Harri jasotzailea

Stepan Tsirkin: «Harri pisutsuagoekin aritzeko asmoa dut etorkizunean»

Asteasun (Gipuzkoa) jokatuko den Euskadiko Harri Handien Harri Jasotze Txapelketako finalistarik ezohikoena izango da Tsirkin errusiarra. Orain bi urte hasi zen harriak jasotzen, Joseba Ostolazaren gidaritzapean.

Stepan Tsirkin harri jasotzailea. GORKA RUBIO / FOKU
GORKA RUBIO / FOKU
Unai Ugartemendia.
2024ko abenduaren 14a
05:05
Entzun

Donostiako Materialen Fisika Zentroan du eguneroko bulegoa Stepan Tsirkinek (Omsk, Errusia, 1986). Fisika teorikoko ikertzaile lanetan daramatza azken hamabi urteak. Hotz dago kalean, baina harriak jasotzeko arroparekin eta txankletekin dago.

Noiz hasi zinen indar kirolak praktikatzen?

Errusian bizi nintzenean, halterofilian hasi baino lehen, beste kirol batzuetan jardun nuen: pisu jaurtiketan, borroka librean eta judoan, esaterako. Orain dela urte batzuk, Suitzara joan nintzen lanera, eta, bertan, schwingen edo borroka suitzarra ere probatu nuen. Galtza motz oso gogorrak janzten dituzte, eta handik helduta bestea irauli behar da. Indar handia izatea eskatzen du kirol horrek.

Halterofilian pasatu duzu urte gehien harria jasotzen hasi aurretik.

Bai. Beti gustatu izan zait zerbait altxatzea! Beste kirol asko probatu ondoren amaitu nuen halterofilian. Jada hamalau urte daramatzat gutxi gorabehera halterofilian, baina, oro har, ia hogei urte daramatzat zerbait jasotzen. Halere, nire lehen kirol pausoak orientazioan eman nituen. Orain ere noizean behin parte hartzen dut Euskal Herriko probaren batean. Oso gogoko ditut orientazioa eta basoan ibiltzea.

2012an iritsi zinen lehenbizikoz Euskal Herrira. Norekin jarri zinen harremanetan halterofilian jarraitzeko?

Hona iritsi nintzenean, Orion {Gipuzkoa} jarri nintzen bizitzen, eta, gertutasunagatik, Zarautz kirol elkarteko kideekin hasi nintzen entrenatzen. Lana Donostian egiten nuenez eta Orion bizi nintzenez, niretzat oso erosoa zen bertan entrenatzea. 

Zer aurkitu zenuen Zarautzen?

Errusian maila izugarria zegoen halterofilian. Gure taldeko kide bat, Vladimir Smortxkov, munduko eta Europako txapeldun ere izan zen. Munduko errekorra lortu zuen. Izugarrizko markak egin zituen bere garaian! Zarautzen, oso maila xumea topatu nuen. Baina pisu gutxiagorekin ibiltzen den jendeak maila baduela erakutsi dit. Gaur egun, Zizurkilgo Danok Danena taldeko Eki Lizaso aipatuko nuke. 

Nola hasi zinen harriak jasotzen?

Orain dela bi urte, bigarrenez Euskal Herrira itzuli nintzenean. Probatu egin nahi nuen zer zen. Oso kirol ezaguna zela banekien, baina, halterofilian buru-belarri sartuta nengoenez, ez nuen beste ezer probatu nahi. Orain nahiko beteranoa naizenez, probatzea erabaki dut [barrezka]. Gozatzeko egiten dut. 

Joseba Ostolazarekin hasi zinen entrenatzen, baina gogoan duzu lehenbizikoz harria altxatu zenueneko egun hura?

Oso kirol ezberdina zela konturatu nintzen hasi bezain laster. Une oro pisua aguantatu behar da, posturak ez dira batere onak, asimetrikoa da… Halere, hasieratik gustua hartu nion. Oso interesgarria iruditzen zitzaidan. 

«Halterofiliarekin alderatuz, harri jasotzea oso desberdina da. Baina hasieratik gustua hartu nion. Oso interesgarria iruditu zitzaidan»

Zein dira harria jasotzearen eta halterofiliaren arteko alderik nabarmenenak?

Bi ezaugarri aipatuko nituzke. Batetik, harria askotan altxatu behar da, eta, halterofilian, berriz, saiakera bakarra izaten da aldiro. Niri pisuak ez dit axola, baina jasoaldi bakarra bada, askoz hobe. Niretzat oso zaila da harria altxatzea. Eta, bestetik, teknika eta erresistentzia. Teknika oso-oso garrantzitsua da bi kiroletan. Harria altxatzean, gorputza muturreraino eramaten duzula iruditzen zaizu.

Udan lehen txapelketa jokatu zenuen Donostian Igeldoko Harriarekin, 134 kiloko harri irregularrarekin. Nola sentitu zinen?

Harrituta gelditu nintzen bertan bildu zen jendetzarekin! Halterofiliak baino askoz jende gehiago biltzen du harriak. Zaletasun handia dago, eta telebistan ere ikus daiteke, gainera. Igeldoko Harriaren txapelketa arraro samarra da. Ezin da magnesiorik erabili harria altxatzeko, leku guztietatik irrist egiten du… Hamabi jasoaldi on egin nituen, baina lehen biak txarrak izan ziren. Haren antzeko harri bat daukagu entrenatzeko, baina ez da berbera. Harri guztiak ezberdinak dira. 

Gaur Euskadiko Harri Handien Harri Jasotze Txapelketa jokatuko duzu lehen aldiz. Jasoko duzuen harri handiena 200 kilokoa izango da, eta txikiena, 125ekoa.

Bai, nahiz eta nik nahiago ditudan pisu handiagoko harriak. Nik gusturago jokatuko nuke pisu handiena altxatzeko txapelketa. Harritu egiten nau horrelako txapelketarik ez jokatzeak! Egia da txapelketa honetan altxaldi guztiak batzen direla irabazlea jakiteko, baina nik aipatzen dudanaren aldean oso kirol ezberdina da. 

Zer espero duzu txapelketaz?

Arratsalde polit bat pasatzea, lehenbizi! Badakit orain arte jasotakoarekin ezin izango dudala irabazi. 

Aurreikuspenik baduzu buruan?

Aurretik ezer imajinatzea alferrik izaten da, eta hiru minutuko txandak izanda, edozer gerta liteke. Halere, 200 kiloko errektangularrarekin, lau altxaldi egin nahi nituzke; 175 kiloko zilindroarekin, 5 altxaldi; 150 kiloko kubikoarekin, 6 jasoaldi inguru, eta 125 kiloko bolarekin, hamar bat jasoaldi. Ez dakit indarrik geldituko zaidan bola altxatzeko! Gustukoena 200 kiloko errektangularra dut. Beste guztiekin erdipurdi moldatzen naiz. Txarra naiz guztiekin [barrezka].

Oso lan gogorra izango da. Nola entrenatu zara?

Harriak altxatzen eta gimnasioan pisua altxatzen entrenatu naiz bereziki. Lan asko egin dut gimnasioan gehienbat, harriak altxatzeko Oriora joan behar dudalako, eta ez dudalako denbora askorik izaten askotan. Pisu handienarekin hasten naiz entrenatzen, eta handik aurrera pisua jaisten joaten naiz. Askotan, azken lanerako ez dut batere gogorik izaten. Larunbatean, ahal dudan guztia ematen saiatuko naiz.

«Urdax Magunazelaia ikusten dut txapela janzteko faborito. Gari Otamendi indartsu dagoela iruditzen zait»

Nor ikusten duzu faborito nagusi txapela janzteko?

Ez dakit nor dagoen prestatuago, baina, bat esatearren, Urdax Magunazelaia. Gari Garmendia ere indartsu dagoela iruditzen zait. Ikusiko dugu larunbatean.

Etorkizunean zer asmo daukazu?

Harri handiagoekin probatzeko asmoa daukat. Interesgarriagoa iruditzen zait pisu handiak jasotzea. Halterofilia ere ez nuke betiko utzi nahi, eta noizean behin txapelketetan ere parte hartzen jarraitzeko asmoa daukat, nahiz eta orain ez dudan lehengo mailarik.

HARRI HANDIEN EUSKADIKO TXAPELKETA

  • Eguna. Gaur, 18:00etan. 
  • Lekua. Asteasuko frontoia (Gipuzkoa).
  • Parte hartzaileak. Urdax Magunazelaia, Jokin Eizmendi, Imanol Royo, Stepan Tsirkin, Gari Garmendia, Sergio Mielgo, Xabier Aranburu eta Gorka Etxeberria.
  • Egin beharreko lanak. Hiru minutuko txandak. 200 kiloko errektangularrarekin, 175 kiloko zilindroarekin, 150 kiloko kubikoarekin eta 125 kiloko bolarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.