Taldekideak aspaldidanik, aurkariak orain. Sadio Mane (Sedhiou, Senegal, 1992) eta Mohamed Salah (Nagrig, Egipto, 1992) Liverpooleko izarrak elkarren aurka ariko dira Afrika kopako finalean, bihar (20:00). Senegalgo selekzioaren ikurra da Mane, eta Egiptoko ikurra eta kapitaina Salah. Beraz, haiengan jarrita daude finala irabazteko esperantza gehienak. Zortzigarren aldiz irabazi nahi dute faraoiek txapelketa, eta lehendabiziko aldia litzateke lehoi menderaezinentzat. Zernahi ere, jokalari batarentzat zein bestearentzat lehen garaikurra litzateke: 2019an Aljeriaren aurka txapeldunorde izan zen Mane, eta 2017an, Kamerunen aurka galdu zuen Salahren Egiptok. Era berean, Mamadou Loum Alaveseko jokalariak ere lehen kopa irabaz dezake Senegalekin.
Juergen Klopp entrenatzaile alemaniarraren aginduetara, depresiotik atera zen Anfieldeko taldea, klubaren lehen Premier Leaguea eta seigarren Txapeldunen Liga irabazteraino. Prozesu horretan, Southamptondik 2016an iritsi zen Mane, eta urtebete geroago Erromatik ekarri zuten Salah. Erabakigarriak izan dira biak.
«Kloppen aro arrakastatsuko bi giltzarri izan dira, taldeari behar zuen gola eta erritmoa eman diotelako. Entrenatzaile alemaniarraren estiloa abiaduran eta presioan oinarritzen da, eta bi jokalari hauek oso bertikalak eta azkarrak dira. Joko mota horretarako jokalari perfektuak dira». Alvaro De Grado (Madril, 1991) Ser irrati kateak Ingalaterran duen berriemailearen analisia da hori. Zortzi urte daramatza kazetariak Manchesterren lanean (Ingalaterra), eta otsailaren 23an Away Days liburua argitaratuko dio Panenka aldizkariaren editorialak. Liburuan, Ingalaterrako futbola gertutik jarraitzen eman dituen zortzi urte horien pasadizo eta istorioak bildu ditu.
Anfieldeko ezker hegalaren jabea da senegaldarra, eta eskuinetik aritzen da egiptoarra. De Gradoren ustez, bi jokalariek harreman «oso ona» dute, nahiz eta izan diren «pasarteak» kontrakoa pentsarazi dezaketenak: «Badakite batak ondo jokatzeak besteari mesede egiten diola, eta alderantziz. Gainera, ez dute postu berarengatik borrokatzen, eta horrek erraztu egiten du harremana».
Bi jokalari horien garrantzia ulertzeko, nahikoa da Liverpoolen ari direnetik bildu dituzten zenbakiei begiratzea. Manek 107 gol sartu ditu, eta goleko 44 pase eman, 244 neurketatan. Salahren zenbakiak are hobeak dira: 148 gol sartu ditu, eta goleko 56 pase eman, senegaldarrak baino hamabost partida gutxiago jokatuta. Hala, De Gradok uste du Salah Mane baino «koskatxo bat gorago» dagoela: «Dudarik gabe, estatistikei erreparatuta ez ezik, bost urte hauetan eman duen errendimenduaren jarraitutasunagatik ere. Manek oso garai onak izan ditu, baina jarraitutasun handiagoa izan du egiptoarrak». Afrika kopako aldi honetan, Manek hiru gol sartu ditu, eta bi sartu ditu Salahk; biak ala biak erabakigarriak izan dira euren selekzioak finalera ailegatzeko.
Etorkizuna lotuz
Roberto Firmino brasildarra da, orain arte, Liverpooleko aurrealdea osatu duen hirugarren jokalaria. Hain justu, hirurei kontratua amaituko zaie 2023ko ekainean, eta Maneri eta Salahri hiruzpalau urterako kontratu luzapena eskainiko zaiela pentsatzen du De Gradok. Firminori dagokionez, baina, ez dauka hain garbi taldean jarraituko duen edo ez: «Orain arte egin diren fitxaketa gehienek ez dute lortu hiru jokalari horien estatusa auzitan jartzea. Alta, Diogo Jotak iaz aurre hartu zion Firminori, eta esan genezake jada titular dela talde honetan. Portotik ekarri duten Luis Diazek ere badu gaitasuna hori lortzeko, eta lehiakortasuna areagotuko du. Hala, hiruretako batek taldea utziko balu, ordezkoa jada taldean izango luke Kloppek».
Jokalari bikainak badira ere, euren «onena» eman dutela iritzi dio kazetariak: «Orain duten maila beste hiruzpalau urtez luzatzea da orain asmoa, aurki 30 urte izango dituztelako batak zein besteak». Dena den, De Gradok argi dauka Liverpoolen «lehentasuna» Salahri berritzea dela.
Kontuak kontu, bihar final handia jokatuko dute Senegalek eta Egiptok, Jaunden, eta gaur hirugarren eta laugarren posturako lehia dute etxeko taldeak, Kamerunek, eta Burkina Fasok (20:00).
Harrapakari aseezinenak
Senegalek eta Egiptok jokatuko dute Afrika kopako finala, bihar. Sadio Mane eta Mohamed Salah bi selekzioetako izar nagusien analisia egin du Alvaro De Grado kazetariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu