Egun historikoa izan zen Eibarrentzat 2015eko martxoaren 14a. Bartzelona etorri zen jokatzera Ipuruara, lehen aldiz Lehen Mailan, eta ondo gogoan dauka hura Txema Añibarrok (Zeberio, Bizkaia, 1979), Eibarreko kapitain ohiak.
«Ez nuen jokatu, aulkian egon nintzen, baina gozatu ederra hartzeko aukera izan nuen», esan du. Nahiago izango zukeen jokatu izan balu, denboraldi hartan Real Madrilen aurka egin ahal izan zuen bezala, baina Messi eta gainerakoen jokoa aulkitik begiak zabal-zabal eginda ikusi zuen.
«Ez da planeta honetakoa», definitu du Argentinako izarra. «Denok ezagutzen dugu, denok ikusi izan dugulako telebistaz, eta harritu egiten gaitu guztiok. Bada, bertatik bertara ikusita, are gehiago harritzen zaitu», kontatu du. «Futbola ezberdin ikusten du beste guztion aldean. Ez daukat hitzik Messi zer eta nolakoa den azaltzeko». Lehia hartan, 0-2 nagusitu zen Bartzelona, eta Messik sartu zituen bi golak. Guztira, hamabi sartu dizkio sei partidatan.
Lehen Mailako jokalari izandakoak aitortu du «saria» izan zela Bartzelonaren eta Messiren aurka jokatzea: «Denborarekin ohitu egin gara Eibar Lehen Mailan ikusten, eta ohikoa iruditzen zaigu Bartzelona eta Real Madril Ipuruan ikustea. Kontuan izaten segitu behar dugu pribilegiatuak garela aukera hori edukitzeagatik».
Gaur izango dute Eibarren horretarako beste aukera bat, Bartzelona eta Messi izango baititu parez pare Jose Luis Mendilibarren taldeak. Añibarrok ere badaki nolako partida izango den etxekoentzat: «Zaila, jakina. Badakigu zer den Bartzelona Liga honetan eta mundu mailan. Talderik onenetakoa da». Horregatik dio partida zaila izango dela gaurkoa Eibarrentzat: «Bartzelonak egunik txarrena izan eta Eibarrek onena edukitzea beharrezkoak izango dira puntuak etxean geratzeko aukera izateko, eta, agian, horrela gertatuta ere, ez du Eibarrek irabaziko».
Golak sartzeko ezberdintasunari erreparatu dio: «Bartzelonaren moduko talde batek aukera batekin bi gol sartzen dizkizu, eta, aldiz, Eibarrek, agian, ez du bat bera ere sartuko lau aukera izanda ere. Aldea hor egoten da talde handi horien aurka jokatzen denean. Zuk ondo joka dezakezu eta irabazi ez; baina haiek gai dira hiru puntuak lortzeko ondo jokatu gabe».
Hala gertatuko balitz ere gaur, Añibarrok garbi dauka kosta egingo zaiola Bartzelonari: «Izerdia bota beharko dute Ipuruan irabazteko. Eibar bolada gozo-gozoan dago, eta lanak emango dizkio». Onartu da izar handi horien aurka jokatzea dela lanik txarrena atzelarientzat: «Guk bagenekin horien aurka edozein huts egitea gola jasotzea dela».
Partida osoan eta amaieran argituko dira emaitzaren gorabeherak, eta orduan beste lehia bat hasiko da, agian, etxeko jokalarien artean: nork hartuko du Messiren elastikoa. «Nik badut bat, Ipuruan lehen aldiz izan zenekoa. Ondo gordea daukat; altxor bat da niretzat. Atzera begiratzeko balio dit, eta ikuspuntu zehatza ematen dit Messi egiten ari den guztiaz jabetzeko».
EIBAR-BARTZELONA
Eibar. Dmitrovic; Peña, Ramis, Arbilla, Jose Angel; Orellana, Diop, Dani Garcia, Inui; Charles eta Kike.
Bartzelona. Ter Stegen; Sergi Roberto, Pique, Umtiti, Alba; Coutinho, Rakitic, Busquets, Iniesta; Messi eta Suarez.
Epailea. Hernandez Hernandez.
Lekua. Ipurua (7.083 ikusle).
Ordua. 16:15ean (BeIN La Liga).
Harritu egin zuen
Txema Añibarro Eibarreko kapitain ohiak aulkitik gozatu zuen Lionel Messiren jokoarekin duela hiru urte, Bartzelonak lehen aldiz Ipuruan jokatu zuenean. Laugarrenez ariko da gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu