Julen Gabirondo. Pentatloiko finalista

«Harri jasotzeak ematen dit batez ere errespetua»

Banakako euskal pentatloiko finala jokatuko da bihar, eta, sei parte hartzaileen artean, Gabirondo segalaria da estreinakoz ariko den bakarra. Finalerdietan ezustea eman zuen.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Unai Ugartemendia.
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Aspalditik zuen buruan Julen Gabirondo segalariak (Urnieta, Gipuzkoa, 1989) buruz buruko euskal pentatloian parte hartzea. COVID-19a tarteko udan segarik ez zela izango jakitean, izena emateko urratsa egin zuen, eta irabazteko hiru faboritoen artean dago.

Zer moduz iritsiko zara biharko finalera?

Uste baino justuago. Aurreko astean, gastroenteritis batek jota, tripetatik nahiko gaizki ibili nintzen, eta entrenamenduak ere ez ziren nik nahi nituen bezalakoak izan. Aste honetan, aldiz, sentipen hobeak izan ditut, eta uste dut lan on bat egiteko moduan izango naizela.

Udan sega konturik ez duzue izan. Zertan aritu zara?

Bestela ere, gure jarduna ez da aizkolarien edo harri jasotzaileen modukoa izaten. Lau saio egiten ditugu normalean uda osoan, eta alde horretatik ez gaitu hainbeste baldintzatu egoerak. Txapelketak jokatzeko asmoa neukan, baina dena bertan behera gelditu zenean, pentatloian pentsatzen hasi nintzen buru-belarri. Harria jasotzen hastea izan zen gogorrena. 100 kilokoa oso harri handia da niretzat. Lehenik, 88 kilokoarekin hasi ginen, eta pisua handitzen joan ginen. Hasi eta hilabetera zaintiratu bat izan nuen ipurmasailean, eta ordutik errespetua ematen dit.

Finalerdietatik bi aste igaro dira. Zer egin duzu bi aste hauetan?

Gehienbat harriarekin ibili naiz entrenatzen. Finalerdietan hamar jasoaldi genituen, baina finalean 25 izango dira, eta uste dut hori izango dela alderik nabarmenena. Zenbat denboran eman jasoaldi guztiak, zenbat atseden hartu... Ez dago ero moduan ateratzerik.

Finalerdiak aipatu dituzu. Saio bikaina osatu zenuen.

Bai, ondo atera zen. Neure burua ondo ikusi nuen, eta gorputzak ere bikain erantzun zidan. Harriarekin beldur nintzen oso beteta aterako ote nintzen, baina trantsizioan atseden pixka bat hartzeko aukera izan nuen, eta harriari tiraka ere ondo sentitu nintzen. Aizkoran ere txukun egin nuen, eta korrikako kilometroa ere ondo osatu nuen.

Esperotako denbora egin zenuen?

Bai, etxean egindako entrenamenduetan ibili bezala aritu nintzen han ere. Etxean, 14 minutu eta 22 segundoan eginak nituen lanak, eta antzeko ibili nintzen. Esperotakoa egin nuen. Oso gustura amaitu nuen.

Zure lehen aldia izan da pentatloian. Argi zeneukan egunen batean probatuko zenuela?

Iaz ez neukan batere argi. Urte hasieran, Telleriatarrekin harriarekin entrenatzen hasi nintzen, baina ez nengoen oso konbentzituta. Gero, behin COVID-19a etorri zenean, eta sega denboraldirik ez zela izango ziurtatu zigutenean, konturatu nintzen hau zela momentua.

Aurtengo ekitaldian izan diren parte hartzaile guztiak pentatloiko diziplinaren batean aritzen dira. Zu, aldiz, ezertan ez zara espezialista. Horrek nolako eragina du zuregan?

Hala da, bai. Lehen ere eginak ditut antzeko lan batzuk, baina hau ezberdina da. Egia da jende askok esan izan didala niretzako moduko proba dela pentatloia. Barruan banuen harra, baina beldurra ematen zidan. Niretzat lan guztiak berriak dira.

Finalerdiekin alderatuta, finaleko lanak beste kontu bat izango dira.

Bai, bikoitza baino gehiago izango da. Fisikoki oso ondo prestatuta nago, eta gorputzak laguntzen badit, ez dut uste arazorik izango dudanik. Harria jasotzen indarrak azkarregi agortzeak ematen dit beldur handien. Lehen bi lanek errespetua ematen didate, gehienbat harriak.

Askok diote finaleko lana zuretzat hobea dela. Zer diozu zuk?

Agian, korrikako hiru kilometroak aldeko izango ditudala iruditzen zait. Zalduari, agian, ez, baina besteei aldea ateratzeko aukera izan dezakedala uste dut. Baina, bestalde, indarrezko lana askoz gehiago da. 77 kilo dauzkat, eta justuko mutila naiz.

Adituek diote irabazlea Zalduaren, Arria V.aren eta zure artetik irtengo dela. Hirurek ekingo diozue lanari, gainera. Zer diozu?

Ez dakit zer esan! Peña-k ere lan handia egin zuen finalerdian, eta Aizperro-ren aurka jokatutako apustuan ere ikusi genuen zer egiteko gai den. Eta Errazkin ere ezin dugu ahaztu! Zaldua kirolari osoa da, denetan bikain moldatzen da. Harri jasotzetik oso ondo irteten da, eta hurrengo lanean hasteko ia ez du batere denborarik galtzen. Agian, beste guztiak baino maila bat gorago ikusten dut. Arria V.ak, berriz, esperientzia handia dauka. Oso mutil handia eta indartsua da, eta ero haize pixka bat ere badu. Hori ere behar izaten da horrelakoetan!

Biei irabazteko zer pasatu beharko luke?

Lehenik, nire lana bikain egin beharko nuke, eta agian mirariren baten zain ere egon beharko nuke!

Zer denboratan ibiliko da irabazlea?

Iaz, 38 minutu behar izan zituen Zalduak. Baina orain dela bi urte 36 minututan bete zituen lanak. Nik uste, aurten, 35 minututik jaitsiko duela. Onena ez asmatzea izango litzateke, nire alderako izango litzatekeelako, baina ez dut uste urruti ibiliko naizenik.

Zerekin konformatuko zinateke finalean?

Podiumean egotearekin konformatuko nintzateke. Badakit oso-oso zaila izango dudala, baina behin aterata, hor egon nahi nuke. Lehen urtea izateko handia litzateke! Ez dakit zer pasatuko den, eta azkenean gertatzen denarekin konformatu beharko dugu.

Eta, amestu, zerekin amesten duzu?

Irabaztearekin zalantzarik gabe, baina azkenean badakigu bakoitza non gauden. Amestea libre izaten da, baina hankak lurrean dauzkat.

Pentatloia amaitzean, non ikusiko zaitugu?

Federazioa eta Almitza sega elkartea zerbait antolatu nahian dabiltza. Modalitate berri bat jarri nahi dute martxan, eta horren zain nago. Badirudi urriaren erdialdean edo amaieran jokatuko dela Hernanin [Gipuzkoa]. Berriro sega hartzeko garaia izango da pentatloia amaitzean.

BANAKAKO EUSKAL PENTATLOIKO FINALA
Non: Azpeitiko zezen plazan (Gipuzkoa).
Noiz: bihar, 22:00etan.
Finalistak. Finalerdietan egindako denboraren arabera: Xabier Zaldua, Julen Gabirondo, Xabier Orbegozo 'Arria V.a', Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin eta Julen Kañamares.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.