Han urrunean garaikurra hurbil

Espainiako Superkopako final-aurrekoa jokatuko du gaur Osasunak, Bartzelonaren aurka. Bi taldeetan aritua da Unzue, eta haien arteko lehia «inoiz baino berdinduago» ikusten du. «Gozatzea» eta «presio aurreratua egitea» gomendatuko lieke gorritxoei.

(ID_13146271) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Osasunako Jon Moncayola, Bartzelonako Joao Felix atzean utzi nahirik. IÑAKI PORTO / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko urtarrilaren 11
05:00
Entzun

Osasunak urrezko beste atal bat idatz dezake Espainiako Superkopan. Kopako azpitxapelduna delako jokatu du torneo hori. Titulu bat irabazteko ametsa izan zuen Cartuja estadioan, iazko maiatzaren 6an. Azkeneraino borrokatu zen, Sevillara (Espainia) bidaiatu zuten 20.000 zale gorritxoen laguntzarekin. Estu hartu zuen Real Madril, baina sariak ihes egin zion. Bada, beste final bat jokatzeko aukera eskuratu nahi du gaur, Superkopako final-aurrekoan, Bartzelonaren aurka (20:00, Movistar). Ez da Cartujan bezain babestuta egongo, Saudi Arabian jokatuko baitu; zehazki, Riad hiriburuko Al-Awwal estadioan. Dena den, bakarrik ere ez da egongo: 500dik gora sarrera saldu ditu. Ezohiko eszenatokian balentria egin nahi dute nafarrek, hasteko, iazko txapeldunari irabazita.

Ligako irabazle gisa jardungo du Bartzelonak. Hura da errege Superkopan: iaz hamalaugarren aldiz gailendu zen. Dena den, zalantzati dabil azkenaldian. Partidak kostata ari da aurrera ateratzen, eta, joko aldetik, urrun dago klubaren kanonetatik. Horiek hala, kataluniarren eta nafarren arteko talka «inoiz baino berdinduago» ikusten du Juan Carlos Unzuek (Iruñea, 1967), Osasunako zein Bartzelonako atezain ohiak. «Bi taldeak nola iritsiko diren ikusita, nahiko partida orekatua espero dut. Gainera, kontuan izan behar da Osasuna oso ondo lehiatu dela Bartzelonaren aurka jokatu duen azken aldietan, eta kanporaketa neurketa bakarrekoa dela. Edozer gauza gerta daiteke».

Jokatu dituen azken lau partidetatik hiru irabazi ditu Osasunak. Ligan, sailkapenaren eremu epelean dago; eta Kopan, final-zortzirenak jokatuko ditu. Hala ere, zalantzak uxatu ezinik dabil, Bartzelona nola. «Osasunaren zalantzak iragan sasoian lortutakoaren ondorio dira. Sailkapenaren erdialdean egoten da normalean, eta bertan ageri da orain ere. Balioa eman behar zaio. Hobeto joka dezake, aurrez gai izan delako, baina oso zaila da beti mailarik onenean aritzea».

«Osasunak desabantaila du, oso zaila baita Nafarroatik jende askok bidaiatzea. Bartzelonak, ordea, mundu osoan ditu zaleak»Juan Carlos UnzueOsasunako eta Bartzelonako atezain izandakoa

Ilusioa berpizteko aukera ona izan daiteke Superkopa. Dena den, Unzuek ez du uste zale gorritxoek ilusioa galdu dutenik. «Sarri joaten naiz Iruñera, eta zaleek Osasuna irrikaz babesten jarraitzen dutela ikusi dut. Talde honek gauza eder gehiago lor ditzakeela uste dute». Diruaren hotsak txapelketa Saudi Arabiara eraman izan ez balu, harmailak gorriz koloreztatuko ziratekeen gaur. «Lastima» dela onartu du atezain ohiak. «Osasunak desabantaila du alde horretatik, oso zaila baita Nafarroatik jende askok bidaiatzea. Bartzelonak, ordea, mundu osoan ditu zaleak».   

Blaugranentzat, bigarren mailako txapelketa da Superkopa; titulu handien osagarri bat baino ez. Gorritxoentzat, ordea, oso aukera berezia da, aurrenekoz jokatuko baitute. Bi partida on eginda, lehen garaikurra lor lezakete goreneko mailan. «Bartzelonari irabazi, eta beste final bat jokatu: erronka zirraragarria da. Orain, momentuaz gozatzea da Osasunak egin behar duen lehen gauza. Nekez errepikatuko den zerbait ari da bizitzen, eta esperientzia dastatzeko esango nieke jokalariei. Zenbat eta presio gutxiago izan, orduan eta hobeto jokatuko dute».

Mugarri baten beharrean

Burrunba handia dago Bartzelonaren inguruan. Taldea kritika ugari ari da jasotzen, eta Xavi Hernandezen etorkizuna kolokan dagoela diote hainbatek. Unzuek, ordea, ez dio zalaparta mediatikoari jaramonik egiten. «Urte asko egin dut han, eta badakit zer gertatzen den gauzak nahi bezala ateratzen ez direnean. Irabazte hutsak ez du balio; garaipenak modu ikusgarrian lortu behar dira. Eta hori ez da batere erraza. Nik taldea ez dut horren gaizki ikusten. Eraikitze fasean dago, Xavik esan izan duen bezala. Klubak oraintxe izan dezakeen teknikaririk onena da». Mugarri baten beharra dute kataluniarrek. Iaz, Superkopak piztu zituen. «Taldearen dinamika eta konfiantza aldatu zituen iazko garaipenak. Orain gauza bera gertatzeko esperantza izango dute, ziur nago».

Bartzelonak arazoak ditu baloia ohiko trebeziaz mugitzeko, eta hori baliatzen saiatu behar du Osasunak. Nola? Bada, Unzueren ustez, «presio handi eta oldarkorra» baliatuta. «Estu har dezake goian kosk egiten badio. Baloia Bartzelonak izango du, baina zelaiaren zein zatitan duen, hor egongo da koska. Lerroak aurreratzeak arriskuak ekarriko dizkio Osasunari, baina uste dut ausarta izan behar duela». Nafarroako taldea prest dago partida luzea jokatzeko. «Neurketa luzapenera eramatea sinatuko luke, ziur». Bihotza erdibitua izango du Unzuek. «Zoragarria litzateke Osasunak titulua altxatzea. Baina pozarren egongo naiz Bartzelonak irabazten badu ere».

Arrasate: «Inork ez digu kenduko irabazteko ilusioa»

Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaileak «historikotzat» jo du Osasunak Espainiako Superkopa jokatzea. «Lehiaketa laburra da, bi partida dira, eta aurkari izugarriak ariko dira. Baina inork ez digu kenduko irabazteko ilusioa». Arrasatek azpimarratu duenez, «eskarmentu falta desabantaila» izan daiteke, baina batzuetan hori «ilusioarekin» ordezka daiteke. «Irabazi ahal izateko egin beharreko lehen urratsa da irabaz dezakezula pentsatzea, eta guk hori pentsatzen dugu». 

 

David Garcia Osasunako kapitaina, berriz, sinetsita dago «irabazi egin nahi duen taldea» ikusiko dela. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.