Asteburuan hasiko da 1 Formulako Munduko Txapelketa. Duela urtebetetik jakina izan arren, duela hilabete jantzi zuen lehen aldiz Lewis Hamiltonek Ferrariren jantzi gorria. Ia berehala lehen itzuliak eman ahal izan zituen SF-23 autoan. Lehen aldia zen Ferrariren auto batek 44 zenbakiaren binilo itsasgarriak zeramatzana. Nor da handiagoa? Ferrari ala Lewis Hamilton? Nork behar du nor gehiago? Nola dago bakoitza ezkontzea erabaki duten honetan?
Beharrak baino gehiago, desioak elkartu ditu bion bideak. Bi urterako soilik adostu zuten kontratua. Trukean, urtero ehun milioi eurotik gora jaso ditzake Hamiltonek. Horietatik hogei bere fundaziorako erabiliko ditu. Erabakia 2023ko abenduan hartu zuen, Coloradoko bere etxean zegoelarik, Ferrariko Fred Vasseurren deia jaso zuenean. «Telefono deia eskegi eta dardarka geratu nintzela gogoratzen dut. Arraioa, Mercedesekin kontratua sinatu berria nintzen! Askotxo zen une hartan barneratzeko, eta emozioak gainezka nituen. Kalera atera behar izan nuen, pixka bat ibiltzera». Ferrarik Carlos Sainz eta Charles Leclerc zituen gidari orduan. Biak ala biak lasterketa garaile, baina munduko txapeldunaren titulurik gabeak.
Hamiltonek 40 urte ditu. Ia hirurogei urte egin behar dira atzera adin horrekin titulua lortu duen norbait topatzeko: Jack Brabhamek 1966an lortu zuen bere azken titulua, 40 urterekin. Hamiltonek zazpi titulu dauzka, baina azkenekoa 2020an lortu zuen, COVIDak dena goitik behera aldatu zuen urtean. Bost urte asko dira goi mailako kirolari baten historiarako, batez ere urte horretatik aurrera haren emaitzek behera egin dutelako pixkanaka. Iaz lasterketak irabazi zituen berriro, baina 945 eguneko lehortea izan zuen aurrena, azken garaipena 2021eko Saudi Arabiako lasterketan lortua baitzuen. Onenak emanda dago, horretan ez dago zalantzarik.
Hori onartuta ere, haren egungo maila nahikoa al da txapelketa bat irabazteko? Lehen lasterketek erakutsiko dute hori, hor ikusi baita nola aritzen den egungo taldekidearekin. Leclerc-ek zazpigarren denboraldia hasiko du Ferrarin, eta horrek, hasieran behintzat, abantaila bat ematen dio. Baliteke Monakoko gidariak neurria hartua izatea bere taldekide berriari. Galdera hori ez da Australian argituko, baina bien arteko lehia bizia izango da, batak zein besteak badutelako zer erakutsi. Hamiltonek frogatu nahiko du bere aldeko apustua balekoa dela; Leclercek, berriz, berea zen lider postua bereganatu nahiko du.
Bien garrantzia
Ez dirudi Ferrarirena izango denik urteko autorik azkarrena. Paddock-ean zabaldua dagoenaren arabera, ohore hori McLarenek izango du, iaz amaitu zuen posizio indartsuan jarraituko baitu. Baina Ferrarik gauza asko aztertu ondoren hartu zuen Hamiltoni eskaintza egiteko erabakia. Lehendik ere egin izan ditu halako fitxaketak: Michael Schumacher, Fernando Alonso, Sebastian Vettel... guztiak ere munduko txapeldun izandakoak. Alemaniarrak kenduta, besteek ez zuten titulurik lortu cavallino-aren etxean. Ayrton Sennak ere auto gorriak gidatzeko gogoa agertu zuen behin baino gehiagotan, nahiz eta 90eko hamarkadan beherakada hasi zuten, Jean Todtek bidea zuzendu arte. Ferrari berdindu ezinezkoa baita 1 Formulan eta handik kanpo ere. Hamilton ez dute fitxatu soilik lasterketak irabazteko. Dagoeneko etekina ateratzen hasi dira, prestigio eta merkatu balioa handituta. Hamilton izar global bat da, ez soilik 1 Formulan. Horrek babesle berriak erakarri dizkie dagoeneko, baita sare sozialetan haztea ere. Horrez gain, Hamiltonek pisu handia du FIAn eta 1 Formulan, eta horren onuradun izango da haren talde berria.
Kimi Raikkonen izan zen 2007an gidarien munduko txapeldun azken aldiz italiarrentzat. Laster hogei urte beteko dira, Hamiltonek edo Leclercek ez badute lehenago halakorik lortzen. Halako egoera bati buelta emateko, ez da nahikoa pertsona bakarra aldatzea, Carlos Sainz utzi eta Lewis Hamilton hartzea, alegia. Orokorrean, egonkortasunak ematen die taldeei aurrera egiteko oinarria. Red Bullek hala egiten du, baita McLarenek ere. Arrakasta iritsiko bazaie, ez zaie berehala iritsiko. Hasiera bat izan daiteke, ordea. Edozer gertatzen dela ere, Hamiltonek erretiroa hartuko du urte gutxi barru. Ferrarik, ordea, jarraitu egingo du, betierekoa baita.