Harrien artekoa izango da Bigarren Mailako Lau eta Erdiko Txapelketako finala. Gaur jokatuko dute, Iruñean, Labrit pilotalekuan (17:15, ETB1). Joanes Bakaikoa (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1997) eta Iker Larrazabal (Amurrio, Araba, 2002) arituko dira elkarren aurka. Gertatzen dena gertatzen dela, Baikorentzat izango da txapela, enpresa horretakoak baitira bi pilotariak. Iaz ere Baikoko pilotari bat nagusitu zen: Iraitz Zubizarreta.
Harri bat bezain gogorra da Bakaikoa: langile eta borrokalari nekaezina da. Horri esker daramatza ia zortzi urte profesionaletan jokatzen. Bigarren Mailan nabarmendu da; horretan egin du distira: bitan izan da lau eta erdiko txapeldun, behin buruz buruko txapeldun, eta beste behin txapeldunorde. Harro esan dezake hark besterik ez duela irabazi bitan Bigarren Mailako lau eta erdikoa azkeneko hogei urteetan. Lorpen handia da, baina oraindik eta handiagoa izan daiteke gaur irabazten badu.
Ez du lan erraza. Hura harria bada, Larrazabal harribitxia baita. 22 urte eskas ditu, baina jada lau urte daramatza profesionaletan. Dohain handiak ditu, eta bat guztien gainetik: sekulako abiadura ematen dio pilotari. Baikok itxaropen handia du harengan, eta askotan eman dio aukera Lehen Mailakoekin aritzeko. Ez da nabarmendu. Bai, ordea, koska bat beheragokoekin. Hastapenetan, binaka moldatzen zen ondoen —txapeldun izan zen iaz, eta txapeldunorde aurten—, eta sufritu egiten zuen banaka. Baina asko hobetu du bakarkako lehian. Horren erakusle da hark irabazi duela azken buruz burukoa, eta gaur lau eta erdikoaren finala jokatuko duela.
Parean daude apustuak: ez dago faboritorik. Inoiz ez dute elkarren aurka jokatu bakarka, eta txapelketan, ez da egon alde handirik. Bakaikoa apur bat hobeto aritu da, jokatu dituen lau partidak irabazi baititu: ligaxkan, 22-11 Iosu Eskirozi, 22-16 Julen Egigureni eta 22-17 Beñat Senarri; eta finalerdietan, 22-7 Ander Muruari —Muruak Asier Agirre ordezkatu zuen, hura min hartuta baitago—. Larrazabalek, berriz, lau partida irabazi ditu, eta bat galdu: 22-9 irabazi zion Joseba Aldaberi final-zortzirenetan; 22-5 Muruari eta 22-0 Hodei Expositori ligaxkan—Expositok ez zuen jokatu, min hartuta baitzegoen—; eta 22-14 Egiguren V.a.ri finalerdietan. Aldiz, Agirre 22-17 nagusitu zitzaion ligaxkako bigarren partidan.
Bakoitza bereari begira
Asteartean aukeratu zituzten pilotak, eta bakoitzak bere jokoa egiteko aproposenak hautatu zituen: Bakaikoak, motelagoak; Larrazabalek, berriz, biziagoak.
Partida oso gogorra espero dute biek. «Larrazabalek sekulako dohain fisikoak ditu; aurrelaririk indartsuenetakoa da, eta ziurrenik, pilotari abiadura handiena ematen dienetakoa», esan zuen Bakaikoak.
Argi du zer egin behar duen eta zer ez. «Eroso jokatzen uzten badiozu, indargabetu egiten zaitu bere abiadurarekin. Mugiarazi behar dut, eta deseroso sentiarazi. Edo pilota goian jartzen dut, edo arriskatu eta txaparen mugara bota».
Bakaikoak aitortu zuen saiatzen ari dela «oldarkor» jokatzen. Badu azalpena: «Lau eta erdian erabiltzen den materiala kontuan hartuta, ezinezkoa da partida gogortzen saiatzea edo botera jokatzea. Horrela ezinezkoa da urrun iristea. Oldarkor jokatu beharra dago, eta pilota angeluetara bota».
Larrazabalek ere aurkaria goratu zuen. «Oso gogorra da, oso huts gutxi egiten ditu, eta eskarmentu handia du. Ez da erraza izango. Nekarazi beharko dut. Irabazi nahi badiot, abiadura bizia eman beharko diot pilotari».