Hibaikak irabazi ditu Gipuzkoako Ligako lehen hiru estropadetatik bi, eta, harrigarria badirudi ere, harritu egin du horrek Leire Alcala (Errenteria, Gipuzkoa, 1990), taldean eskarmenturik handiena duten arraunlarietako bat. Aitortu du «gauza asko» daudela harridura horren atzean, eta lagungarria da ikusteko dena ez dela telebistan ikusten den bezalakoa; ez, behintzat, emakumezkoen traineruetan.
Inor ez da harritu zuek hiru estropadatik bi irabazi dituzuelako.
Ni harritu naiz pixka bat, garbi esanda. Lehen estropadan, hirugarren egin genuen, eta, denboraldi-aurrean jokatu ziren estropadetan, Oriok aurrea ere hartu zigun. Ez genekien non geunden, eta, lehen jardunaldian hirugarren eginda, hain ondo ez gaudela pentsatu nuen. Horregatik esan dizut pixka bat harritu ninduela hurrengo bi estropadetan irabazteak.
Kezka horiek estropadetako emaitzengatik ziren bakarrik, ala badago beste zerbait?
Entrenatzeko arazoak izan ditugu orain arte, taldea osatzeko. Kadeteekin-eta osatu behar izan dugu, eta eskerrak haiei. Baina kezka sortzen zidan nola egongo ote ginen gero lehia hasitakoan. Liga hastera zihoan, eta nahi genuen kanpotik datorren jendea guregana batzea, eta lan arazoekin dabiltzanak ere gehiago azaltzea.
Uda osoan arazoekin ibiliko zarete?
Ez. Lanean dabiltzan gehienak irakasleak dira, eta orain moldatuko dira entrenatzera etortzeko. Galiziako beste bi arraunlari ere badatoz, eta laguntza ona emango digute ontzia osatzeko.
Entrenatzeko arazoak izanda ere, bi estropada irabazteko gai izan zaretenez, konfiantzaz gainezka egongo zarete, ezta?
Orain, bai. Konfiantza aldetik badakigu hor gaudela, banderen lehian, baina ezin dugu konfiantza handiegia izan. Motibazioa ere eman digute garaipenek. Taldean nabari da lehiaketa hasi dela, eta horrek ere beste zerbait ematen digu.
Denboraldi hasierako lehen helburua Euskotren ligan sartzea izango duzue.
Hori da. Liga garrantzitsua da, baina Gipuzkoako Liga ere bada garrantzitsua. Askoz estropada gehiago ditu Euskotren ligaren aldean, baina, hala ere, jende guztia horra begira egoten da. Ez zait ondo iruditzen bati besteari baino garrantzi handiagoa ematea. Bigarren maila batean jarria dago Gipuzkoako Liga, eta pena ematen dit. Guk Gipuzkoakoa ere irabazi nahi dugu, eta hori ere badugu helburua. Ea horrela jarraitzen dugun.
Iraila urruti dago oraindik?
Urruti bezain gertu [barrezka]. Aurten, dena oso estu egongo da; San Juan eta Orio oso ondo dabiltza, eta, gero, borroka polita dago Getaria-Zarautz eta Donostia-Arraunen artean.
Azken urteetan gertu izan duzue Kontxako garaipena, baina ezin lortuta zabiltzate. Tokatzen zaizuela pentsatuko duzu.
Bada, bai. Baina iaz ere gauza bera pentsatzen nuen, eta begira gero. Ez genuen espero irabaztetik hain gertu egotea, denboraldia ez zelako ona izan, baina aukerak izan genituen. Emaitza ona izan zen, baina, irabazi, ez genuen irabazi.
Kontxan eta beste estropada guztietan, hiru zarete faboritoak: San Juan, Orio eta zuek. Besteren bat ere bai?
Ematen du hiru talderen arteko kontua izango dela, baina edozer gerta daiteke estropadetan, eta Getaria-Zarautz ere hor dago; gorantz datorren taldea da.
Urte asko daramatzazu arraunean. Zein da emakumezkoen traineru estropaden egoera gaur egun?
Finkatuta dago, eta aurrerapausoak eman dira. Adibidez, orain, Euskotren ligan, sailkatzen garen talde guztiek daukagu estropada guztietan arraun egiteko aukera; lehen, urte asko ez dela, txandaka ere ibili izan ginen; selekzioak ere aritu ziren Liga horretan, taldeen kaltetan. Hobera egin da orain. Baina uste dut ez dela ona bi Liga izatea. Euskotren liga da mediatikoa, eta laguntzen du gure lanaren berri kanporatzen, baina egokiena Liga indartsu bakarra edukitzea litzateke. Ikusiko ditugu aldaketak; hala espero dut.
Kontxan zortzi talde ariko zarete aurrenekoz aurten. Zein iritzi duzu?
Bultzada ematen dio emakumezkoen arraunari, baina lehiaren maila ez da gizonezkoen bera gurean, eta lehiari ez dio aparteko ezer ematen zortzi traineru egoteak. Gizonezkoekin berdintzen hasita, zergatik ez dira gure estropadak gizonezkoen distantzia berekoak? Ikusiko da zer ondorio izaten dituen erabakiak; denborak esango du hori.
Leire Alcala. Hibaikako arraunlaria
«Harritu egin nau lehen hiru estropadetatik guk bi irabazi izanak»
Estropadetan, ez da ikusten atzetik dagoen lana, eta Hibaikako arraunlari Alcalak ondo azaldu du nolakoa izaten den batzuetan: taldea osatu ezinda ibiltzea, adibidez, entrenamenduetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu