Handienen klubean ate joka

Behin errugabe jota, Chris Froome Frantziako Tourra bosgarrenez irabazten saiatuko da gaurtik aurrera. Zaleek txistu egin zioten aurkezpenean, eta haren aurkako giroa espero da. Zortzi euskal herritar ariko dira; iaz adina. Bideoa albistearen amaieran.

Handienen klubean ate joka.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Ohituta dago begi guztiak gainean izatera, eta gaurtik aurrera hala izango ditu berriz ere Frantziako errepideetan. Chris Froome da, miretsia bezain gorrotatua. Tourra gaur hasiko da, eta hura da berriz ere irabazteko faborito nagusia. Lortuko balu, bosgarrena luke, bosgarrena jarraian eta Eddy Merckx, Jacques Anquetil, Bernard Hinault eta Miguel Indurainen marka berdinduko luke, eta, bide batez, handienen klubean sartuko litzateke. Eta nola gainera, urte berean Italiako Giroa eta Tourra irabazita. Frantzian, baina, ez daude hari gorazarre egiteko. Iragan igandean ASOk, Tourra antolatzen duen enpresak, publikoki aitortu zuen ez zuela lasterketan nahi haren dopin auzia oraindik argitzeke zegoelako. Astelehenean, baina, UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak jakinarazi zuen ez zuela zigortuko. Legea alde du Froomek. Epaileentzat errugabea da, baina zaleek epaimahai propioa dute. Herenegun, aurkezpenean, ozen egin zioten txistu.

Froome da faborito nagusia, Giroko ahaleginak ordaintzen ez baditu. Hari aurre egiteko prest daudenen zerrenda oso luzea da, harrigarriki luzea: Vincenzo Nibali (Bahrain) 2014ko Tourreko irabazlea; Movistarreko hirukotea: Mikel Landa, Alejandro Valverde, eta Nairo Quintana —bi aldiz bigarren izandakoa—; Tom Dumoulin (Sunweb) iazko Giroko irabazlea eta aurten bigarren izandakoa; Rigoberto Uran (Education First) iazko txapeldunordea; Romain Bardet (AG2R) azken bi urteetan podiumean sarturikoa; Richie Porte (BMC) borrokalaria... Horiei ezustekoa emateko gai diren Primoz Roglic (Lotto-Jumbo) eta halako gazteak gehitu behar zaizkie.

Zortzi kideko taldeekin jokatuko den lehen Tourra da, eta horrek 176ra murriztu du txirrindulari kopurua. Horietatik zortzi euskal herritarrak dira: Mikel Landa eta Imanol Erbiti (Movistar), Gorka eta Ion Izagirre (Bahrain), Omar Fraile (Astana), Jonathan Castroviejo (Sky), Mikel Nieve (Mitchelton) eta Romain Sicard (Direct Energie). Iazko kopuru bera da, eta duela bi urte baino bat gehiago. Guztira, tropelaren %4,5 da euskal herritarra, eta kolonbiarrak (sei), espainiarrak (lau), britainiarrak (bost) edo AEBetakoak baino gehiago dira. Zortziek gainera rol garrantzitsua dute: Landa liderra da, luxuzko morroi asko daude eta Nieve eta Fraile etapa ehizan ariko dira.

Euskal Herriaren itzala, baina, parte hartzaileez haratago doa, azken-aurreko etapa Lapurdin jokatuko baita hasi eta buka, uztailaren 28an. Senpere eta Ezpeleta arteko erlojupekoa izango da. 31 kilometroko ibilbidea du, koska txikiz betea, eta Uztaritze eta Zuraide gurutzatuko ditu, besteak beste. Azken txanpan Pinudietako horma du (172 metro eta 900 metroko igoera batez besteko %10,2ko pendizarekin). Oso litekeena da podiuma egun horretan zehaztea. Behin etapa bukatuta, txirrindulariek hegazkina hartuko dute, Parisen bukatzeko.

Lapurdikoa, baina, itzuliko azken atala izango da. Aurreko etapak bi multzo handietan banatu daitezke: bihurriak eta mendia. Bihurriak lehen bederatzi etapak dira, bizirik irauteko proba bat faboritoentzat. Aurreneko bi etapak aproposak izango dira esprinterrentzat —gaurkoak 201 kilometro ditu Noirmoutier-en-l'Ile eta Fontenay-le-Comteren artean—, eta astelehenean hasiko da izen handien arteko lehia 35 kilometroko taldekako erlojupekoarekin. Bosgarrenak eta seigarrena aldapa motz pikoetan bukatuko dira, gorakako esprintetan, eta hurrengo bietan esprinterren taldeek hegan egingo dute. Egun horietan haizeleku ugari igaroko dituzte. Tranpa handiena, dena den, bederatzigarren etapa izango da, Arra eta Roubaix artean. Ibilbideak 21 harbide kilometro ditu, hamabost tarte ezberdinetan banatuta. Tentsioak sarraskia eragin dezake.

65 kilometroko etapa

Mendateak hamargarren etapan hasiko dira, eta hemeretzigarrenera arte igotzaileentzako zazpi etapa egongo dira. Tourrak berritasunak nahi zituen, eta aurkitu ditu. Esaterako, aurrenekoz igoko dira Plateau de Glieres (%11 eta sei kilometro, horietatik bi asfaltatu gabe), eta La Rosiere (17,6 kilometro eta %5,8). Esperimentu berritzaileena, dena den, uztailaren 25ean iritsiko da, 65 kilometroko etapa nagusiarekin. Hiru mendate igoko dituzte,tartean, azkenekoa, Portet beldurgarria (2.115 metro, hamazazpi kilometro eta %7,9). Tourmalet berria deitu dute, eta lehenbizikoz igoko da aurtengo bidetik. Hauek, baina, ez dira mendiko etapa guztiak, besteetan betiko Tourmalet, Alpe d'Huez, Madeleine, Portillon eta beste ezagun zahar batzuk ageri baitira.

[youtube]https://youtu.be/2umstk1diNY[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.