Txirrindularitza

Etxera itzuli, historia idazteko

Nork esango zien duela hamar urte Santestebani eta Oiarbideri berriro topo egingo zutela. Elkarrekin aterako dira errepidera, baina jada ez hasiberri gisa, baizik eta izar bilakatuta.

Altea 18ENE periodicos 17
Ane Santesteban eta Lourdes Oiarbide Alteako egonaldian. LABORAL KUTXA / MARKEL BAZANBIDE
pettan uralde
Altea
2024ko urtarrilaren 23a
05:00
Entzun

Laboral Kutxaren proiektu nekaezinak ez dauka gelditzerik, eta urtetik urterako hobetze horretan pauso handiak ematen ari da azkenaldian. World Tour mailako taldea izateko prest dago taldea jada, eta puntuengatik sartzea lortu ez badu ere, maila hori emateko gai dela berretsi nahi du aurten. Horretarako, bi izar fitxatu ditu euskal taldeak denboraldi berrirako: Ane Santesteban (Errenteria, Gipuzkoa, 1990), eta Lourdes Oiarbide (Egino, Araba, 1994). Punta-puntako taldeetan ondu ondoren, etxerako bidea hartu dute bi txirrindulariek, eta «ilusioz» daude «denboraldi polit bat» osatzeko.

Santestebanek txikitatik amesten zuen erretiroa Euskal Herrian hartzearekin, baina ez zekien horretarako aukera izango zuenik. «Hemengo taldeen egoera ez da oso egonkorra izan. Azkenean, Laboral Kutxari esker, egitura hau sortu da, eta aukera bikaina izan dut etxera itzultzeko». Oiarbidek oraindik ez zuen etxerako bidea hartzeko premiarik, baina onartu du proiektuak benetan erakarri zuela. «Atzerrian esperientzia hartu nahi nuen, baina talde honek World Tourrera iritsi nahi zuen, eta proiektu guztiz erreala iruditzen zitzaidan kanpotik. Anbizio eta seriotasun handiko taldea da, eta horrek bultzatu nau hona etortzera».

«Puntuengatik kanpoan geratu gara, baina uste dut hemendik bi urtera World Tourrean egongo garela», Lourdes Oiarbide.

Talde «sendoa» aurkitu dute, egitura eraginkor eta serioa duena. Santestebanek argi dauka talde profesional batera etorri dela. «Azken urteetan sekulako aurrerapausoa eman dute. Hasieran, talde txiki bat zen, baina orain hemen aurkitu duguna guztiz desberdina da. Medikua, dietista, entrenatzaileak... ez zaigu ezer falta. Gainera, ikusi dut jende guztia oso gertukoa dela, eta horrek asko laguntzen dit niri». Modu berean ikusten du Oiarbidek ere, World Tour mailako talde baten antzera. «Taldea prest zegoen World Tourrekoa izateko, eta nabaritzen da egitura osoan. Puntuengatik kanpoan geratu gara, baina uste dut hemendik bi urtera World Tourrean egongo garela. Aneren antzera, niretzat ere oso garrantzitsua da taldean sentitzen den gertutasun hori».

Gertutasuna aipatu dute bi txirrindulariek; izan ere, sei euskal txirrindularik jantziko dute maillot lila denboraldi honetan. «Laboral Kutxa taldea Euskadi Fundazioaren parte da, eta, besteak beste, Euskal Herrian txirrindularitza sustatzea du helburu fundazio horrek. Segur aski, hurrengo urteetan gehiago egongo dira», adierazi du Santestebanek. Oiarbiderentzat, pozgarria da euskal txirrindularien alde egiten ari diren apustua ere, eta gazteagoa zen garaiak ekarri ditu gogora. «Gu oso gazteak ginenean, ez genuen horrelako talderik erreferentzia moduan. Seguruenik, horrelako talde bat egon izan balitz, profesional izateko aukera argiagoa izango zen».

«Erronka polita dugu aurrean, eta puntuak lortuz joatea da nire nahia, hemendik bi urtera World Tourreko taldea izateko», Ane Santesteban.

Gainera, Laboral Kutxak maila handiko txirrindulariak fitxatu ditu. Esate baterako, Eri Yonamine japoniarra eta Laura Tomasi italiarra, biak ere World Tour mailatik datozenak. Oiarbidek berretsi du taldea «orekatuta» dagoela. «Taldearen batez besteko maila oso handia da. Nabari da taldea gaztea dela orokorrean, baina eskarmentu handiko txirrindulariak ere badaude». Santesteban beldur zen hasieran, hain zuzen, taldeak nolako maila izango ote zuen, baina, taldekidearen antzera, pozik dago ikusitakoarekin. «Azkenean, aldaketa handia izan da niretzat, eta zalantzak nituen horrekin. Baina ustekabe handia hartu nuen, ikusi baitut txirrindularien maila oso ona dela, eta inguruko guztia ere bai. Seguruenik gure moduko txirrindulariak taldean izateak ere lagunduko du maila hori handitzen».

Helburu argiak

Helburu argia dauka talde moreak etorkizunerako: Kontinental maila utzi, eta World Tourrera jauzi egitea. Txirrindulariek berretsi duten moduan, taldea prest zegoen horretarako, baina puntuazioak kanpoan utzi ditu. Albiste horrek, ordea, ez die zapuztuko denboraldia. «World Tourrean sartzeko aukera zegoela esan zidaten, baina abendura arte ez genuen jakin posible izango ote zen. UCIren erabakia penaz hartu dugu, baina baita motibazioarekin ere. Erronka polita dugu aurrean, eta puntuak lortuz joatea da nire nahia, hemendik bi urtera World Tourreko taldea izateko», adierazi du Errenteriako txirrindulariak. Oiarbidek gehitu du bazutela esperantza, baina hankak lurrean zituztela, era berean. «Taldeak gainerako baldintza guztiak betetzen zituen, baina, ezustekorik ezean, oso zaila zen aurretik zegoen talderen bat kanpoan geratzea. Nik, behintzat, beti izan dut buruan Kontinental mailan arituko ginela, baina ez diot aparteko garrantzirik ematen. Taldeak postu ona du rankingean, eta ziurra da World Tourreko lasterketetara joateko gonbidapenak izango ditugula».

Horiek hala, txirrindulariek ezinbestekoa izango dute UCI puntuak lortzea, baina badituzte beste hainbat helburu. Santestebanek dio «gauzak ondo egitea» dela garrantzitsuena, eta horren fruituak izango direla puntuak. Bere buruari helburu bat jarri dio: «Lasterketa bakoitzean ahal bezain ondo egin nahi dut». Txirrindulari arabarrak ere badauzka hainbat helburu buruan. «Azken urteetan World Tourrean lortu dudan esperientzia eman nahi diot taldeari, eta beti izan naizen hori izan nahi dut berriro, txirrindulari lehiakorra izan».

Adituak dira horretan bi txirrindulariak: Santesteban lider lanetan, eta Oiarbide laguntzaile jardunean. Santesteban bere ibilbideko boladarik onenean dago, azkenengo Frantziako Tourrean zortzigarren postua lortu ondoren. «Azkeneko lau urteetan lider rola izan dut, eta, alde horretatik, nire egitekoa ez da aldatuko. Baina etxeko taldea eta etxeko markak munduan barrena eramango ditugu, eta horrek ilusio handia pizten dit» Oiarbide, ordea, izar bati laguntzen aritu da: Annemiek van Vleuteni. «Lasterketa askotan elkarrekin arituko gara, eta Ane izango da gure liderra. Hari laguntzea izango da nire helburua. Lasterketa motaren arabera, egun batzuetan askatasuna izango dut irabazteko borrokan aritzeko. Hala nola Espainiako Erlojupeko Txapelketan eta itzulietako trantsizio etapetan».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.