Arrauna

«Haren poza eta ilusioa, nireak»

Juan Mari eta Lorea Etxabe aita-alabek elkarrekin irabazi dute Euskotren Liga. Arraun Lagunak-eko entrenatzailea da bata, eta arraunlaria bestea: «Taldearen garaipena da, baina berezia da biontzat».

Lorea eta Juan Mari Etxabe, elkar besarkatzen, herenegun, Zarautzen, Euskotren Liga irabazi berritan. IGOR SANCHEZ.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Juan Mari Etxaberen (Oiartzun, Gipuzkoa, 1966) eztarriak ez du gezurrik esaten. Ahotsak dar-dar egiten dio Donostia Arraun Lagunak-ek herenegun Zarautzen (Gipuzkoa) Euskotren Liga irabazi izanaz mintzo denean: «Ezin dut deskribatu berak besarkatu nauenean sentitu dudana. Hunkitu egiten naiz. Nigan geratuko da: oso zaila da azaltzen». «Bera» dioenean, Lorea Etxabe alabaz ari da (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 2000).

Orain baino lehen ere garaipen sorta handia eskuratutakoa da aita, bai arraunlari modura, baita entrenatzaile postuan ere. Oraingoa alabarekin batera lortu izana da lorpena berezi egin duena, ordea. Donostia Arraun Lagunak-eko prestatzailea da Juan Mari, eta tostartekoa, berriz, Lorea.

Alabak lehen aldiz irabazi du Euskotren liga, klubak bezalaxe. Horri jarri dio puntua etxabetarren arteko gazteenak: «Lehenengoa beti gogoratuko duzun garaipena izaten da. Jendeak urte asko daramatza arraunean, honekin amesten, eta lortzea oso polita da. Gogoz ospatu dugu».

Aitarekin elkarlanean lortu izanak, ordea, balio erantsia du: «Nire aitak asko irabazi du, baina nire ondoan ikustea ezberdina da». Emozioak gehitzen dizkiola azaldu du: «Irabaztean negarrez nengoen, baina aita txalupan gerturatzen ikusi dudanean, gehiago. Alabaren eta aitaren arteko erlazioa sendotu du, eta elkarrekin gozatzea oso polita da».

Bi gehiago dira taldean

Horren adibide, Loreak keinu bat ekarri du hizpidera. Haren esanetan, aita taldean «bat gehiago» da, eta lehen ospakizuna partekatua izan zen Zarautzen (Gipuzkoa). Harik eta zodiakean topo egin zuten arte: «Saria jasotzeko txalupara igotzean, besarkatu egin genuen elkar, eta eskerrak eman genizkion elkarri».

Juan Marik ere azpimarratu du «taldekide bat gehiago» dela Lorea, baina haren jardun ona goratu du: «Oso kirolari handia da. Zortea izan dut; borrokalaria da, eta gauzak erraztu egin dizkit. Ez dut begiratzen nire alaba den ala ez, baina bukatu dugunean, haren poza eta ilusioa nireak izan dira. Zoragarria da». Etxabetarrak familiako kideekin oroitu dira, eta haiei eskeini diete lortutakoa.

Garaipena bera ere «ederra» izan dela aitortu dute biek. Liga gogor baten osteko bozkaria izan da, txapelketa estua jokatu baitute lau taldeek. Euskotren ligan, sailkapeneko puntuetan Oriorekin berdinduta geratu dira —39na lortu dituzte bi taldeek—, baina garaipen kopuru handiagoak ahalbidetu du Lugañene-koen garaipena. «Egia da Zarauzko Ikurrina irabazita gailendu nahi genuela, baina pozik geratu gara. Aurreikuspenetatik gora geratu gara; bagenekien ligan ondo ibiliko ginela, baina maila handia dago. Askotan, ondo ibiltzea ez da nahikoa izaten», dio Loreak.

Arrakastaren sekretua «lana eta lana» izan da, alabaren esanetan, eta ados dago aita ere. Hark denboraldi-aurrean igarri zuen goian ibiltzeko moduko trainerua zuela: «Irabaztea oso zaila da, baina ikusten nuen materiala bagenuela; jaitsieretako denborak ikusita, zer lan egiten ari ginen, kontent ginen. Banekien posible zela; aurrerapausoa ematea falta zen».

Baita eman ere. «Sinetsi, eta gauzak ondo egin»: hori izan zen entrenatzailearen pentsamoldea, eta azpimarratu du alde horretatik taldea «hazi» egin dela. Presioa kudeatzea izan da gakoetako bat; irabazteko «asko sufritu» behar izan dutela argudiatu du, baina nabarmendu du udan jazotako egoerei erantzuten asmatu dutela: «Sentitu dut pausoz pauso joan garela, eta gero eta sendoago ikusi dut taldea, nahiz eta asteburu honetan izan ditugun urduritasunak». Larunbatean nahiko akats egin genituen, baina igandean asmatu genuen. Presioa gainetik kendu zuten».

Arraunlariak multzoaren goseari egin dio erreferentzia. Azaldu du «denak berriak» direla, eta taldekide guztiek Euskotren liga lehendabiziko aldiz irabazi izana jarri du adibide: «Ez gara talde beterano bat».

Orain, segi eta segi

Behin Euskotren liga irabazita, Arraun Lagunak-ek ez du asetzeko asmorik. Taldeko kideek garaikurrak eta banderak pilatzen segitu nahi dute aurrerantzean ere, eta, nahi eta nahi ez, irailaren hasieran jokatuko den Kontxako Banderari erreparatzen diote jada. Donostiako traineru batek emakumezkoetan sekula irabazi ez duen saria da, eta Arraun Lagunak-i denboraldi honetan lortzeko geratzen zaion helburu bakarra.

Aho bizarrik gabe mintzatu da teknikaria: «Dudarik gabe. Ez diogu inori beldurrik izan behar. Gainontzekoei irabazteko gai garela erakutsi dugu. Lehen ere irabazi ditugu Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak, eta orain liga irabazi dugu. Presioa da guretzat, eta Kontxan gehiago izango dugu, donostiarrak garelako, jende gehiago dagoelako. Horrek ematen dit beldurrik handiena, baina, fisikoki eta arraunketaz, lor dezakegu. Zergatik ez? Sufritu egin dugu Euskotren Liga irabazteko, baina ikusita zein klub dauden eta nondik heldu garen, kristoren poza dugu gainean. Deskribaezina da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.