Azal beltzaranekoa da Rafa Nadal. Lur harrotuan mimetizatu egiten da, eta jokatzean ere bat egiten du zoru kutunarekin. «Lur harrotuan egon den inoizko jokalaririk onena da», Bjorn Borgek esan badu, bada zerbait. Izan ere, Nadalek askogatik hobetu ditu suediarrak jarritako markak —sei aldiz izan zen txapeldun—. Herenegun, hamargarren aldiz irabazi zuen Roland Garros torneoa, eta tenislari batek Grand Slam torneo berean pilaturiko titulu bildumarik handiena lortu du. Herenegun arte Martina Navratilovarekin berdinduta zegoen, hark Wimbledonen lorturiko bederatzi garaikurrekin.
Nadal itzuli egin da, joan egin zelako. 2015ean, antsietateagatik, eta 2016an, lesio ugarien erruz, ez zuen Grand Slam finalik jokatu; aurten, berriz, bi daramatza. Ibilbideko hamabosgarren torneo handia irabazi du, eta Pete Sampras pasatu. Aurretik ditu Roger Federer, Martina Navratilova eta Chris Evert hemezortzirekin, Steffi Graf hogeita birekin, eta Serena Williams hogeita hirurekin.
Philippe Chatrier pista lepo bete zuten zaleek zutik txaloka egin zioten gorazarre herenegun. Ez zen gutxiagorako: 31 urterekin bere ibilbideko Roland Garrosik onena jokatu baitu. Hirugarren aldiz set bakar bat galdu gabe altxa du Musketarien Kopa —6-2, 6-3 eta 6-1 irabazi zion finalean Stan Wawrinkari—, pistan hamabi ordu eta sei minutu bakarrik igarota eta 35 joko bakarrik galdu ditu. Borgek 1978an jarritako markatik hirura gelditu da.
Azken bi urteetako sufrikarioaren ondoren, Nadalen jokoak bilakaera izan du. Eskumutur eta belaunak sendatu ditu, hori da gako nagusia, baina ez bakarra. Egun inoiz baino hobeto sakatzen du. Nadalen lehen sakearen eraginkortasuna %61,4tik %66,3ra igaro da urte bakarrean, zirkuituko gorakadarik handiena, eta lehen sake hori sartzen duen aldien %80an bere alde izan da tantoa. Gazteagotan, erresistentzia zen bere arma; orain, berriz, inoiz baino zehatzagoa da eskuin kolpearekin.
Indarberrituta dago Nadal, hazita kasik, eta ez dio Wimbledoni uko egiten —uztailaren 3an hasiko da torneoa—. Belar gainean, baina, bere ahal fisikoa ez da hain harrigarria, eta aurkari zerrenda luzeagoa da han. Londresen, bide batez, ATP zirkuituko lehen postura itzuli ahal izango luke. Egun bigarren dago, eta 2014ko urriaz geroztik ez da buruan egon. Bere itzuleraren ginga litzateke, hiru urte geroago eta mila komeriaren ondoren, berriz ere beste tenislari guztiak gainetik ikustea.
Rafa Nadal
Hamarrekoa
Hamargarrenez irabazi du Roland Garros, tenislari batek Grand Slam batean inoiz pilaturiko sari bildumarik handiena. Bi urteko kalbarioaren ondoren, loria erdietsi du berriz, eta zirkuituko lehen postura itzul daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu