Harea harrotuko duen lehia

Euskal duatloiaren hirugarren txapela jokatuko dute bihar, Azpeitian. Sei lagun ariko dira lehian, atariko kanporaketa gainditu eta gero.

(ID_17135342211685) Duatloiko finalistak. Mugertza, Soroa, Oier Cañamares, Jauregi,
Mugertza, Soroa, Oier Cañamares, Jauregi, Rodriguez eta Zaldua—Julen Kañamaresek ordezkatuko du azken hori—.DUATLOIA.
Jon Ander De la Hoz.
2024ko apirilaren 20a
05:05
Entzun

Euskal duatloia ari da bidea egiten. Hirugarren ekitaldia du aurtengoa, eta urtez urte indartzen ari da herri kirol egutegian. Sei lagun ariko dira txapela lortzeko lehian, bihar, Azpeitiko (Gipuzkoa) zezen plazan (12:10, ETB1). Hogei kirolari aritu ziren martxoan jokatutako kanporaketan, eta orduko sei onenek egin dute urratsa: Suharri Rodriguezek, Arkaitz Jauregik, Oier Kañamaresek, Ibai Soroak eta Ugaitz Mugertzak, eta Xabier Zalduak. Azken hori ez da ariko lesio bat tarteko. Julen Kañamaresek ordeztuko du. Hura sailkatu zen zazpigarren postuan.

Nolanahi ere, zezen plazako harea harrotzeko moduko saioa izango da. Izan ere, parte hartzaile guztiak dira inoiz edo behin finalean aritutakoak. Mugertzak irabazi egin zuen lehendabiziko urtean, baina iaz ez zuen parte hartu, eta aurten itzuliko da proba erabakigarrira. Bestalde, Eneko Saralegi joan zen urteko txapelduna faltako da Azpeitian, aurtengo aldian ez baita aritu. Duatloilariak bi txandatan ariko dira, atariko kanporaketan ezarritako hurrenkera kontuan hartuta. Jauregi, Rodriguez eta Julen Kañamares ariko dira aurrenekoan, eta Oier Kañamares, Soroa eta Mugertza bigarrenean. Azken hirurak moldatu ziren ondoen; mutrikuarra izan zen bizkorrena Tolosako kanporaketan (Gipuzkoa).

Aurreko finaletako lan berberak egingo dituzte oraingoan ere. Aizkoran egingo dute hasteko eta bukatzeko, eta, tartean, korrika ariko dira. Hala, 45 ontzako lau enbor ebakiko dituzte lehendabizi, era tradizionalean —horizontalean kokatuta—. Lau kilometroko lasterka egingo dute jarraian, zezen plazari itzulika, eta bertikalean kokatutako 45 ontzako beste lau enbor moztuta amaituko dute lana. 

Aurten ariko direnen artean, 2022an txapeldun izandako Mugertzak du markarik onena (32.31), eta iaz bigarren izandako Soroa du atzetik (32.36). Azken horrek azaldu duenez, Mugertzak atarikoan ere erakutsi zuen bere ahala —denborarik onena lortu zuen: 14.20—, eta kontuan hartzeko kirolaria izango da saio nagusian. «Ideia bat egin daiteke», aurreratu du Arribeko (Nafarroa) aizkolariak: «Azpimarratzekoa da Ugaitzek egin zuen denbora; ikusten da prestatuta eta gogotsu dagoela. Ez litzateke ezustea izango hark txapela janztea».

Gainontzeko laurak ere ondo zaildutako herri kirolariak dira, eta hogei lagunen arteko proba bat gaindituta igaro dira finalera. Galbahe hori igarota, Soroak kontuan hartzekoak direla nabarmendu du: «Besteak ere ahaztu gabe. Kañamaresek iazko finalean ez zuen zorterik izan, eta atzean geratu zen. Suharrik hirugarren egin zuen, eta pentsatzen dut aurten ere berriro antzera aritzeko moduan egongo dela. Jauregi beti dago hor, eta denbora ona egiten du; lanak ematen ditu. Aurreko urtean txanda berean aritu ginen, eta lanak eman zizkidan korrika. Nik uste lehia polita izango dela».

Hiru asteko prestaketa

Joan zen martxoaren 23an jokatu zuten finalaren atariko kanporaketa, Tolosan. Orduan sailkatutako sei kirolariek hiru asteko prestaketa aldia izango dute, eta haietako zenbaitzuk bestelako txapelketa eta saioekin uztartu dute lan hori. Soroak azaldu duenez, aldi horretan «saiatu naiz astean behin finaleko lana osatzen».

29 urteko aizkolariaren esanetan, era guztietako probaldiak egokitu zaizkio bolada horretan: «Egin ditut lan onak, eta lan txarrak ere bai. Aizkolaritzak badu xarma hori; egurrak onak direnean ematen du denbora onen barruan zaudela, baina txarxeagoak direnean —gogorragoak edo—, pixka bat desmoralizatzen da bat, denborak ihes egiten duelako. Kontentu nago, ordea; beti nahi da hobeki, baina konformatzen naiz. Uste dut iazko denboratan ibiltzeko moduan nagoela».

Beraz, Soroak aldarte onean ekingo dio igandeko lehiari, eta gorengo postuen peskizan ariko da. Nolanahi ere, ez du uste gainontzekoek bestelako xedea izango dutenik. «Esango nuke denok antzeko helburua izango dugula», aurreratu du herri kirolariak. Arribekoaren arabera, «hogei aizkolaritik seik gainditu genuen kanporaketa eta uste dut guztiak txapela irabaztera joango garela».

Haatik, egungo bigarren sailkatuak argi du zein den garaipena eskuratzeko biderik eraginkorrena: «Iazko denbora hobetzera joango naiz. Saralegi eta nire arteko tartea bi minutukoa izan zen, eta alde handia ikusten dut hobetzeko. Uste dut badudala horretarako modua, eta baita gaitasuna ere, eta horretan saiatuko naiz. Ez dakit nahikoa izango den txapela janzteko, baina uste dut nire denbora hobetuz gero gertu ibil naitekeela». Saralegik 30.36ko errekorra ezarri zuen joan zen urteko finalean: orain arteko onena da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.