ARGENTINA 1 - 2 SAUDI ARABIA

Hankaz gora jarri du

Saudi Arabiak eman du txapelketako lehen ezustekoa, Argentinari 1-2 irabazita. Frantziak ez du huts egin, eta, galtzen hasi den arren, 4-1 irabazi dio Australiari

Saudi Arabiako selekzioko Salem al-Dawsari eta taldekideak Argentinari sartutako bigarren gola ospatzen. NOUSHAD THEKKAYIL / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Messik (10. min, penaltiz.). 1-1: Saleh al-Xhehri (48. min.). 1-2: Salem al-Dawsari (53. min.)

Ustekabean galdu zuen atzo Argentinak, Munduko Kopa irabazteko faboritoetako batek. 1-2 irabazi zion Saudi Arabiak, txapelketako talde apalenetako batek. Berehala aurreratu zen Argentina, Messik penaltiz sartutako gol bati esker, baina bigarren zatian miraria gertatu zen. Saudi Arabiak hamar minutuan irauli zuen markagailua, eta defentsako lan bikain batekin hiru puntuak eskuratu zituen. 36 neurketa jarraian zeramatzan Argentinak galdu gabe —selekzio baten inoizko bolada onenetan bigarrena—, eta une okerrenean iritsi zitzaion porrota.

Garaiz iritsi zen Argentinaren gola. Leo Messik ateratako korner batean penaltia egin zuen Saud Abdulhamidek, eta Messik berak bidali zuen baloia sareetara. Saudi Arabia, ordea, ez zen kikildu, eta gola jaso ondoren baloiaren jabetza bereganatzen saiatu zen. Emiliano Martinezen area ingurura iristea lortu zuen, baina arrisku gehiago zeukaten Argentinaren kontraerasoek saudiarabiarren jokoak baino. Oso modu bertikalean jokatzen hasi zen Lionel Scaloniren taldea, eta gertu izan zuen bigarrena.

Hala ere, bikain koordinatu ziren Saudi Arabiako atzelariak, eta hainbat aldiz utzi zituzten jokoz kanpo Argentinako aurrelariak. Beste hiru gol sartu zituen Argentinak lehen zatian, baina denak baliogabetu zituen epaileak, jokoz kanpo baitzeuden. Argentinarren talentuaren aurka defentsa gogorra egin zuen Saudi Arabiak, eta baloi geldian ere hainbat aukera izan zituen Argentinak bigarrena sartzeko. Hala ere,1-0 amaitu zen lehen zatia.

Bigarren zatiaren hasiera ikusgarria izan zen. Herve Renarden taldea ziurtasunez aritu zen, eta Argentinaren gol festa espero zitekeenean, hamar minutuan irauli zuen markagailua Saudi Arabiak. Lehenengo gola luze jotako baloi baten ostean iritsi zen; Saleh al-Xehri aurrelariari iritsi zitzaion baloia, eta Cristian Romero gainditu ondoren erremate gurutzatu batekin jarri zuen banakoa markagailuan. Hor hasi zen arabiarren festa, baina ez zen bertan amaitu; bost minutu beranduago magia egin baitzuen Salem al-Dawsarik. Saudiarabiarrak arearen ertzean kontrolatu zuen baloia, eta, bi atzelariri izkin egin ostean, atezaina iritsi ezin zitekeen tokira bidali zuen baloia.

Zoramenaren erdian, Nicolas Tagliaficok izan zuen bigarren zatiko aukera garbiena Argentinarentzat. Nicolas Otamendiren erdiraketa bat Lisandro Martinezek ukitu zuen, eta belaunarekin, posible zuen moduan errematatuzuen Tagliaficok. Baloia sareetara helduko zela zirudien, baina bertan agertu zen Mohamed al-Owais atezaina, eta kornerrera bidali zuen baloia.

105. minutura iritsi zen partida, baina, Saudi Arabiaren defentsa gogorraren aurrean, Argentinak ez zuen lortu aukera garbirik egitea. Lusail Iconic estadiora hurbildu ziren milaka zale argentinarrek ez zuten ikusitakoa sinesten, eta partidaren aurretik festa zena hileta elizkizun bilakatu zen bi orduren bueltan.

Txanponaren beste aldean, gozatzea egokitu zitzaion Saudi Arabiari. Riadeko eta herrialdeko beste hiri batzuetan herritarrek pozez lehertzen bete zituzten kaleak atzo, selekzioak irabazi ondoren. Saudi Arabian inor gutxik espero zuen selekzioak Messiren Argentina garaituko zuenik, eta mugarri historiko bat ezarri zuten. Hori dela eta, Salman bin Abdelaziz erregeak jaiegun nazional izendatu du gaurko eguna. Herritarrek ez dute lanik egin beharko, eta eskolak ere itxi egingo dira.

Frantziak jarri zituen golak

Eguneko beste partidetan, Danimarkak eta Tunisiak, eta Poloniak eta Mexikok berdindu egin zuten, eta Frantziak, aldiz, 4-1 irabazi zion Australiari. Golik gabe bukatu ziren lehen bi neurketak, baina guztiz desberdinak izan ziren biak. Tunisiak partida handia jokatu zuen Danimarkaren aurka; defentsako lana modu bikainean betez, eta kontraerasoan min eginez. Bi taldeek izan zituzten gol aukera garbiak, baina bi atezainak izan ziren neurketako jokalari onenak: Kasper Schmeichel Danimarkan, eta Aymen Dahmen Tunisian.

Poloniaren eta Mexikoren artekoa ere 0-0 amaitu zen, baina ez zituzten aukera garbiak sortu.Poloniak izan zuen garbiena. Robert Lewandoski selekzioko izarrak penaltia izan zuen Polonia markagailuan aurretik jartzeko, baina Guillermo Memo Ochoak gelditu egin zuen jaurtiketa. Zelai erdian jokatu zen ia neurketa osoa, eta bi taldeetako atzelariak nagusitu ziren.

Australiak izutu egin zuen Frantzia, 0-1 aurreratu baitzen Craig Goodwinen golarekin, baina gutxi iraun zion pozak. 4-1 irabazi zuen Frantziak, eta Kylian Mbappe, Adrien Rabiot eta Olivier Giroud izan ziren golegileak. Azken hori Frantziako selekzioko golegile nagusia bilakatu zen atzo, Thierry Henryrekin berdinduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.