Arrauna

Harrobia agertoki berri batean

TKEko hamabi klubetatik hamarrek proposatu dute harrobiko arraunlari gehiago lerrokatzea ontzietan. Proposamen horren lanketan ez dute parte hartu Urdaibaik eta Zierbenak.

(ID_17065331688435) Zierbena eta Hondarribia
Zierbenako eta Hondarribiako trainerua, parez pare, Santurtziko estropadan, aurreko denboraldian. AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA
pettan uralde
2024ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun

Aurreko denboralditik badabil arraun munduan harrobiko arraunlarien inguruko kezka. Klub askok uste dute harrobia maila goreneko taldeetan sustatzeko neurriak hartu behar direla, baina beste batzuk ez daude ados proposatu dituzten neurriekin. Kaiku, Ondarroa, Lekittarra, Hondarribia, Getaria, San Pedro, Orio, Donostiarra, Cabo da Cruz eta Bueu taldeek batzarrean onartzeko dokumentu bat adostu dute, 2025etik aurrera harrobiko arraunlarien kopurua handitzea aurreikusten duena. Ordea, Urdaibai eta Zierbena baztertu egin dituzte proposamen horren lanketatik. Mikel Orbañanos (Orio, Gipuzkoa, 1973) Hondarribia taldeko entrenatzailea pozik dago emandako pausoarengatik; Dani Perez (Vigo, Galizia, 1979) Zierbenako entrenatzailea, ordea, ez dago ados arau berriarekin.

Proposamena arraunaren onerako izango dela iruditzen zaio Orbañanosi. «Ez bakarrik lehiarako, baizik eta luzarorako gehienbat. Arraun klub bakoitza saiatzen bada bakoitzaren arraunlariak ateratzen eta zaintzen, iruditzen zait arraunak biziraupen handiagoa izango duela». Perez, aldiz, ez dago pozik proposamenarekin, eta formetan zein funtsean gaizki dagoela deritzo. «Arraunaren onerako zerbait egin nahi baduzu, eta lana asko baldintzatzen duen arau bat proposatu nahi baduzu, klub guztiak kontuan hartu behar dituzu. Ez bakarrik TKE mailakoak».

«Arraunaren eta arraunlariaren bizitza luzatzeko, eta kirol erakargarriagoa egiteko balioko du».

MIKEL ORBAÑANOS Hondarribia taldeko entrenatzailea

Nahiz eta Orbañanos proposamenaren aldekoa izan, kontziente da lan gehiago dagoela egiteko, baina baita funtsezko pauso bat eman dela ere. «Badakigu arazo guztiak ez direla harrobiko arraunlariak zaintzetik pasatzen. Arraunak kirol erakargarria izan behar du. Garrantzitsua da herri bateko biztanleek ikustea beren trainerua herriko arraunlariz osatua dagoela ere, identifikatuak ikusteko. Hori berpiztu nahiko genuke berriro, eta etxeko bederatzi edo hamar arraunlariz osatutako traineruak ikusi». Baina Perezek uste du ez dela harrobia sustatzeko modurik egokiena: «Entrenatzaile gisa, ez diot logikarik ikusten maila gorenean harrobiak sustatzeko arauak jarri behar izateari. Arau honek, harrobien arazoa konponduko duen mezu populista du atzetik, eta ez da horrela. Proposamen honek ez du azterketa sakonik atzetik, eta gutxienez bi denboralditan entrenatzaileen lana eta kluben balizko mugimenduak baldintzatuko ditu. Ez dago azterketarik, harrobiko arraunlari gehiago jartzeak harrobiarentzat onuragarria izango dela erakusten duenik. Hemen argi dago kadeteetatik gazteetara ume piloa galtzen dugula, eta horrek ez du zerikusirik TKErekin. Eta gazteetatik seniorretara ere pila bat galtzen da, eta ez du zerikusirik TKErekin. Niretzat, harrobiko arraunlarien izateak harro egoteko zerbait izan behar du klubentzat, eta ez betebeharra».

Ia bikoiztu egingo da

Orain arte harrobiko hiru arraunlari lerrokatu behar zituzten klubek estropada bakoitzean; arau berriaren eraginez, lau izan beharko dute 2025ean, eta bost 2026an. Proposamena atera duten talde batzuek, hain zuzen, kopuru hori oraindik ere handiagoa izatea nahi zuten, baina Orbañanosek onartu du hasierako pauso moduan ondo dagoela. Berak, dena den, uste du apustu hori handitu egin behar zela. «Oreka bat bilatu behar da, eta pixkanaka ikusten badugu taldeak harrobiko arraunlariekin lanean hasten direla, ez da gutxi izango. Aldaketek beldurra ematen digute askotan, baina proposamen hauek guztiak urtez urte lantzen joan gara, aspaldiko kontua da. Legeak lau urtetik behin aldatu daitezke soilik, orain beste buelta bat eman zaio eta aurrera atera da. Arraunaren eta arraunlariaren bizitza luzatzeko, eta kirol erakargarriagoa egiteko balioko du».

«Gustatuko litzaidake jakitea TKEko zenbat entrenatzaile ari diren gazteekin lanean, Zierbenan egiten dugun bezala».

DANI PEREZ Zierbenako entrenatzailea

Zierbena baztertu badute ere, Perezek dio ez dutela arazorik izango arau berri honetara moldatzeko, eta klubak harrobian egiten duen lana azpimarratu du. «Gustatuko litzaidake jakitea TKEko zenbat entrenatzaile ari diren gazteekin lanean, Zierbenan egiten dugun bezala. Nik neuk denbora asko ematen dut horretan. Arraunaz kezkatzen naiz, eta egon naizen klubetan beti lagundu dut harrobian. Zierbenak harrobia du, eta 2026rako harrobiko arraunlari nahikoa izango du. Baina entrenatzaile gisa, 2013tik, harrobiko arraunlariek baldintzatu izan dituzte beti nire zerrendak. Hemen, Astilleron, Tiranen edo Meiran. Orain, arau berri honekin, Tiranek eta antzeko talde historikoek oso zaila izango dute TKEra igotzeko, eta talde txikiez ari gara. Hau ez da harrobia eta dirua aurrez aurre jartzea».

Proposamenaren atzean interes gatazka egon zitekeela ondorioztatu du jende askok. Izan ere, Urdaibai eta Zierbena lehen eta bigarren izan ziren Eusko Label Ligan eta Kontxan. Perezek zalantzak ditu, proposamenaren atzean benetan zer arrazoi egon daitekeen. «Uste dut klub bakoitzak bere arrazoiak dituela, eta egon daitekeela lehiaketa baldintzatu nahi duenik etekina ateratzeko. Baina horretarako dago Liga, hartzen diren neurriak guztion onerako izateko. Ez dakit bi klubak baztertu dituzten Bermeok irabazteaz nekatuta daudelako. Baina benetan ez litzaidake gustatuko horrek taldeen arteko giro onari eragitea. Guk, aurreko denboraldian emaitza onak lortuz, ez genuen nabaritu aurkariek kiroltasunez hartzen ez zutenik. Horregatik harritzen nau Zierbena proposamen horretatik kanpo utzi izanak». Orbañanosek, aldiz, uste du badakiela zergatik utzi dituzten kanpo. «Haien iritzia zein den badakigu, eta nola jokatzen duten harrobiko arraunlariekin. Uste dut pixka bat hortik joan dela. Orain arte ahalik eta harrobiko arraunlari gutxienekin joan dira, eta uste dut Bermeo edo Zierbena herriek inguruko arraunlariz osatutako traineruak ikustea nahiko luketela. Horretaz gain, uste dut ez dela hain lege gogorra, eta lehiaketan eragin txikia izango duela. Indarrak parekatu daitezke pixka bat, baina erakargarriagoa izango da seguru».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.