Hasteko irrikan nago. Urte osoa daramat egun honen zain. Hareari katigatuta bizi naiz». Fausto Motarena da aitorpena (Porto, Portugal, 1977). Duela ia hogei urte Uzkianon (Araba) bizi den moto pilotuak bi egun daramatza Jiddan. Saudia Arabiako hiri horretan hasiko da bihar Dakar rallyaren 42. ekitaldia, eta Motak bosgarrenez hartuko du parte rallyririk gogor eta ospetsuenean. Hain zuzen, hura da lehian ariko den euskal herritar bakarra.
Hamabi etapa jokatuko dituzte bihartik hilaren 17ra. 7.856 kilometro egingo dituzte; horietatik 5.000, kronometratuak. Rallyaren %75 basamortuan jokatuko dute, harea eta duna artean. Motaren arabera, «berezia» da aurtengo Dakarra. Eta halaxe da. Aldaketa esanguratsua izan du, azkeneko hamar urteetan Hego Amerikan jokatu ondoren, Asian egingo baita, Saudi Arabian, hasi eta buka. Inoiz ez zen jokatu kontinente horretan, baina antolatzaileek bertan topatu dute ihesbidea, Hego Amerikan gero eta gutxiago baitziren proba antolatzeko interesa zuten herrialdeak.
Saudi Arabiaren exijentziak
Saudi Arabiak lekukoa hartu dio Peruri, eta hori lortzeko, dirutza ordainduko dio ASOri, proba antolatzen duen enpresari: 75 milioi euro inguru hurrengo bost urteetan, hamabost milioi euro urteko. Trukean, hori bai, makina bat exijentzia egin du: besteak beste, parte hartzaileek «duin» jantzi beharko dute, ezingo dute arropa «deigarririk edo pegaturik» eraman —emakumezkoek ezingo dituzte sorbaldak eta belaunak bistan izan—, tatuaje «iraingarririk» erakutsi, «maitasun keinurik» egin, alkoholik edan eta txerrikirik jan. Riadeko gobernuak ohartarazi du arau horiek hausten dituztenek «zigor gogorrak» jasoko dituztela. Heriotza zigorrarekin ere mehatxatu ditu. Horren ondorioz, azkeneko urteetan baino emakumezko gutxiago ariko dira, hamabi besterik ez. Gizonezkoak, berriz, 531 dira. «Ez nago inondik inora ere ados Saudi Arabiak egiten dituen gauza askorekin, bain,a hemen ariko naizenez, errespetatu egin behar ditut», esan du Motak, etsipenez.
Bestelakoan, gustatzen zaio aldaketa. Haren iritziz, Dakar rallya «sorrerara» itzuli da. «Dakarra beti izan da abentura bat, eta uste dut aurten izaera hori berreskuratuko duela». Bi aldaketa nabarmendu ditu uste hori indartzeko. «Batetik, inoiz ez da hemen jokatu Dakarra, eta, beraz, guztiontzat izango da esperientzia berria. Inork ez du abantailarik izango. Bestetik, antolatzaileek ohi baino beranduago emango digute etapa bakoitzeko ibilbide zehatza. Lehen, lehenago jasotzen genuen, eta baliabidez aberatsagoak diren taldeek lan horretarako espezialistak dituztenez, abantaila handia zuten. Orain, aldiz, ez dago halako alderik, eta uste dut lehia parekatu egingo dela». Oso argi du zeinek irabaziko duen: «Gidaririk osoena gailenduko da, ez azkarrena. Ohi baino ustekabeko gehiago egongo dira».
Urtez urte, gero eta hobeto
Dakarrean bada esaldi bat dioena bukatze hutsa jada garaipen bat dela. Hain gogorra da, ezen balentria baita helmugara iristea. Bada, Motak beti amaitu du, eta urterik urtera gero eta postu hobea lortu du: 53.a izan zen 2011n; 49.a 2016n; 43.a 2017an; eta 29.a iaz. Sekulako meritua du horrek. «Zortekoa izan naiz. Inoiz ez naiz erretiratu». Unerik onenaz galdetuta, iaz Limara iritsi zenekoa aipatu du. «Sekulakoa izan zen». Txarrena, berriz, orain bi urte bizi izan zuen, mekanikari batekin. «Oso gaizki portatu zen Oscarrekin [Oscar Romero pilotu gasteiztarra] eta nirekin».
Iazko Husqvarna 450 moto berarekin ariko da aurten, eta berriro izango du ondoan Pedro Oliveira «lagun, mekanikari, masajista eta psikologoa». Iazkoa berdindu nahi du. Horretarako aritu da lehiatzen Marokon, ondo lehiatu ere, bederatzigarren izan baita Panafrika Rallyan. «Oso zail» ikusten du koska bat gorago egitea. «42 urte ditut, eta daukadan gutxiarekin ariko naiz». Hala ere, aitortu du «zortekoa» dela, dirurik ez baitu jarri behar izan. «Babesleek ordaindu dizkidate behar nituen 70.000 euroak. Oso eskertuta nago abentura zirraragarri honetan parte hartzeko aukera emateagatik».
Hareari katigatuta
Bihar hasiko da Dakar rallya, eta lehen aldiz Asian jokatuko da: Saudi Arabian. Fausto Mota moto pilotua izango da euskal herritar bakarra lehian, bosgarrenez. Aurreko lau aldiak amaitu ditu, eta «oso pozik» legoke berriz lehen 30en artean iritsita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu