Harlequinsen aurka galdu eta agur esan dio Miarritzek Heineken kopari

Ingalesak 9-16 nagusitu dira eta lapurtarrek Challenge kopan aritzearekin konformatu beharko dute

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2013ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Miarritzek oso zaila zeukan Heineken kopako final-laurdenak jokatzea. Ingalaterrako Harlequinsen aurka garaipena behar zuen, ahal zela erasoko puntuarekin, eta beste zelaietako emaitzak aldekoak izatea. Kontratuaren bere partea, baina, ez zuen bete, eta agur erran zion Heineken kopari, 9-16 galdu baitzuen. Horrenbertzez, iragan sasoian bezala, lehen fasean esan du agur. Multzoko bigarren postuan sailkaturik, Europako Challenge kopa jokatzearekin konformatu beharko du.

Ingalaterrako liderrari, Harlequinsi, irabazten oso lan zaila zuen Miarritzek, eta azkenean pot egin zuen. Ingelesek partida kontrolpean izan zuten. Lehen zatian zuloa egin zuten, Guesten entseguari esker. Nick Evansen zangoak garaipena segurtatu zien, lau ostikotik lau hagen artera botata.

Baiona eta Gernikaren agurra

Gaur, berriz, Baionaren eta Bizkaia Gernikaren txanda izango da. Ez batak ez besteak ez du aukerarik sailkatzeko Challenge kopan. Beraz, azken partidan itxura ona ematearekin konformatuko dira. Lapurtarrek neurketa erraza dute, Italian ariko baitira, Mogliano azken sailkatuaren aurka (14:00). Askoz partida zailagoa izango dute bizkaitarrek, Worcester Warriors Ingalaterrako taldeari egingo baitiote bisita (16:00). Gaur ere Getxo Arteak ligako partida jokatuko du, etxean, Quesos Entrepinaresen aurka (17:30).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.