Ilusioz iritsi ziren Ariane Toro judoka eta Oier Ibarretxe boxeolaria Parisera, argien hirian distira egiteko asmoz. Estreinakoz zeuden Olinpiar Joko batzuetan, eta duten onena eman eta erakutsi nahi zuten. Baina minutu gutxian, agur ametsari. Lehiatu zirenetik egun batzuk igaro diren arren, oraindik ere triste daude; Toro, oso. Baina, aldi berean, harro daude iritsi diren tokira iritsi direlako. Jada beste hiri baten izena hasi da agertzen beren buruan eta ametsetan: Los Angeles. Lau urte barru hain izango dira Jokoak han.
Eguerdi ingurua da, eta Marteren Zelaia Arenaren kanpoaldean bero egiten du. Han jokatzen ari dira judoko probak, eta Toro haiek ikustera joan da, Espainiako selekzioko beste hainbat kiderekin batera. Zer moduz galdetuta, begiak busti zaizkio. «Oso triste nago oraindik. Egin nuena barneratzen ari naiz, baina batez ere egin ez nuena. Horrek ematen dit amorrua». Berehala hasi da Sosorbarama Lkhavasuren mongoliarraren aurkako borroka aztertzen. Ippon bat jaso ondoren galdu zuen Torok. «Pena handia dut, Munduko Txapelketan irabazi egin niolako. Ondo hasi nintzen, baina judoa oso kirol bizkorra da. Zure aurkariak min egiteko aukera badu eta zu ez bazabiltza bizkor, halakoak gertatzen dira».
Hitz gutxitan azaldu ditu borrokaren nondik norakoak: «Lurrera erori ginen biak, eta ordurako nire besoa hartuta zeukan. Ni zertxobait geldirik geratu nintzen, eta aprobetxatu egin zuen. Oldarkorrago aritzea falta izan zitzaidan. Gozatu egin nahi nuen, eta nire judoa erakutsi. Ez zen posible izan». Oraindik ere kosta egiten ari zaio lo egitea. «Ohera sartzen naizenean, borrokaren irudiak etortzen zaizkit burura, eta negar egiten dut».
«Oso triste nago oraindik. Egin nuena barneratzen ari naiz, baina batez ere egin ez nuena. Horrek ematen dit amorrua»
ARIANE TOROJudoka
Tororen gurasoak judoka ohiak dira. Aita, Jose Toro, haren entrenatzailea da, eta Espainiako selekzioko hautatzailea; beraz, Parisen ondoan izan du; amak, berriz, Yolanda Solerrek, domina olinpiko bat irabazi zuen 1996an, Atlantan. «Egia esan, nahiago izan dut lasaiago egon arte haiekin askorik ez hitz egin. Baina lasai egoteko esan didate, gaztea naizela, eta hobetzeko lanean jarraitu behar dudala, asko dudalako ikasteko». Amak bigarren ahaleginean kolkoratu zuen domina. «Beraz, zergatik ez Los Angelesen lortu. Harro nago honaino iritsi izanaz». Orain, hilabete inguru emango du oporretan. «Gorputzak eta buruak hori behar dute. Lehiatu aurretik, gogo handiagoa nuen oporrak hartzeko. Baina, orain, arantza kentzeko beharra daukat, eta, nigatik balitz, datorren astean bertan hasiko nintzateke berriz entrenatzen».
Olinpiar hiriko egunerokoa «zertxobait estresagarria» iruditu zaio. «Entrenatu, pisua jaitsi, elkarrizketak egin, hiriaren egunerokora ohitu, egiten zizkiguten harreretara joan... Nahikoa lan izan dugu». Elkarrizketa amaitzear zela iritsi da Tororen ama, maleta batekin. Alaba lehiatzen ikusita, etxerako hegaldia hartzera doa, baina aurretik alaba agurtu du. Besarkada erraldoi bat eman dio. «Oso harro» dago alabaz. «Ondo ezagutzen dut, eta badakit triste eta amorratuta egongo dela. Izan ere, gogorra da Jokoei hain azkar agur esatea. Baina nik neuk bigarren ahaleginean lortu nuen domina. Pazientzia izan behar du». Gainera, mezu hau eman dio. «Azken urtebetean emaitza bikainak lortu ditu, eta irribarreetatik ikastea egokitu zaio; oraingo honetan, malkoetatik egin behar izan du. Bizkor ikasten duten horietakoa da, eta ziur nago esperientzia honetatik hala egingo duela».
Etxekoen babesean
Nahiz eta «apur bat triste» egon, lasaiago mintzatu da Ibarretxe. Toro ez bezala, hura ondo ari da lo egiten. Bazarav Uulu kazakhastandarraren aurkako konbatea galdu zuen egunean bertan hala egin zuen. «Borroka berandu izan zen, eta oso nekatuta iritsi nintzen olinpiar hirira. Ohera sartu, eta gau osoa egin nuen lo. Pertsona lasaia naiz». Dagoeneko, gainera, familiarekin oporretan dago, Paris inguruan. «Gurasoekin, osabarekin eta amamarekin elkartu naiz, eta horrek babes eta lasaitasun handia eman dit. Egun batzuk hemen igaro, eta ondoren Galdakaora itzuliko gara. Egia esan, lagunekin egoteko ere gogoa dut. Finalerdietarako sailkatu izan banintz, ni ikustera etortzeko asmoa zuten, baina ez da posible izan». Bertan egon ez arren, une oro sentitu du haien babesa. «Mezu asko bidali dizkidate, oso harro daudela esanez. Txikitatik ikusi dute zenbat lan egin dudan hona iristeko».
Urtebete honetan egin ezin izan dituen gauzetako asko egingo ditu oporraldian. «Pisua kontrolatu behar nuenez, zenbait gauza ez ditut ia jan, eta egun hauetan hori egingo dut. Dagoeneko pizza, gozoa eta ogia jan ditut. Aste batzuk barru hasiko naiz berriro pisua kontrolatzen». Toro bezala, entrenatzera bueltatzeko gogoz dago, fisikoki eta mentalki ondo amaitu baitu. «Azken batean, bost borroka egiteko prestatua nengoen. Gainera, mentalki, presioa Jokoetarako sailkatu ostean kendu nuen. Hona gozatzera etorri nintzen; opari handi bat izan da. Olinpiar hirian egotea amets bat betetzearen parekoa izan da».
«Pisua kontrolatu behar nuenez, gauza batzuk ia ez ditut jan, eta orain horretarako aprobetxatzen ari naiz: gozoa, pizza eta ogia»
OIER IBARRETXE Boxeolaria
Oraindik ez du ikusi larunbateko konbatea, baina ederki gogoratzen da izan zituen sentipenez: «Pozik nago egin nuen lanarekin. Lehen borroka parekatua izan zen, baina merezita irabazi zuen. Bigarrena nik irabazi nuela uste dut; epaileek, ordea, ez zuten hori erabaki. Hirugarrenerako, dena galduta neukan». Egun batzuk barru ikusiko du konbatea, Galdakaora itzultzean. «Normalean, bai nire entrenatzaileak, baita nik ere nahiago izaten dugu egun batzuk itxaron, eta orduan atera ondorioak». Baina lehiatzekoan «patxada apur bat» falta izan zitzaiola uste du. «Alde horretatik, ez nintzen gai izan aurretik landu nuena erakusteko. Egin izan banu, uste dut irabazteko moduko aurkaria zela». Bere kategoriako munduko beste hogei judokak ikusteko aukera izan du, eta ondorio argia atera du. «Haiekin nor baino nor gehiago lehiatzeko moduan nagoela ikusi dut, eta gogor egingo dut lan Los Angelesen egoteko».