Ehunka ziklistak eta dozenaka autok lagunduta, harrobiko txirrindularitza lasterketak «normaltasunez» antolatu ahal izatea aldarrikatu dute gaur Donostian. Eusko Legebiltzarrean mahai eragile bat eratzeko asmoa adierazi du Jaurlaritzak, baina, aurrerapausorik ematen ez dela ikusita, protestara jo dute Gipuzkoako Federazioko lehengo zuzendaritzako kideek.
Uztailean aurkeztu zuten dimisioa, kalera irtetera bultzatu dituen arrazoi beragatik. Santi Osoro buru zuen taldeak esan zuen nahikoa zela, ezin zutela aurrera jarraitu Gipuzkoako trafikoko arduradunek jartzen zizkieten oztopoekin. Dimisioa eman arren, denboraldia bukatu bitartean lasterketak antolatzen jarraitu dute.
Gaurko manifestazioa Belodromoan hasi eta bulebarrean amaitu da. Euskal Herri osoko txirrindularitza talde eta federazioetako kideak elkartu dira Donostiako kaleetan. Arazo larriena Gipuzkoan dute, baina herrialde horretan antolatzen dira lasterketa gehienak, eta, beraz, guztiei eragiten die aferak.
Dimisioa ematean, Osorok aurtengo Gipuzkoako Klasikoa aipatu zuen adibide modura. Federazioak berak antolatzen du lasterketa hori, zeinetan gazte mailako nazioarteko txirrindulari onenek parte hartzen baitute. Bada, lasterketa egin aurreko goizean oraindik ez zekiten modua izango ote zuten proba egiteko.
Iaz ere gauza bera gertatu zitzaien. Gipuzkoako Trafiko Zuzendaritzak ez zituen onartu Aretxabaletan eta Elgoibarren egitekoak ziren amateurren lasterketak, aste barruan egin asmo baitzituzten. Azkenean, federazioak planto egin zuen, eta, erabaki politikoengatik, trafiko arduradunek onartu egin behar izan zituzten lasterketak.
Mila zailtasun
Aurten, denboraldi hasieran, egutegia onartu zieten, baita lasterketa horiek ere. Bada, behin udan sartu eta gero, arazo berarekin topo egin zuten.
Arazoak ez dira berriak. Iaz denboraldi hasiera atzeratu egin zuten lasterketetako segurtasuna bermatzen duten lotura motorren egoera zela eta. Azkenean, behin-behineko konponbide bat hitzartu zuten Gipuzkoako Aldundiarekin. Halere, bestelako arazoek hor zirauten: «N-1 errepidea ezin dugu erabili, lasterketako biraketek hiru kilometro luze izan behar dute, txirrindulariak pelotoia baino atzerago geratu bezain laster uzten dituzte lasterketatik kanpo... Mila zailtasun jartzen dizkigute», salatu zuten uztailean.