Hiru txapelketa uztartzearen nekeak erasan badio ere, Realak lehiakor segitzen du Espainiako ligaren goialdean. Talde txuri-urdinak Europako postuetan amaitu nahi du bosgarren urtez jarraian, eta, bide horretan, garrantzitsu bilakatu da atzealdeko lerroaren sendotasuna. Izan ere, donostiarrak hirugarrenak dira ligan gol gutxien jaso dutenen zerrendan. Orotara, 21 sartu dizkiote; haietatik hemezortzi Alex Remirori, eta gainontzeko hirurak, Unai Marrerori. Igor Zubeldia eta Robin Le Normand dira, ordea, defentsako sendotasun horren zutabe nagusiak. Bien artean osatu dute atzeko lerroaren ardatza. Jokatzeko moduan izan diren aldiro, behinik behin.
Bien arteko «elkar hartzea» garrantzitsua da, Igor Quindos futbol entrenatzailearen (Azkoitia, Gipuzkoa, 1978) ustetan. Ibilbide luzeko prestatzailea da Quindos, eta, zenbait talde gidatu ostean, Mutrikuren entrenatzaile nagusia da gaur egun. Haatik, gertutik begiratzen dio Realaren egitekoari ere: «Azken urteetan zerbait ondo egin badu, gol gutxi jasotzea izan da hori. Horretan, talde guztiak du garrantzia, baina uste dut batez ere bi erdiko atzelariek dutela garrantzia».
Izan ere, teknikariak uste du bi jokalariek gorakada bat izan dutela azken urteetan. Ligako «hamar onenen artean» kokatu ditu Quindosek. Horren adibide jarri du, batetik, bretoiak Espainiako selekzioarekin jokatzen duela, eta, bestetik, azkoitiarrak lan ona egin duela: «Baloi irteeran oso ona da, kontzentrazio handia du, eta baloiaren lehian irabazlea da. Erdiko atzelari postura eraman zutenean, horrek ematen zidan beldur pixka bat: buruz burukoan irabazlea zen ala ez. Zelai erdian baloia galtzean, atzean jendea egoten da, baina atzelarien kasuan ez. Uste dut Igor ondo moldatu dela horretara».
Hain justu ere, bi alderdi horiek dira Realeko erdiko atzelarien ezaugarri nagusiak: baloi irteera ona izatea eta buruz burukoetan gailentzea. Herrikideari buruz, azpimarratu du aurrez zelai erdian aritzeak onura ekarri diola Zubeldiari. «Zelai erdian jokatzeak mesede egin dio. Buruz, erabaki azkarrak hartzen ditu, eta baloiarekin ausart jokatzea erraztu dio atzealdera igarotakoan».
Le Normandek, berriz, bestelako estiloa du jokalari gisa. «Baloiarekin ez da horren abila», baina oldarkorra da Zubeldiaren aldean. Hala azpimarratu du mutrikuarren entrenatzaileak: «Partidetan oso sartua egoten da; batzuetan gehiegi ere bai. Azken partidetan lurrean ibili da, jendearekin muturtu da, plantak egin... Oso ezberdinak dira, baina ondo hartzen dute elkar, bataren erraztasunarekin eta kokapen onarekin, eta bestearen oldarraldiekin eta aurrera egitearekin. Le Normand ez da inoren aurrean kikiltzen, eta uste dut Realak izan ditzakeen bi atzelari onenak direla».
Arazoak gaindituta, komenentzia
Itxuraz, Zubeldiak eta Le Normandek gaindituak dituzte joan zen asteburuan izandako arazo fisikoak. Hasieratik aritu arren, Imanol Alguacilek aldatu egin behar izan zituen norgehiagokak aurrera egin ahala. Dena den, okerrik ezean, hasieratik jokatzeko moduan izango dira gaur gauean. Realak Girona bisitatuko du Montilivi estadioan; kataluniarrak sasoi ikusgarria ari dira osatzen, eta erasoan distira berezia ari da egiten. Gol gehien sartu duen taldea da (52), Real Madril bigarrenak baino bost gehiago (47). Hala, pentsa liteke bi atzelarien parte hartzea funtsezkoa dela, baina Quindosek «egunerokoari» erreparatu beharra azpimarratu du: «Kanpotik ematen du aste osoan normal entrenatuta prest egongo direla, baina ikusi behar da asteartean beste partida garrantzitsua bat dagoela [Mallorcaren aurkako finalaurrekoaren joanekoa]».
Halere, teknikariaren ustez, bietako batek «seguru» jokatuko du Gironan: «Ikusteko dago biek parte hartuko duten edo ez. Biak bete-betean egonez gero, uste dut baietz, baina bietako bat justu antzean egonez gero, uste dut Imanolek haietako bat gorde egin dezakeela astearterako, norgehiagoka garrantzitsua baita».