Indar erakustaldiak ditu berezitasun Oier Lazkanok (Gasteiz, 1999). Ugari egin ditu 2020an profesional bihurtu zenetik, nola ordekan, hala ibilbide hautsietan. Eta, azkenaldian, harbideetan ere bai. Iazko Flandrian Zehar klasikoan ipini zuen lehen mugarria. Ihesaldiko onena izan zen, eta, faboritoek harrapatu ostean, gai izan zen eraso egin eta bigarren postua eskuratzeko. Aurten ere ihesean ibili da Kuurne-Brusela-Kuurne klasikoan, baina, kasu horretan, onenekin egin zuen alde: azken 80 kilometroak Wout van Aertekin (Visma) eta Tim Wellensekin (UAE) osatu zituen. Bada, datozen asteetan harri gaineko proba nagusietan hartuko du parte, eta han ere indartsuenen pare aritzen saiatuko da.
E3 Harelbeke eta Flandrian Zehar klasikoak lehiatuko ditu lehenik —bata gaur, eta bestea datorren asteazkenean—. Eta gero, bi probarik handienak iritsiko zaizkio: Flandriako Tourra eta Paris-Roubaix. Batean zein bestean autoz jarraituko du Xabier Murielek (Zaldibia, Gipuzkoa, 1981), Movistarreko zuzendari gisa. «Beste aurrerapauso bat emateko prest» ikusten du arabarra, gaitasun fisikoari dagokionez. «Munduan oso gutxik daukate berak bezalako motorra. Gainera, hobera doa urtetik urtera. Hori da onena». Alabaina, oinak lurrean izaten eta are ziklista hobea bihurtzen lagundu nahi dio Murielek. «Indarrarekin bakarrik ez dela nahikoa esaten diot. Teknika aldetik, hobetu egin behar du».
Teknikak, preseski, berebiziko garrantzia izaten du harbideetako klasikoetan. Funtsezkoa da erorikoak saihesteko, baita behar den tokian egoteko ere. «Bideak oso estuak dira, eta bihurgune eta goragune ugari izaten da. Oso zaila da kokapenari eustea, eta, harbideetara ondo kokatuta iritsi ezean, alferrik da indartsuena izatea. Oierri kosta egin izan zaio». Haatik, hobera ari da egiten pixkanaka. Hala erakutsi zuen Kuurne-Brusela-Kuurnen. «Taldean balio handia eman diogu egun hartan eginikoari, eta Oierrek zalantzak uxatu zituen bere buruarekiko: teknikoki aurrean egoteko gai dela ikusi zuen».
Bestelako erronka batzuk ere izango ditu Lazkanok. Alde batetik, aurkariek badakite jada zertarako gai den, eta ez diote nahieran ibiltzen utziko. «Emaitzak hor daude. Ez da edonor. Gainera, Espainiako txapeldunaren maillotarekin dabil, eta errazago ikusten zaio. Ez diote utziko hasierako ihesaldietan sartzen». Bestalde, osasun arazoak izan ditu hilabete hasieran, eta ikusteko dago gorputzak nola erantzuten dion ahalegin betean aritzean. «Gaixo jarri zen Paris-Nizara joan aurretik. Sukarrak jota ibili da. Orain ondo dago, baina lehen lasterketetan normala litzateke makalago sentitzea». Taldean, ordea, ez dute kezka izpirik. «Berehala hartuko du sasoia. Iaz ere garai bertsuan jarri zen gaixo, eta gero sekulako maila eman zuen».
«Munduan oso gutxik daukate berak bezalako motorra. Gainera, hobera doa urtetik urtera. Hori da onena» XABIER MURIEL Movistar taldeko zuzendaria
Lazkanori zalantzak piztu dizkio gaixoaldiak, baina «gogotsu» dago bestelakoan. «Erakutsi nahi du orain arteko emaitzak ez dituela kasualitatez lortu. Ea lehen lasterketa hauetan konfiantza berreskuratzen duen». Historikoki, harbideetako klasikoek ez dute interes berezirik piztu Movistarren. Orain, ordea, arreta handiagoa ipintzen diete. «Asko gustatzen zaizkigu azkenaldian taldera iritsi garenoi. Esaten denez, lehen probak txirrindulariren batekin bukatzea izaten zen helburua, baina oso ezberdina da orain. Ditugun ziklistekin, modu konstante batean sar gaitezke lasterketa hauetako lehen hogei postuetan». Ihesaldietan jendea sartzen saiatuko dira, abantaila taktikoa izateko. «Onenen hautaketa egiten denean, aurretik norbait badugu, gero laguntza eman ahalko dio Oierri».
Erbitiren arrastoan
Estrategikoki gauzak ondo egiteaz gain, zortea alde eduki behar da egun bakarreko probetan. «Mila gauza gerta daitezke: zulatuak, matxurak, erorikoak… Autotik lasaitasuna transmititzen saiatuko naiz». Alde horretatik, Paris-Roubaix da lasterketarik zailena. «Ezin daiteke beste ezerekin alderatu. Loteria bat da».
Bestalde, eskarmentua oso lagungarria izaten da. «Lasterketa hauek momentu erabakigarriak izaten dituzte, eta momentu horiek ezagutu eta usaindu egin behar dira. Hori esperientziak ematen dizu». Lazkano ikasten ari da oraindik. Desabantaila du aurkarien aldean. «Aurkari gehienak gazte mailatik ibili izan dira halako lasterketatan». Horri lotuta, Murielek uste du birpentsatu egin beharko litzatekeela afizionatu mailako proben nolakotasuna. «Klasikoak gustuko ditugu Euskal Herrian, baina afizionatuen lasterketak igotzaileentzat daude eginak. Agian aniztasun handiagoa bilatu beharko litzateke».
Aspaldikoak dira euskal herritarrek harbideetan lorturiko arrakastarik handienak. Guztiak Paris-Roubaix klasikoari daude lorturik: Paul Mayek besoak altxatu zituen 1945ean, eta Roger Lapebie eta Jacques Mujika hirugarren izan ziren 1939an eta 1949an, hurrenez hurren. Geroztik, Imanol Erbiti izan da distira gehien egin duena. Udaberri magikoa izan zuen 2016an: bederatzigarren izan zen Paris-Roubaixen, eta zazpigarren Flandriako Tourrean. Taldekide ohiaren emaitzak hobetzeko erronka du orain Lazkanok. Espezialistarik onenekin neurtuko ditu indarrak, gaurtik hasita. Begirada guztiak Van Aertek eta Mathieu van der Poelek (Alpecin) bereganatuko dituzte. Haien itzalpean askok egin dezakete distira.