Harria du helduleku

Pista utzi eta plazara jo du Lur Errekondok. Harri jasotzen hasi da usurbildarra, eta joan den igandean estreinako aldiz aritu zen Egur Sporten txapelketan: «Plazarako gogoa nuen».

Lur Errekondo, atzo, Aritzbatalde Zarauzko kiroldegiko harri tokian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Lur Errekondo (Usurbil, Gipuzkoa, 1995), proposamen bati baiezkoa emanda ailegatu da herri kiroletara. Urte askoan eskubaloian aritutakoa da, eta kirol hori harri jasotzearekin uztartu duen Xabat Olaizolak egin zion deiadarra: «Jose Ramonek [Iruretagoiena, Izeta II.a] Xabati galdetu zion ea herri kiroletara animatuko zatekeen emakumezkorik ezagutzen zuen, nesken taldea osatu nahi zuelako. Hark esan zidan, eta probatzera joan nintzen»

Kirolzalea baita Errekondo, eta afizio hori duenak beti aurkitzen baitu izerditzeko modua. Belaunetako lesioek eskubaloiko bidean etena egitera behartu ondotik —bost ebakuntza egin dizkiote—, harria du kirolerako helduleku: «Eskubaloia nahiko kirol oldarkorra da, eta horrek ekarri dizkit oinaze denak. Harri jasotzean askoz gehiago kontrolatzen da gorputza; nire estatistikak oso txarrak dira lesioei dagokienez, eta horregatik ezin izan dut eskubaloian segitu». Besteak beste, Bera Beran eta Zarautzen jokatu zuen.

Egun, harri jasotzeko bidea egiten ari da usurbildarra. Gogoan du izetatarrenera gerturatu zen estreinako aldia: «Konpromisorik hartu gabe joan nintzen, eta Lierni Osa ere egun hartan ari zen probatzen». Hura da Zarauzko eskolan hasi den beste herri kirolarietako bat, eta biek aurrerako urratsa egin dute ordutik: «Gustura ari gara».

Azken boladan plazetara batu den emakume kopuru oparoaren lagin bat da haiena: «Ni berria naiz, baina emakume dezente dago. Orain ari naiz mundu honetara sartzen, eta polita iruditzen zait emakumeak topatzea». Halaber, Usurbilgoak dio «oso gertuko mundu bat» aurkitu duela herri kiroletan: «Plazara joatean, batekin eta bestearekin hitz egiten dute, elkar animatu, eta gertukoa iruditu zait orain arte ikusi dudana ».

Ikasketa prozesu betean dago Errekondo, baina jada egin du plazetarako urratsa. Joan den igandean aritu zen estreinakoz Egur Sporten txapelketan, Iraetan (Zestoa, Gipuzkoa). Azaldu duenez, «urduri» ekin zion plazako jardunari, baina kontent geratu zen egindako lanarekin: «Fisikoki, gustura aritu nintzen. Asko dut lantzeko, baina dezenteko indarra sentitu nuen; gogotsu nengoen plazara ateratzeko eta harriari heltzeko. Ondo sentitu nintzen».

Ez alferrik, 46 jasoaldi egin baitzituen. Errekondo gazte mailako harriekin lehiatu zen: 50 kiloko zilindro zaharrarekin, kubikoarekin eta bolarekin. Azken molde horretako tresnarekin moldatzen da ondoen: «Bola gustatzen zait gehien. Zilindroa ere bai, baina teknikoki asko hobetu behar dut oraindik». Bide horretan ezinbesteko diren bi osagaiak baditu: nahia eta kirolari sena.

Laugarren jaialdia, Leitzan

Egur Sporten txapelketak lehendabiziko fasean daude oraindik, eta kirolariak txandan-txandan ari dira plazan. Leitzan (Nafarroa) jokatuko dute laugarren jardunaldia, bihar, goizeko hamabietan. Urrezko Aizkolarien Binakako txapelketan, Eneko Saralegi-Txomin Amundarain, Mikel Larrañaga-Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a eta Jon Rekondo-Ibai Soroa bikoteak ariko dira.

Izetatarren saileko beste kirolari bat ere ariko da Leitzan. Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a-k ahalik eta pisurik gehien jaso beharko du zortzi arroako harriekin: ehun kiloko zilindro zaharra, kubikoa eta bola izango ditu lanabes.

Ane Zinkunegi molde bereko harriekin ariko da. Errekondoren txapelketa berean ari da lehiatzen, eta, hortaz, 50 kiloko harriak izango ditu aurrean, jasotzeko prest. Aste honetan jardunaldi bakarra izango du Egur Sporten lehiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.