Hamiltonen araberakoa

Azken bi urteetako txapeldunaren motibazioaren menpe egongo dira Sebastian Vettelen eta Nico Rosbergen aukerak titulua eskuratzeko.

Laurentzi Garmendia
2016ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Mercedes bezala, azken bi urteetan dominatzailerik izan bada, haien gidari izarra izan da: Lewis Hamilton. Izar bizitzan murgildu da buru-belarri, ordea, 1 Formula bigarren maila batera jaitsi izan balu bezala. Joera hori iaz hasi zen, eta, urteak aurrera egin ahala, indarra hartuz joan da. Ez da harritzekoa, hortaz, haren errendimendua jaitsi izana. Hirugarren titulua AEBetan lortu ondoren, Hamiltonen mailak behera egin zuen. Nico Rosberg bere taldekidea, urte osoan bezala, han egon zen horri etekina atera eta izugarri hobetu zuela pentsarazteko.

Lehen lasterketa nahikoa izango da Hamilton garai bateko gidari trebea edo igandetako autoa paseoan ateratzen duen super izarra den ikusteko. Lehena baldin bada, bera izango da faboritoa laugarren aldiz txapeldun izateko. Bigarrena baldin bada, ordea, Rosbergek nahierara irabaziko du. Iazko azken sei pole-ak eta azken hiru garaipenak berak poltsikoratu zituen. Hamiltonek autoaren garapenei egotzi zien arrazoia, Singapurren sartutako berrikuntzek autoarekin zuen konfiantza gutxitu ziotelakoan. Argazkia bere osotasunean ikusita, Hamiltonen beherakadak eragin zuen Rosbergen igoera.

Hamiltonek ahala du txapeldun izateko, baina motibazioa behar du. Bestelako interes batzuk bere arreta bereganatu dute, ordea, eta bere ibilbidearentzat kaltegarri izan badaiteke ere, txapelketa irekitzeko balio dezake. Hamilton indartsu zenean, Sebastian Vettelek jomugan zuen Rosberg, eta ez hori bakarrik. Hiru lasterketaren faltan, Vettel aurretik zen txapelketan. Ferrarik eman duen aurrerapausoa beste bultzada bat izango du Vettelek ahalegin horretan.

Talde eta gidarien arteko lehia estutu dela badirudi ere, Nazioarteko Automobilismo Federazioak (FIA) aldaketak egin ditu sailkatze saioan, ikuskizuna hobetu behar dela iritzita. Minutu eta erdiro denbora txarrena duen gidaria kanporatu egingo dute. Gainera, irrati bidez taldeak gidariari esan diezaiokeenari mugak jarri dizkiote, kanpoko laguntza murriztearren. Aldaketa estetikoak dira, batez ere, ez baitute egoera ia aldatuko.

Bihar goizaldean Melbournen (Australia) jokatuko den lasterketaren ondoren, oso bestelako panorama ikusiko da, agian, baina horren esperoan bi talderen arteko lehia orekatua dirudi. Ferrarik Vettelen aldeko hautua egin du. Mercedesen ikuskizun dago Hamiltonek zein bertsio erakutsiko duen. Iazko hasierakoa baldin bada, lehia haren atzekoen artean izango da. Iazko amaierakoa baldin bada, Rosbergek inoiz izango duen aukera onena aprobetxatu beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.