Osasuna auzia-n nahastutakoen kopurua gora egiten ari da etengabe. Hamazazpi dira jada inputatuak. Zerrenda luze horri beste bost kide gehitu zitzaizkien atzo. Lau, jokalariak dira: Jorge Molina eta Jordi Figueras Betisekoak, Antonio Amaya Rayo Vallecanokoa eta Sergio Garcia Espanyolekoa. Bosgarrena, berriz, jokalari ohia da: Patxi Puñal Osasunako kapitain ohia. Guztiak pasatu ziren atzo Fermin Otamendi Iruñeko bigarren epaitegiko epailearen aurretik —Damia Abella Osasunako jokalari ohia ere deklaratzera zegoen deituta, baina ez zen aurkeztu, Ingalaterran ari baita jokatzen—. Guztiak inputatu gisa zeuden deituta deklaratzera, eta guztiak atera ziren inputatu gisa ere epaitegitik deklaratu ondoren —Sergio Garciak uko egin zion deklaratzeari, eta oharra bidali zuen esateko ez duela iruzurrik egin—. Partiden salerosketan nahastuta egotea egotzi die epaileak.
Puñalek bakarrik hitz egin zuen. «Gaizki nago, eta min handia egiten dit gertatzen ari denak», aitortu zuen epaitegira sartu aurretik. Ez zuen gehiago hitz egin nahi izan, auzia sekretupean dagoela argudiatuta. Hala ere, jakinarazi zuen azalpen guztiak pentsa ohar batean emango zituela. Esan eta egin. Eguerdian bertan kaleratu zuen oharra. Handioenez, bere kirol ibilbidean inoiz ez due partida baten salerosketan parte hartu, eta ez du taldekideren batek hori egin izandakoberririk ere. «Zintzotasunez eta profesionaltasunez jokatu izan dut beti. Klub honi eta zaleei ahal nuen guztia eman diet beti, ahaleginik xuhurtu gabe».
Espanyolek eta Osasunak aurreko denboraldian elkarren aurka jokatu zuten partidaz, berriz, Puñalek dio ez dakiela zein arrazoi dituen Angel Bizkai Osasunako kudeatzaile izandakoak berataz «gezur korda» hori esateko. «Orain dela hogei urtetik ezagutzen nau, eta denbora horretan beti erakutsi diet bai hari, bai zuzendaritza guztiei nire zintzotasuna eta zuzentasuna gauzak egiteko moduan». Kapitain ohiak, halaber, erabat ukatu du neurketa jokatu bezperan Sergio Garcia Espanyoleko kapitainarekin hotel batean bildu zela. «Inoiz ez dut izan bilerarik Espanyoleko jokalariren batekin, ez hoteletan, ez beste tokiren batean. Erabat faltsua da Sergio Garciarekin bildu nintzenik, inoiz ez dut harekin hitz egin, lehia hasi aurretik egiten den zozketa batean izan ezik».
Gaizki pasatzen ari da Puñal. «Ezin dut hitzekin azaldu zenbat ari naizen sufritzen klubagatik eta gertakari hauek Osasunako zaleengan izaten ari diren eraginagatik. Bizkaik esandakoek min konponezin bat eragiten ari zaizkit, bai niri, bai nire familiari, bai nire taldekide izandakoei. Ez dute merezi inork haien zintzotasuna eta profesionaltasuna zalantzan jartzea. Nire bihotza beti izan da eta izango da Osasunako familia guztiarekin, eta nire eskuetan dagoen guztia egingo dudala hau guztia aurrera ateratzeko».
Puñal eta beste lau jokalariak dira epaileak inputatutako azkenekoak. Aurretik beste hamabi zeuden: Patxi Izko eta Miguel Artxanko Osasunako lehendakari ohiak, Bizkai, Juan Pascual presidenteorde ohia, Jose Gomez zuzendari nagusi ohia, Sancho Bandres diruzain ohia, Txuma Peralta eta Jose Manuel Purroy zuzendaritzako kide ohiak, Tomas Lopez zuzendari komertziala, Diego Makirriain fundazioko zuzendaria, eta Cristina Valencia eta Alberto Nolla higiezin ordezkariak. Horietatik guztietatik, Peralta bakarrik dago espetxean. Auziak, ordea, soka luzea du, eta oso litekeena da hurrengo egunetan inputatuen kopuruak gora egitea oraindik ere.
Hamazazpi dira jada inputatuak
Patxi Puñal, Sergio Garcia, Jorge Molina, Antonio Amaya eta Jordi Figueras epailearen aurretik pasatu dira, eta hark inputatu egin ditu.Kapitain ohiak ukatu egin du dena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu