Kirola. Nafarroako emakumezkoen taldeak krisian

Harago ailegatu nahi duen taldea

Iruña taldeak sei urteko bidea egin du boleibolaren esparruan; hutsetik, Superligara ailegatu da; kirolaz gain, berdintasunaren aldeko lana ere badu xede

edurne elizondo
Iruñea
2013ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Iruña taldeak 1939. urtean hasi zuen bere bidea. Gizonezkoek futbolaren esparruan egindako urratsak izan dira orain arteko ia guztiak. 2007an, ordea, emakumezkoen boleibol taldea hasi zen lanean. Lan horrek eman du emaitzarik jada: sei urteko denbora tartean, hutsetik gailurrera ailegatu dira jokalari nafarrak. Superligara. Kirolaz harago, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko lana bultzatzea dute xede.

Meritu handiko lana egin du Iruña taldeak, kontuan hartuta azken hilabeteotan Nafarroako emakumeen kirolaren esparruan lehen mailako izan diren hainbat talde desagertu edo mailaz jaitsi direla; aurreko denboraldian bosgarren sailkatu ziren ligan, eta aurten emaitza horri eutsi edo hobetu nahi du taldeak. Horixe nabarmendu du Rafael Hernandez presidenteak.

Argi du orain arteko arrakastaren giltza zein izan den: «Errealitatea kontuan hartuta egin ditugu aurrekontuak beti; ordaindu dugu ordaindu ahal izan duguna», azaldu du. Horrekin batera, boleibola Nafarroan kirol gutxitua izateak «mesede» egin diela uste du Hernandezek. «Erakundeen eta enpresen babesa jaso dugu». Denera, 250.000 euroko aurrekontua du Iruña taldeak aurten, emakumezkoen boleibol arlorako; hau da, Superligako eta harrobiko gainerako taldeen artean banatzeko. «80 neska ditugu harrobiko taldeetan; eta hainbat eskolarekin ditugun akordioen bidez, bertze 100 aritzen dira gurekin».

Lan horren bidez, hain zuzen ere, gizonen eta emakumeen berdintasunaren aldeko lana bultzatu nahi du Iruña taldeak. «Hori egiteko aukera dugu gure esku, eta profitatu nahi dugu; hezkuntzaren arloa jorratzea garrantzitsua da», nabarmendu du presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.