Ane Sanchez Goyogana

Harrotasuna bai, harrokeria ez

2024ko abuztuaren 20a
05:00
Entzun

Gure ametsa betetzen hasi garen garai honetan, bada guretzako momentu gozoa den hori zapuzten saiatzen denik. 18 bandera jarraian irabazi izana astuna egiten zaie batzuei, beste arraun-taldeei aukerak kentzen ari garela diote. Guk argi dugu egindako lan guztia, pasatutako oztopoak, eta ez dugu inola ere gure jatorria ahazten. Estropada asko irabazi ditugu, bai, baina are gehiagotan geratu gara lehenaren atzetik.

Irabazten hastean, begirada guztiak jartzen dira gainean, egiten den oro lupaz begiratu eta kritikatu. Aurten, zeresan handiagoa eman dute gure ospakizun kantuek gure garaipenek baino. Harroak garela ere aipatu digute, baita irabazten ez dakigula ere. Argi dugu nor garen, eta ez gara hitz horiekin identifikatzen.

Aurkariak errespetuz tratatu ditugu beti, tokatu zaigunean zoriondu eta txalotuz. Ez ditugu inoiz gutxietsi, badakigu eurek ere lan handia egiten dutela, eta gu ere pasatu gara momentu horietatik.

Aurten daukagun talde giro eta garaipen sortak ez dira urtero izaten, gozatzen ari gara. Egunerokoan ditugu irribarre, kantu eta txisteak, entrenamendu saio gogorrez gain. Gure talde giro eta garaipenak kantuz ospatzen jarraituko dugu, arraun aurreko momentuak elkar animatzen, inoiz ez aldamenekoak iraintzeko asmoz. Liga historiko baten ostean, bagoaz Kontxaren bila kantuz, zer pasatuko den jakin gabe, eta helmugan lehenak izan arte garaipenik ez dugula jakinda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.