Golegile onena. Jerry Tollbring (GOG Gudme, 10 gol). Markagailua. 12-13 (atsedenaldia);28-30 (amaiera).
Bidasoak gau magikoa behar zuen Artalekun. Klubaren historian bizi izan direnetako bat. Baina magia GOG Gudmeko lau jokalarik egin zuten, eta Bidasoa ez da garai loriatsu haietakoa. Talde ona bai, baina bera garai batean zen bezalako edo antzeko talde bat da orain Danimarkakoa, eta orduan irundarrek askotan egiten zutena egin zuten atzo Europa iparraldekoek: gaitasuna erakutsi, eta partida irabazi (28-30).
Europako Ligako final-laurdenetan hanka eta erdi sartuta joango da Euskal Herritik. Hari mehe batean zintzilik egingo du Danimarkarako bidaia Bidasoak. Datorren asteartean jakingo da bietako zeinek egiten duen aurrera.
Jakina zen Gudme Europako talde onenetakoa dela. Modu asko daude horretara heltzeko. Erakutsi zuen banaka-banakako jokalariak dituela, eta bistaratuzuen taldea dela, oso landua, defentsan eta erasoan. Horrelako bereizgarriak dituen taldeari irabazteko ia dena egin behar da ondo. Bidasoak bi aldeetan erakutsi zituen gabeziak atzo, eta hala ere, ez zuen askogatik galdu. Gauza asko ondo eginaren seinale. Baina kale honetan egin zuen: ez zen eraginkorra izan erasoan. Zuloak eta jaurtiketak ondo bilatu eta aurkitu zituen, baina Islandiako atezain handi bat jarri zitzaion parean: Viktor Hallgrimsson islandiarra. Zalantza zen jokatuko zuen edo ez, eta hobe ez bazen aritu Bidasoaren mesederako 21 urteko gaztea. Izan ere, erakustaldia eman zuen, 47 jaurtiketetatik 21 geratuz; gehienak sei metroetatik egindakoak, gainera. 2,03 metroko erraldoi meheak zulo guztiak estali zituen atzo.
Bidasoaren beste zuloa atzealdean egon zen. Sei metroetan hor ere, nahieran aritu baitziren piboteak etxeko jokalarien bizkarrean; baita hegalekoak ere, kanpotik barrua egiten zutenean. Lehen zatiko hamargarren minutua betetzerako hutsartea eskatu zuen Jacobo Cuetarak, eta defentsako zuloak adierazi zizkien jokalariei garbi asko: «Bagenekien zer egiten duten erasoan, eta hala ere, nahi duten guztia ari zaizkigu egiten». Ordurako lau gol sartuta zeuzkan Jerry Tollbring ezker hegaleko abilak —10 egin zituen guztira, jaurtiketa bakarra hutseginez—.
Hori izan zen atzo Gudemeren mahaiaren bigarren hanka. Hirugarrena Oscar Bergendahl pibotea izan zen, zazpi gol sartu zituelako. Laugarrena erdikoa izan zen, Morten Olsen, pibotea eta hegalekoak sei metroetan elikatu zituena. Atezainarekin horra mahaia osatuta. Bidasoa gai izan zen mahai oparo horretatik jatekoa lapurtzeko, baina ezin ase, eta gose bukatu zuen partida.
Aurkaria jateko gosea ez zuen galdu, behintzat, eta partidari helduta egon zen uneoro. Hori bai, lortu zuen altxorrik handiena berdinduta joatea izan zen, inoiz ez baitzen aurretik jarri. Datua da. Aurkariaren atzetik ibili zen, eta horrek ere azaltzen du bi taldeen artean badela aldea; edo atzo behintzat, izan zela.
Kanpotarrak, arriskatuz
Gauza bat lortu zuen, gutxienez, Bidasoak, kanporaketa oraindik ez galtzearekin batera: aurkari indartsua deseroso sentiaraztea. Gainean izan zuelako beti etxeko taldea. Horregatik ziurrenik, bigarren zati osoan atezaina aulkian utzita erasotu zuen Gudmek, zazpi jokalarirekin, bi pibote jarriz sei metroetan. Arriskuak hartu behar izan zituen, baina asmatu gehiago egin zuen, Xoan atezainak hiru gol atetik atera sartu bazizkien ere. Gehiago geratu izan balu Sierrarekin batera... Balu, balitz eta balego, azkenean. Galtzen denean egiten dena.
Bidasoa 28-30 GOG Gudme
Hari mehe bati helduta
Bidasoak zail du Europako Ligako final-zortzirenak gainditzea, GOG Gudme nagusi izan baita Artalekun. Eraginkorrago izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu