Euria ari du, eta lur hezeari usain goxoa dario. Goiz lasaia da Villar de Torren, ia guztiak bezala 230 biztanleko herrian (Errioxa, Espainia). «Hemen patata uztarekin iristen da iskanbila», azaldu du Miguel Merinok (Villar de Torre, 1986) bere etxeko egongelatik. «Gu ere makina patata bildutakoak gara, ez pentsa! Aita nekazaria da, eta askotan joan izan gara laguntzera. Partida jokatu eta lanera. Eguzkitik eguzkira, bizkarra txikitzen…», jarraitu du David anaia gazteak (Villar de Torre, 1990). Atean, Valvanera Soto Merinotarren ama entzuten ari da. «Ez da hainbesterako izango! Gogoan dut behin Davidek eskolako irakasleari nola esan ziona patatak biltzen egon ondoren leher eginda zegoela eta ezin zuela etxeko lanik egin. Eta hark sinetsi! [barrez]». Emakume ezin atseginagoa da, maitagarria. «Zure anaia hain zen formala, eta zu, berriz… esaten zidan irakasleak», gogoratu du Davidek. «Miguel lasaiagoa izan da beti, ikasle hobea, Davidek ikasketak hor ditu zintzilik…», gehitu du, amak semeak kazetariarekin bakarka utzi aurretik, kontu zahar gehiago aireratu nahiko ez balitu bezala. Miguelek kirol magisteritza bukatuta du. Davidek, berriz, Soin Hezkuntzako lehen urteko gaiak ditu oraindik, baina noizbait serio jarriko dela hitz eman du.
Konplizitatea da bi anaien arteko harreman hobekien laburbiltzen duen hitza. Harreman bikaina dute, eta elkar ondo ezagutzen dutela agerikoa da. Bien artean lau urteko aldea egon arren, pilotak bizitza paraleloak egiten lagundu dien zilborrestea da. Davidek solemnitatea kendu dio umorez: «Ez pentsa, neskei buruz pilotaz baino gehiago hitz egiten dugu». Anai zaharrak baino lotsa gutxiago erakusten du hitz egitean. «Miguelen neska-lagunak aldageletako mintzagaietako bat da, trebea da halakoetan. Euskal Herrian pilotariak ezagunagoak dira eta han, agian, errazagoa izango da ligatzea». Miguelek modu dotorean ukatu du. «Ospea jartzea gutxi ez, eta gainera txarra; hamaika ikusteko gaude».
Geneetatik, eta herriko pilotaleku zaharretik hogei metrotara bizitzetik iritsi zitzaien pilotaren arra. Logikoki, Miguel izan zen lehena: «Etxeko atean hasi nintzen, neska batekin jokatzen. Gero plazara, primi-an (barruka), eta zuriz Ezkairain, gure aldeko pankarta ezaguna egin duenarekin. Aitonak jokatzen zuen, eta aitak ere bai, baina gutxi, hark gazte utzi zuen lanean gogor egiteko. Gogoratzen naiz elkarrekin jokatu genuen azken aldian ia irabazi egin niola, eta gehiago ez jokatzea erabaki zuen. 'Ez didazu sekula santan irabaziko!', esan zidan, eta hala gelditu da. Hori bai, gurasoen laguntzarengatik ez balitz, ezinezkoa litzateke egin dugun bidea osatzea, zena zor diegu».
Aita anaia txikiarengatik aldatu zuen. Atal hori Davidek kontatu du. «Pilotaleku zaharrera joaten ginenean beti ernegatuta itzultzen nintzen. Amak zioen, 'badator negarrez berriz'. Hamar tantoren aldea eman eta beti irabazi egiten zidan, a ze amorrua.». Biek, baina, beste aldagai bat gehitu dute arrakasta azaltzeko: herria. «Sekulako afizioa dago hemen, tabernan bizpahiru lagun elkartzen badira ez da asko falta izaten baten batek pilota atera dezan jokatzen hasteko. Eta gero xaxatzen zaituzte, eta zuk amua irentsi», aitortu du Davidek. «Herriko lagunak Aste Santuan etxaldeetara joaten dira oporretan. Azkenekoan Burgos aldera, eta kilometro mordoa egin zituzten pilotaleku baten bila», gogoratu du Miguelek. «Jaietakoak dira ikustekoak, horiek bai primi-ak», gehitu du Davidek, «goizeko bostetan jende andana ikusi dut nik jokatzen… eta ni… nik horietan epaile edo artekari lanak egin izan ditut bakarrik [barrez]». Vilarrekoak dira ere bai Fermin del Pozo munduko txapeldun izandakoa eta Matutetarrak.
Ezkarain Errioxako pilotari belaunaldi pribilegiatura batu ziren. Han ziren Cecilio, Gorka eta Victor Esteban… eta irakasle: Pirri pilotari ohia, estebantarren aita eta Capellan. Orain Titin eta Joaquin Plazarekin entrenatzen dute, eta pilotaleku saioetan Del Rey, Rai, Cabrerizo, Alvaro Gomez gehitzen zaizkie. «Maila handia dago, entrenamendu onak dira», zehaztu du Davidek, «eta gainera familia txiki bat gara». Horretarako, baina, Logroñora bizitzera joan dira, elkarrekin. «Hori bai, asteburuan Villarrera ziztu bizian», argitu du gazteak, «eta astelehenean buelta, Tupper bete-beteekin». Sukaldatzeko gai ez al zarete ala? «Entsalada eta zartagin kontuak bai, baina lapikokoak… amak hobeto egiten ditu». Azalpen traketsa eman du zaharrenak.
Gaztearen «dohaina»
David lau urte gazteagoa da, baina Miguelek baino partida hobeak jokatzen ditu. Gaztea estelarista da. Zaharra, aldiz, lehen partidetan da ohikoa. Naturaltasunez mintzo da. «Ondo daramat, nire anaia da, eta onena nahi dut berarentzat. Maila bat dago nire gainetik, eta zu baino askoz hobea dela ikusten duzu. Bere jokoa aztertzea da onena, zuk ez duzulako izango berak duena. Berezko dohain bat du, bi esku, bereziki ezkerra, eta hala ikusi behar da. Egia esan, harrituta nauka, kadeteetan zuen maila ikusita pentsaezina zen halako jauzia emango zuenik». Davidek eten du. «Ez dago halako alderik. Miguelek estelarretan tokia baduela erakutsi du, sanmateoetan ikusi zen». Adibide ona jarri du gazteak, profesionaletan behin jokatu dute, eta Miguelek irabazi zuen. «Etxean sartzen ez niola utziko esan nion, baina tira, negua zen eta errukitu egin nintzen».
Bilakaera horretan «bigarren familia» garrantzitsua da. Joaquin Plaza aginduetara eta Titinen alboan, ia pilotari profesional errioxar guztiak aritzen dira, eta harreman estua dute. Twitterren batera sartu dira denak «Titin falta da», zehaztu du Davidek. «Bai multzokoek sakelako telefonoak batera hartu genituen, enpresa bat bezala, smartphoneak denak, eta Twitterra egitea erabaki genuen. Futbolariek-eta baldin badute, guk zergatik ez?» @davidmerino21-k asko egiten du txioeta 747 jarraitzaile ditu. @Miguel_vdt-ek, berriz, ez du txiorik. «Nik kuxkuxean aritzeko baino ez dut», eta hala eta guztiz 196 jarraitzaile ditu.
Anaia jokatzen ikusten sufritu egiten dutela diote biek. Binakako finalerdietan, Olaizola II.a-Beroizi 22-20 ziotenean, Miguel Ogetan zen. Aurreko aulkiari ostikoa eman eta «sufrituzak!», egiten zion oihu. Finalean anaiak presioa ondo eramango duela uste du, eta, agian, berak okerrago pasatuko duela. Zalantza du, ez baitaki non ikusi finala. Bi aukera ditu: enpresako beste pilotariekin edo koadrilakoekin, zaratatsuen harmailan. «Pankarta are handiago egingo dutela esan dute, patatatzar galanta egin omen dute», aurreratu du Davidek. Miguel balitz, garbi izango luke. «Sanmateoetako finala jokatu zuenean ni goiko harmailara joan nintzen, koadrilakoarekin. Aurkariak erremontatzen hasi zirenean joan egin behar izan nintzen, hura zen sufrikarioa».
Sanmateoetako txapeldunordeen trofeoa egongelako armairuan dago. Errelikario guztiak armairu berean daude: trofeoak, elastikoak… «Capellanen hura Barriolari lau t'erdian irabazi zionekoa da, dantza egin zuenekoa», gogoratu da Miguelek. David zuhurra da eta oraindik ez du pentsatu nahi non jarriko duen binakakoa: «Urrunegi dago». Miguel altxa egin da eta trofeo bat aukeratu du, pilotakoa izango zelakoan, baina ez. «Herrian aitzur jaurtiketa lehenbizikoz egin zutenekoa, ni bigarren izan nintzen. Orain txorizoz saltxitxoi eta antzekoak ematen dituzte, eta guri hau». «Niri arriskutsuenaren txupetea eman zidaten», gehitu du Davidek, «baina merezi gabe! ezker batek ia tipo bat buruan jo zuen». Anekdota ugarietako bat da. Jende ona dira.
Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala
Hamar tantoren abantaila
Miguelek eta Davidek eskutik egin dute pilotari bidea. Gazteak zaharrari segika, herriko pilotaleku zaharrean hasi, eta profesional mailaraino. Merinotarrak dira, anaiak baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu