behintzat, ez die proba zailik jarri, Fernandezek onartu duenez ez dutelako itsaso zakarrik izan. Taldekideen artean ere giro oso ona daukate, eta «horrek gauzak asko errazten ditu».

Liburu bat idazteko adina momentu eta bizipen bilduko dituzte. Badute horretarako nahikoa denbora; zortzi etapa dituzte aurretik. Etzidamu abiatuko dira bigarren etapako helmugara bidean, Abu Dhabira bidean. Bosgarren etapak kezkatzen ditu gehien, baina. «Aucklandetik [Zeelanda Berria] Itajaira [Brasilera] doan etapak ematen digu errespetu handiena; nahiko luzea da. Hegoaldeko itsasoetara jaitsi beharko dugu gainera, Hornos lurmuturretik pasatzeko. Hor beti izaten da hotza, haize asko, olatu handiak...».

Familiaren bisita

Familiaren bisitak are gozoagoa egin du Fernandezen etapa ondorengo poza. Emaztea eta seme-alabak zain zituen Hegoafrikan. Bi urtean bi bider emango dio buelta munduari —iazBartzelona World Race estropadan aritu zen Iker Martinezekin—. «Hilabete asko dira etxetik kanpo pasatzen ditugunak, eta saiatzen gara ahalik eta ondoena eramaten. Gauza onak asko ditu, baina gogorra da».

Etapa batetik besterako lehen egunak ontzia goitik behera errepasatzen igaro dituzte, lurreko teknikariekin batera. «Hautsitako gauza guztiekin zerrenda bat egiten joaten gara. Etapa amaitu ondorengo egunak, horiek konpontzen pasatzen ditugu». Gainerako egunak Lurmutur Hiria ezagutzeko eta familiarekin egoteko baliatuko ditu. Denbora urria da. Berehala helduko da uztailaren 8a ere. Eta orduan Galwayn izango ditu etxekoak zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.