Harri txikien lehia non, han da Mikel Lopetegi Urra (Zarautz, Gipuzkoa, 1997). Plazetako estreinaldia egin zuenetik ondo aritu da harri jasotzeko molde horretan, eta parte hartu duen txapelketa askotan lortu du gailentzea.
Iragan igandean lortu zuen azken aldiz irabaztea, Azpeitian (Gipuzkoa) jokatutako Zortzi Arroako Hiru Harri txapelketako finalean. Orduan, 10.200 kilo jaso zituen guztira, 100 kiloko kopari, kubikoari eta bolari guztira 102 jasoaldi eginda. 9.500 kilo jaso zituen Beñat Telleria bigarren sailkatuak —95 jasoaldi denera—, eta 8.900 Inhar Urruzuno hirugarrenak —89 jasoaldi—.
Irabazteko hautagai nagusia zen Lopetegi, eta ez zuen hutsik egin: «Faborito izateak ez du ezertarako balio, baina ondo moldatu nintzen. Gustura nago», esan du zarauztarrak. Lopetegik eta Telleriak 50na jasoaldi egin zituzten lehendabiziko harriarekin. Koparekin, alegia: «Beñat [Telleria] indartsu heldu zen, eta topera hasi ginen biok. Bigarren harrian pixka bat jaitsi zen hura, eta hor egon zen garaipena. Bestela, lehia oso estua izan zen».
Kubikoa izan zen harri hori. Lanabes exijentea da harri jasotzaileentzat, teknikoki zailagoa baita hura maneiatzea. Lopetegiren esanetan, gainera, koparekin egindako lanak erasan egin zien bi-biei: «Ni hobeto indarberritu nintzen harri batetik bestera». Kubikoan 27 jasoaldi egin zituen Urrak. Gainerako biek, hemeretzina.
Txapeldunak orduan zurkaiztu zuen garaipena. Azken harriarekin, bolarekin, pareko aritu ziren hiru finalistak; Telleriak 26 aldiz jaso zuen, eta besteek, 25 bider. «Txapelketa polita izan da, hasieratik bukaerara», azpimarratu du Lopetegik. Egur Sport enpresak antolatutako lehiaketek txapelketetan aritzeko aukera eman diete herri kirolariei, eta «eskertzekoa» da hori, Lopetegiren esanetan.
Hain justu, Egur Sporten beste sariketa batean ariko da Urra, hurrena. Hamar arroako harrien lehiaketa izango da; 125 kiloko lanabesak dira haiek. Zortzi arroakoekin alderatuta, pisu diferentzia nabaritu egingo duelakoan dago: «Antzematen dut aldaketa;25 kilo gehiago dira, eta bai kubikoan, baita bolan ere, harri exijenteak dira».
Hargatik, prestakuntzan zenbait aldaketa egingo ditu. Datozen lan saioetan indar ariketei emango die garrantzia, saio aerobikoagoak bazter utzita. «Indar gehiago behar da», azaldu du Lopetegik.
Aldatzeko asmorik ez
Azken urteetan, Lopetegik lortu ditu harri txikietako saririk esanguratsuenak. Hura izan da Euskal Herriko txapeldun azken hiru aldietan (2018, 2019, 2020), eta harena da lehia horretan sekula egin den markarik onena ere: 13. 512 kilo jaso zituen 2018an, Aimar Irigoienek 2009an baino 150 kilo gehiago. Bide horretan sakontzen segi nahi du aurten: «Laugarren aldiz irabaztea da asmoa. Hori eta, udaran txapelketak jartzen badizkigute, haiek ondo prestatzea eta txapel batzuk lortzen saiatzea».
Euskal Herriko laugarrena eskuratuko balu, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.aren marka berdinduko luke. Lopetegiren prestatzailea da Iruretagoiena: «Saiatuko naiz berdintzen; polita izango litzateke». Aldiz, urrunago du Irigoienek irabazitako bederatzi aldietara heltzea, eta esan du gaur-gaurkoz ez diola horri erreparatzen.
Ezta harri handietarako jauzia egiteari ere: «Harri txikietan aritzea gustatzen zait, eta oraingoz horretan segituko dut». Helburuak finkatuta, plazetan aritzeko modua egitea da Lopetegiren desioa: «Gustatzen zaiguna hori da». Ez du horretarako arrazoi faltarik, harria leporatzen duen gehienetan txapel bat etxeratzen baitu Izetatarren eskolako azken harribitxiak.
Harria lepora, txapela burura
Bolada onean da Mikel Lopetegi 'Urra' harri jasotzailea. Zortzi arroako hiru harrien txapelketa irabazi zuen igandean, eta halako moldeetan ariko da aurrerantzean ere: «Harri txikiekin segituko dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu