Hiru asteko geldialdiak kalte baino mesede gehiago egin diola uste du Ezkurra II.ak (Urruña, Lapurdi, 1981). Uztaritzeko zahar etxe batean egiten du lan eta ondo uztartzen du hango jarduna entrenamenduekin. Hiru egun falta dira finalerako eta lasai dago.
Zer moduz zaude sasoiz?
Ondo, kontent naiz. Aspalditik ez dut eskuko minik. Duela hiru urte takoak nola jarri ikasi nuen Panpi Ladutxerekin, eta hartaz geroztik, ia ez dut minik.
Finala astebetez atzeratu izanak kalterik egin dizu?
Ez, niretzat aproposa zen atzeratzea. Final bat jokatzeko ez da txarra astebete gehiago edukitzea. Lan fisikoa eta lan teknikoa egiteko aproposa da, eta joan den astea lan anitz egiteko baliatu dut.
Alor fisikoan hobera egin duzu azken urteetan. Zenbat argaldu zara?
Urte eta erdi da adiskide batekin hasi naizela lan fisikoa egiten. Astean hirutan entrenatzen naiz, bizitasuna lantzeko bereziki, eta hori garrantzitsua da buruz buru. Kalitatezko lana egiten dut entrenamendu luzeak bainoago. Bai, orain 79 kilotan nago, eta azken urteetan sei kilo galdu ditut. Duela bi urte 85 kilotan nengoen, eta hori zen lehen helburua entrenatzaileekin, hobeto mugitzeko. Franko galdu dut, eta nabaritzen dut; sasoiko nago. Trinket entrenamenduak, berriz, anaiarekin egiten ditut. Gustura nago inguruan dudan jendearekin. Orain lanean ere banabil, egun osoan, eta lasaiago entrenatzen naiz.
Zazpigarren finala duzu, urduri?
Urteekin eta esperientziarekin estres eta presio gutxiago sentitzen duzu. Gero, ni ez naiz faboritoa, eta nik plazer hartzen dut final honekin. Nik final hau nire entrenatzaile, familia eta adiskideentzat jokatuko dut, eta plazer izango da jende horrentzat ni ikustea. Nire aldetik, pozik eta presiorik gabe.
Finalekin gozatzea posible al da?
Bai, iaz kontua desberdina izan zen. Final lehiatua izan zen, eta aurten ere hala izatea nahiko nuke; ikusleei «Paxkalek partida ona egin du» entzun nahiko nieke, «bere maila eman du». Saiatuko naiz gozatzen.
Waltary faborito garbia izateak lasaitasuna ematen al dizu?
Zalantzarik gabe. Bera da faborito, sakearekin min handiagoa egiten duelako buruz buru, eta nire aldetik, ez dut presiorik. Nire helburua da nire mailan jokatzea, eta, lanari esker, orain inoizko sasoirik onenean nagoela uste dut.
Inoiz baino hobeto zaudela diote. Superprestige ondo irabazita, txapelketa ona eginda...
Nik ere entzun dut, eta konfiantza ematen du. Jendeak esaten du: «Berriz ikusten dugu gure Paxkal; kolpea du berriz...». Halako gauzak entzutea konfiantza ematen du, eta animo handiarekin nago une honetan.
Astuna egiten al da finaletan beti aurkari bera izatea?
Aurten partida beste modu batera hartu dut. Badakit sasoi hobean nagoela, eta nire aldetik, ez diot aurkariari begiratzen, berdin dit Waltary izan edo beste norbait. Modu berezian hartuko dut partida, hobeto sentitzen naizelako. Waltary da aurkaria, ados, baina nik berdin egiten dut lan.
Nola irabazten zaio?
Berak sakearekin egiten du min.Saketik hogei tanto egiten baditu, ez da partida izanen. Beste aldetik, nik ere nire sakeak nahastu behar ditut, eta jokoan ez dut beldurrik ukanen, eta aukerak baditut, tantoa egiten saiatu.
Jenderik gerturatu al da?
Ondo, kontent dira federazioan ikusle kopuruarekin. Urte osoko zirkuituan ere ikusten da jendea, Eskupilota eta Federazioaren arteko gerlaren amaierak mesede egin digu guztioi.
Afizionatuak sartu dituzte txapelketan, zer iruditzen?.
Albiste oso ona izan da. Etorkizuna gazteak dira, eta nik, adibidez, gustura asko jokatuko dut binakakoan Peio Larralderekin. Hori biziki garrantzitsua da, eta ikusleek gazteak ikusi nahi dituzte gurekin, biziki ondo ari direlako.
Eta Hego Euskal Herrikoak? Uriartek azaroan irabazi zizun.
Ni ados nengoke; Hego eta Ipar Euskal Herrian gauza anitz daude egiteko. Uriartek, Antxiak, Gonzalezek... badute maila gurekin jokatzeko, eta hor badago bidea egiteko. Nik gustuko dut horrelako gauzak ikustea, eta guretzat ere plazera da hegoaldean jokatzea. Espero dut laster Bilboko trinketan jokatzea... Ipar Euskal Herrian lehiaketa anitz badago, baina badugu tartea partida berezi batzuk Bilbon, Abadiñon edo Iruñean jokatzeko. Pilotariok haizeari jarraitu behar diogu.
Paxkal Ezkurra. Trinket pilotaria
«'Hara, gure Paxkal itzuli da, kolpea du berriz' entzuteak konfiantza ematen dit»
Buruz buruko bi txapel ditu etxean, baina jokaturiko azken lau finalak galdu egin ditu, laurak Waltaryren aurka. Igandean, berriz ere izango du aurrean, baina bera lasai dago: «Helburua nire maila ematea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu