ARRAUNA

Harrapakariak ez du janik uzten

Lehen asteburuan egin bezala, Urdaibaik irabazi ditu bigarren asteburuko bi estropadak. Aise aritu zen Donostiako ur harroetan, eta igandean ondo eutsi zion Hondarribiaren pultsuari Zierbenan.

Urdaibai Zierbenako estropadako balizetako batean. AITOR ARRIZABALAGA
Urdaibai Zierbenako estropadako balizetako batean. AITOR ARRIZABALAGA
Beñat Mujika Telleria.
2024ko uztailaren 9a
05:00
Entzun

Olatu aparretan dabil Urdaibai arraun sasoia hasi zenetik. Ekainean jokatutako hiru txapelketak irabazi zituen Iker Zabalaren eskifaiak; Bizkaikoa, Euskadikoa eta Espainiakoa. Hori, ordea, ondoren zetorrenaren jakinarazpena besterik ez zen. Eusko Label liga duela bi aste hasi zen, eta lehen lau estropadak nagusitasunez irabazi ditu; Donostian, larunbatean, eta Zierbenan (Bizkaia), igandean. Harrapakarien antzera dabil, gainerakoei jakirik dastatzen utzi gabe.

Denboraldiaren hasiera ametsetakoa izaten ari da Bermeoko (Bizkaia) arraun elkartearentzat. Lehen zazpi estropada ofizialak irabazi ditu hilabete eskasean, eta ez dirudi beste traineruek haren albora iristeko gaitasunik daukatenik. Ez oraindik, behintzat. Loria sarritan dastatua da Alain Colunga (Barakaldo, Bizkaia, 1987). 2010etik darama Urdaibairekin gorengo ligan, eta sei Eusko Label liga eta zazpi Kontxako bandera irabazi ditu bertan. Aurtengo sasoiaren hasiera «ezin hobea» izan dela azpimarratu du: «Taldea oso ondo ari da. Garaipenek konfiantzaz betetzen gaituzte. Bide onetik goazela ikusi dugu jada, baina, orain, bide horretan jarraitu behar dugu».

Oso estropada desberdinak izan ziren asteburuan jokatutakoak. Larunbat arratsaldean, Donostiako badian jardun ziren, itsaso zakarrari eta haizeari aurre eginez. Indarra da, seguruenik, Urdaibairen indargune handiena, eta horren beharra zen unean erakustaldia egin zuen. Bigarren luzea amaitu zuenerako hamabost segundoko aldea zeukan Zabalaren eskifaiak, eta bakarrik amaitu zuen estropadaren beste erdia. «Donostian jokatu dira Euskadiko zein Espainiako txapelketak, eta larunbatekoaren antzerakoak izan dira denak. Oso ondo moldatzen ari gara itsasoan, eta abantaila handi horiek hortik datoz. Nagusi gara, eta itsasoan arraun egiteko desiratzen gaude».

Igandean azkarragoa izan zen Zierbenako estropada. Orain arteko Hondarribiarik lehiakorrena ikusi zen bertan, eta azken luzean bizpahiru segundora hurbildu zitzaizkien bermeotarrei. Alferrik, ordea. «Gakoa zen zeuden olatuak aprobetxatzea. Horrelako eremuetan hori egin ezean, ez da irabazteko aukerarik egoten. Hondarribiak ederki ekarri zuen trainerua barrurakoan, baina amaieran olatu bat hartu genuen, eta hor erabaki zen estropada».

Orain arte, nagusitasunez ari da Urdaibai. Aurkariak ez daude beren onenean, eta horrelakoak ez ditu inoiz barkatu izan Urdaibaik. Hondarribiak Zierbenan erakutsi zuen bermeotarren hutsak aprobetxatzeko prest izango dela; baina, horretarako, Urdaibaik egin behar du huts. Eta, oraingoz, ez da halakorik gertatu. «Guk ez dugu hutsik egin, baina, ikusi denez, aurkariek urrun daukate haien %100a». Hala ere, oso argi dauka sasoia aurrera joan ahala, aldaketak egongo direla: «Oraindik ez dute bidea aurkitu, baina ziur nago aurkariak gure parera iritsiko direla».

Ez dago sekreturik

Orain arte lortu dituzten emaitzak eskuratzeko gakoak zein ote diren galdetuta, ez du erantzunik aurkitu. Hala ere, bi izen nabarmendu nahi izan ditu: Zabala eta Gorka Aranberri. «Hirugarren urtea da Ikerrekin ari garena, eta urtetik urtera jauzia egiten ari gara. Aurreko urteko akatsetatik ikasten ahalegindu gara, eta asmatzen ari gara. Gorkak patroi moduan abantaila handia ematen digu, itsasoan batez ere». Hala, sekreturik ez dagoela nabarmendu du: «Ondo ezagutzen dugu elkar, eta ez dago hitz egin beharrik. Gure lehen urtea izango balitz, gauzak ez lirateke hain ondo aterako. Badakigu zer egin behar diogun traineruari ondo joan dadin. Hori esperientziak ematen du, eta hiru urte elkarrekin egitea abantaila da alde horretatik».

Halako hasiera baten ostean, galdera bat dabil bolo-bolo arraunzaleen artean: ba ote dago Urdaibai garaituko duenik? Zaila da erantzuna ematen, baina, gaur-gaurkoz, lan zaila dirudi Bermeoko taldea garaitzea. Gainera, lehen lau banderak astinduta, Hondarribiak eta Castrok lortutako errekorra dator askoren burura. Hamahiru bandera irabazi zituzten Ama Guadalupekoa-k eta La Marinera-k. Halakorik lortuko al du Bou Bizkaia-k? Colungak barre egin du halako errekorrengatik galdetuta. Ez du halakorik buruan: «Nik ez diet datuei erreparatzen. Eta gure ahotan, behintzat, ez duzu errekor hitza entzungo. Prentsan irakurtzen ditugunean ohartzen gara halakoez, baina ez dugu halako helbururik. Datozen estropadei ondo ekitea da helburu bakarra».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.