Zumaiak San Miguel ligan segi- tzen al du oraindik? Asmatutako galdera da, eta inor mintzeko batere asmorik gabe egina. Zertara datorren galdera? Zumaia jaitsi- tzat ematen dute urtero garai honetan arraun munduan. Baina gero, irail aldera edo batzuetan lehenago, ziurtatu egiten du lehiaketa nagusian jarraitzea. Aurten ere hemen da, eta nola ez, jaisteko hautagai nagusia ez bada, ez zaio asko faltako; betiere, arraun munduan zabaltzen diren iritzien artean.
Ez da oinarri sendorik gabeko ustea. Ez baita gezurra esatea edota gehiegi hitz egitea Zumaia jaisteko hautagaien artean jartzea.Etxeko eta harrobiko arraunlariez osatutako taldea da, eta arraunlari batzuk oso gazteak dira, zaildu gabeak. Gainera, iazko taldearekin alderatuz gero, sei arraunlari falta zaizkio Xanti Zabaleta entrenatzaileari, eta, onartu duenez, «konpentsatu gabeko» taldea du aurtengoa. Aurreko bi denboraldietan, gutxi-asko, arraunlari multzo berarekin lan egin zuen, eta aurtengoak beste koskatxo bat igotzeko urtea izan behar zuen. Baina sei arraunlari joan dira taldetik, eta, ia-ia, hasieratik hastea bezalakoa izan da aurtengo lana. Arraunlari eginak ditu batetik, baina egin gabeak ere bai, bestetik, eta estropada batetik bestera egin beharreko aldaketetan nabari dezake Telmo Deun berriak ezaugarri hori.
Trainerua bera ere berria da. Erabat berria eta berritzailea. Arraunlariak moldatzen ari dira ontzira, eta ikusi egin beharko da zer emaitza ematen duen. Orain arte, estropada bakarrean erabili dute, Mutrikun, joan zen larunbatean, eta oso atzean sailkatu ziren zumaiarrak. Ikusi egin beharko da egun bateko kontua izan zen. Baina ez harritu askoz ere maila hobea ematea ligan. Hor daude aurreko urteetako kontuak eta datuak. Sasoia joan eta sasoia etorri, oso gutxik egiten dute Zumaiaren aldeko apustua, baina urtero garai honetan, San Miguel ligako kluben artean azaltzen da. Zortzigarren urtea du segidan.
Ohi bezala, azken urteetako joerari eutsiz, hasiera indartsua egitera aterako da, ahalik eta puntu gehien pilatzera. Helburu nagusia traineru bat atzean uztea du, eta ahal bada, bi ere bai, jaitsierako kanporaketa ez jokatzeko. Iaz, Zierbena utzi zuen atzean hasieratik, eta gero errenta horrekin bizi izan zen. Aurten, Zierbena hori zein izan daitekeen ari dira galde- tzen. Atzeko zuloan Zumaia bakarrik ibiliko dela ematen badu ere, aurten ere izango du konpainia. Lagun txarra da Zumaia borroka horretan.
Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Zumaia
Hari mehe batean
Zumaiaren helburua urterokoa izango da aurten ere San Miguel ligan: datorren urtean onenen artean segitu nahi duArraunlari multzoan iazko sei falta zaizkio, eta zaildu gabekoekin bete dute haien lekua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu