Harribitxizko denboraldia

Aimar Irigoienek parte harturiko txapelketa ofizial guztiak irabazi ditu 2010ean, baita makina bat txikiago ere. Udazken bukaeran nekea sumatu du, baina ez da izan txakalaldia, eta harri handiekin uxatu ditu zalantzak.

2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Aimar Irigoienek txapel kopurua gehitzen segitzen du urtetik urtera. Igandean irabazitako azkenarekin dagoeneko bederatzi Euskadiko txapel ditu, lau harri txikietakoak eta bost harri handietakoak. Azken urteotan berak agindu du. Errezildarrak 24 urte besterik ez dituela kontuan hartuta muga non izan dezakeen jakitea ez dago asmatzerik.

Igandean biribildu zuen denboraldia, Harri Handietako Euskadiko Txapelketan irabazita. 8.675 kilo jaso zituen. Irabaztea zen bere helburua, 2008an ezarritako marka ontzen saiatu gabe (9.650 kilo). Arrakastez betetako denboraldia egin du errezildarrak. «Urte osoan egindako lanarekin oso pozik nago; urte oso ona izan da», laburtu du Irigoienek.

Sasoi arrakastatsua bezain gogorra izan dela aitortu du Irigoienek: «Uda parteko lau hilabeteetan txapelketa asko jokatu ditugu segidan, ia atsedenik gabe. Ondo aritu gara horietan, sasoi onean eta batzuetan markak ezarriz; baina ondoren nekea ere igarri izan dugu». Neke hori astun egin zitzaion Harri Txikietako deman, «argi gelditu zen hor ez nengoela nire onenean, eta aurreko hilabeteetako ahalegin handia gainera etorri zitzaidala», gogorarazi du. Halere, ondoren txakalaldirik izan ez zuela azaldu du: «Gauza asko esan dira horri buruz. Ahulaldirik ez dut izan. Pare bat astez atseden hartzea erabaki genuen. Horregatik ez nintzen aritu Albizuri Handia-rekin. Harri Handietako Txapelketa bakarrik egitea pentsatu genuen, behar bezala prestatzeko».

Urte amaierari begira dituen asmoak ere azaldu zituen: «Erakustaldietan arituko gara. Hilaren 28an omenaldia egingo diote Mendizabali, Adunan (Gipuzkoa), eta hortxe izango gara».

Urte osoan egindakoarekin gustura egoteko arrazoiak ditu. Igandekoaren aurretik, Harri Txikietako Euskadiko Txapelketa irabazi baitzuen urrian, 12.500 kilo sorbaldan berdinduta, baina ez zuen berak duen marka hobetu Gipuzkoako Txapelketak ere ez zion ihes egin ekainean, Errezilen. 9.087,5 kilo berdindu zituen.

Horiekin batera, beste batzuk irabazi ditu, hainbat harri klase erabilita. Uztailean, Alegiako (Gipuzkoa) Txintxarri Saria irabazi zuen,Izeta IV.arekin, Telleria II.arekin eta Bertizekin batera, 17.537 kilo jasota. Abuztuan, hiru txapelketa irabazi zituen. Elgoibarkoan (Gipuzkoa), 97 altxaldi egin zituen denera, 40 zilindroarekin, 26 kuboarekin eta 31 bolarekin. Denak 100 kiloko harriak. Mallabian (Bizkaia) ere nagusitu zen. 55 altxaldi egin zituen 100eko zilindroarekin eta 42 pisu bereko bolarekin. Elgoibarren bezala, Mallabian ere marka ezarri zuen. Berrobin (Gipuzkoa) ere garaile atera zen Izeta IV.arekin eta Bertizekin, 14.000 kilo altxatuta.

Betekadaren ostean beste txapel bat jantzi zuen irailean. Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketan esku hartu zuen Gipuzkoa ordezkatuz, eta berak irabazi zuen harri-jasotzean, 100 kiloko zilindroarekin 38 jasoaldi eginda.

Horrekin nahiko ez, eta harri traketsekin ere aritu da. Martxoan, Etxauri harriarekin (Nafarroa) irabazi, eta marka ezarri zuen. 136,5 kilokoarekin hamalau jasoaldi egin zituen. Uztailean, berriz, Laukariz harriarekin aritu, eta, txapelaz gain, marka ezarri zuen beste behin, 25 altxaldirekin. Apirilean egin zion ihes txapel bakarrak, Adunako (Gipuzkoa) Gorostidi harriarekin. 150eko zilindro zaharrarekin hamar jasoaldi egin zituen, Ostolaza txapeldunak baino bat gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.